Jesus Monzón
Jesus Monzón Erreparatz —Jesús Monzón Reparaz moduan ezagunagoa— (Iruñea, 1910eko urtarrilaren 22a - Iruñea, 1973ko urriaren 24a) nafar buruzagi komunista izan zen. Nafarroan Alderdi Komunistaren sortzailea, lehen Eusko Jaurlaritzako Herri Epaimahaiko fiskala, Albacete eta Alacanteko gobernadore zibil errepublikarra eta PCEko buruzagia izan zen.
Biografia
aldatuMonzón Iruñean jaio zen, ama baztandar jatorriko familia aristokratakoa eta aita Martzillako medikua zuela. Bi anaia-arrebetatik (Carmelo eta Mariacho) txikiena zen. Tuteran jesuitekin ikasi ostean, Bartzelonan eta Madrilen Zuzenbidea ikasten aritu zen. Ikasketak amaituta, Iruñera itzuli zen, eta Euzkadiko Partidu Komunistako kide egin zen, 1932an komunisten Nafarroako antolakundearen sorreran parte hartuz (Martorell, 2000: 26). Nafarroako komunistak gutxi baziren ere (herrialdean tradizionalismoa oso indartsua baitzen), gutxinaka taldeak sortu zituzten herrialdeko herri hainbatetan, eta ekintza asko antolatu zituzten. 1935ean, horrela, Monzónek eraikuntza arloko greba antolatu zuen, sindikatu karlistekin batera. 1936ko otsailaren 16ko hauteskundeetan Nafarroako Fronte Popularreko hautagaia izan zen, baina Espainiar estatu mailan Fronte Popularrak irabazi zuen bitartean, Nafarroan Eskuineko Bloketak eskuratu zuen garaipena. Ezkertiarrek botoen !,1 atxiki zuten Nafarroan (Arozamena, d.g.).
1936ko uztailaren 18an, gerra zibilari hasiera emango zion altxamendu militarrak arrakasta lortu zuen Iruñean. Monzón, egoera ikusita, Francisco Lizartza lagun karlistaren etxean aterpetu zen Juan Arrastia kidearekin batera. Iruñeko agintari berrien gainetik, Gipuzkoan atxilo zituzten Eugi abizeneko bi enpresario nafarrengatik trukatzea lortu zuten, dirua ere eskuratuz. Abenduan ihes egin eta, Arrastiarekin batera eta Lizartzaren laguntzaz, Pirinioak zeharkatu zituzten fraide kaputxinoz mozorroturik. Lizartza Iruñera itzuli zenean bertako aginte berriak -Gerrako Junta Karlistak- epaitu eta heriotz zigorra ezarri zioten. Andian fusilatu zuten (Martorell, 2000: 51). Bitartean, Monzón eta Arrastiak Ipar Euskal Herrira igaro eta, segituan, Gipuzkoa errepublikarrera sartu ziren.
Gipuzkoan, lehenik, eta Bizkaian, ondoren, jarduera politikoari ekin zion nafarrak. Urriaren 26an Jose Antonio Agirrek Eusko Jaurlaritza sortu berriko Herri Epaitegien fiskal dekano izendatu zuen. Lan horretan hogei heriotz zigor ezarri zituen, tartean Herr Wilhem Wakonigg Austria-Hungariako enbaxadorearena, espioitzaz akusaturik. Alderdi Komunistan ere lanean jarraitu zuen. Garai hartan, bere emazte Aurora Gómez Urrutiarekin (1936an ezkondu ziren Iruñean) Sergio izeneko semea izan zuten. Gerra amaitu aurretik, hala ere, haurra Sobiet Batasunera bidali zuten, non bizia galdu zuen gaixotasun baten ondorioz.
Bizkaia altxatutako tropen kontrolpean erori ostean, eta Iparraldeko frontea galduta, Valentziara egin zuten ihes. 1937ko uztailaren 31n Alacanteko gobernadore zibil izendatu zuten; eta 1938ko maiatzean Cuencako. 1939ko martxoan Juan Negrínek PCEko hainbat kide Gobernuan sartu zituen, tartean Monzón: Defentsa Ministerioko idazkari orokor izendatu zuten (Martorell, 2000: 66). Komunisten eragin horrek erresistentziak sortu zituen errepublikaren artean, eta Casado jeneralak estatu-kolpea eman zuen Madrilen. Egoera horretan, 1939ko martxoaren 5ean Monzón, PCEko buruzagiekin batera, Espainiatik atera zen hegazkinez, Oranera (Aljeria) bidean.
Isla zineman eta literaturan
aldatu- Monzón Almudena Grandes espainiar idazlearen Inés y la alegría (Tusquets, 2010) eleberrian agertzen da. Nobela horrek makiek 1944an burututako Arango Haranaren inbasioa du ardatz.
- Monzón, el líder olvidado por la historia, nafar buruzagiari buruzko dokumentala[1].
Erreferentziak
aldatu- Arozamena, Ainhoa. (d.g.). Jesús Monzón Reparaz, Auñamendi. .
- Martorell, Manuel. (2000). Jesús Monzón, el líder comunista olvidado por la Historia. Iruñea: Pamiela.. .
Oharrak
aldatu- ↑ (Gaztelaniaz) Pamplona acoge el rodaje de una película sobre Jesús Monzón, Noticasdenavarra.com, 2010eko azaroaren 26a
Kanpo loturak
aldatu- (Gaztelaniaz) Monzón Auñamendi eusko entziklopedian