Juan Negrín
Juan Negrín López (Las Palmas Kanaria Handikoa, 1892ko otsailaren 3a - Paris, Frantzia, 1956ko azaroaren 12a), espainiar fisiologo eta politikaria izan zen. 1937-1945 bitartean Espainiako Bigarren Errepublikako Presidentea izan zen (1939tik erbestean).
Biografia
aldatuMedikuntza ikasi zuen Leipzigen (Alemania), eta 20 urterekin doktoregoa lortu zuen. 1916an Espainiara itzuli zen, eta unibertsitate irakasle bilakatu zen. 1922an Madrilgo unibertsitateko fisiologia katedra eskuratu zuen. Horrez gain, mundu osoan ospe handia izan zuen eskola bat sortu zuen hiri horretan. Miguel Primo de Riveraren diktaduran PSOEko kide egin zen. 1931tik aurrera diputatua izan zen.
1936an, Espainiako Gerra Zibila hasi eta gero, Fronte Popularraren gobernuak Finantza Ministro izendatu zuen, eta 1937ko maiatzaren 17an, Azañak gobernuburu hautatu zuen, Francisco Largo Caballeroren ordez. Erresuma Batuak eta Frantziak gerran esku hartuko ez zutela agindu zutenez, Negrínek Sobietar Batasunari erosi behar izan zizkion armak eta, ordainetan, Moskura bidali zuen Espainiako Bankuak gordea zuen urrearen erdia. Bestalde, alderdi komunistaren eragina mugatu nahi izan zuen.
Errepublikak gerra galtzear zeukala ikusirik, bake eskaintza bat egin zion Francori; hark, ordea, ez zion onartu. Gerra irabazteko azken ahalegina egin zuen orduan eta alderdi komunistaren laguntzaz Ebroko erasoa prestatu zuen. Francoren gudarosteak Katalunia mendean hartu zuenean Frantziara joan zen, baina handik gutxira itzuli zen. Casado koronelaren matxinadak kargutik kendu zuen.
Frantzian erbesteratu zen eta errepublikak atzerrian zuen gobernuko lehendakaria izaten jarraitu zuen 1945 arte. 1946an PSOEk alderditik bota zuen, sobietar eta komunisten mendekoa zela egotzirik (2008an alderdiak berriz hartu zuen kide gisa)[1]. Parisen hil zen, 1956an.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ (Gaztelaniaz) Aizpeolea, Luis R.. «El PSOE rehabilita a Juan Negrín» El País.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Juan Negrín |