Jean Dauger
Jean Dauger (Kanbo, 1919ko azaroaren 12a - 1999ko urriaren 23a),[1] izengoitiz Manex deitua, lapurtar errugbilaria izan zen, bai hamabosteko errugbian, bai hamahirukoan, Frantziako selekzioan jokatu zuena.
Jean Dauger | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Kanbo, 1919ko azaroaren 12a |
Herrialdea | Lapurdi, Euskal Herria |
Heriotza | Kanbo, 1999ko urriaren 23a (79 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | hamabosteko errugbilaria eta hamahiruko errugbilaria |
Posizio edo espezialitatea | erdikoa |
Bizitza
aldatuJean Dauger Kanbon jaio zen, 1919ko azaroaren 12an. Haren gurasoak Compagnie du Midi trenbideko langileak ziren. Association Sportive Bayonnaisen hasirik errugbian, 15 urterekin Aviron Bayonnaisen gazte mailako taldean sartu zen. Bi urte geroago, debuta egin zuen Frantziako errugbi txapelketan. Izan ere, gaitasun fisiko bikainak zituen: 1,80 metro, 70 kilogramo, eta 11 segundo inguruko marka ehun metroetan.[2][3]
1937ko abuztuan, Racing Club de Roanne XIII hamahiruko errugbiko talde profesionalak kontratatu zuen, Robert anaiarekin batera.[oh 1] Berehala egokitu zen rugby leaguearen kodera, eta ezinbesteko bilakatu zen, hala klubean nola Frantziako selekzioan.[3]
Roannen jokatu zuen bi denboraldietan ia dena irabazi zuen: 1938ko Frantziako Kopa, 1939ko Frantziako Txapelketa eta 1939ko Europako Nazioen Kopa. Bigarren Mundu Gerrara hasi zelarik, Vichyko gobernua kirol profesionalen eta, bereziki, hamahiruko errugbiaren aurkako jarrera agertu zuen. Sorterrira itzulirik, 1940an partida batzuk jokatu zituen Côte basque XIII taldean.[3]
Horiek horrela, 1941eko urtarrilean hamabosteko errugbian jokatzeko lizentzia galdegin zuen. Hala ere, haren iragan profesionala aitzaki harturik, Frantziako Errugbi Federazioak baimena ukatu zion zenbait hilabetez. Azkenik, 1941eko azaroan jantzi ahal izan zuen bere bihotzeko Aviron Bayonnaisen elastikoa.[3] Hura taldeko erdikoa zela, Frantziako errugbi txapelketa irabazi zuen Avironek 1943an, Parc des Princesen jokatutako finalean SU Agen 3 eta 0 garaiturik.[4]
Gerra amaitutakoan, eskaintza handiak jaso zituen hamahiruko errugbian aritzeko, baina denak errefusatu zituen; 1956ra arte jarraitu zuen Avironen. Profesional izandako errugbilarien aurka zeuden iritziak zirela eta, hiru partida besterik ez zuen jokatu Frantziako errugbi selekzioan, eta 1953 arte ez zuen debutatu Bost Nazioen Txapelketan.[3]
Kirola utzi ostean, kazetari aritu zen Paris-Presse egunkarian. Histoires... de rugby eta Le Rugby en dix leçons liburuak argitaratu zituen. 1973an, Jean Desclaux entrenatzailearen laguntzailea izan zen Frantziako errugbi selekzioan.
2001ean, Baionako Saint-Léon errugbi zelaia Jean Dauger estadioa izendatu zuten haren omenez.
Hamabosteko errugbiko palmaresa
aldatuAviron Bayonnais
aldatu- Frantziako errugbi txapelketa
- irabazlea: 1943
- finalista: 1944
Côte basque-Béarn
aldatu- Frantziako Errugbi Kopa
- finalista: 1944
Hamahiru errugbiko palmaresa
aldatuRoanne XIII
aldatu- Frantziako txapelketa
- irabazlea: 1939
- Frantziako kopa
- irabazlea: 1938
Côte basque XIII
aldatu- Frantziako kopa
- finalista: 1940[oh 2]
Frantziako selekzioa
aldatu- Europako Nazioen Kopa
- irabazlea: 1939
Erreferentziak
aldatu- ↑ Marmande, Francis. Jean Dauger. Le Monde, 1999ko urriaren 30a, lemonde.fr (Noiz kontsultatua: 2023-9-21).
- ↑ Sam, Alain. "La passe est une offrande": Jean Dauger. allezunion.com (Noiz kontsultatua: 2023-9-22).
- ↑ a b c d e Etcheto, Jean Louis. Dauger, de Manech à Jean. perso.numericable.fr (Noiz kontsultatua: 2023-9-22).
- ↑ Rugby: en images, dans la légende de l’Aviron Bayonnais. sudouest.fr (Noiz kontsultatua: 2023-9-22).
Oharrak
aldatu- ↑ Aitak 30.000 libera kobratu zituen bi semeak Roannera bidaltzeren truke, alegia, bere urteko soldata halako hiru.
- ↑ Côte basque XIII finalerako sailkatu zen, baina Bigarren Mundu Gerrak eragotzi zuen hura jokatzea.