James Joyce
James Augustine Aloysius Joyce (Dublin, 1882ko otsailaren 2a – Zürich, 1941eko urtarrilaren 13a) idazle irlandarra izan zen. Joyce da, askorentzat, XX. mendeko ingelesezko idazle hoberena, hizkuntza erabat menderatzen baitzuen, eta hizkuntzaren baliabide guztiak erabiltzen jakin zuelako.[1] Joyceren obra, Ulisses bereziki, funtsezkoa izan da literatura modernoaren garapenean, eta areago, literaturaz besteko alorretan ere, zineman besteak beste, izan du eragina.[2]
Beste lan ezagun batzuk Dublindarrak (Dubliners) (1914) ipuin laburuaren bilduma eta Artistaren erretratu bat gaztetan (A Portrait of the Artist as a Young Man) (1916) zein Finneganen Esnaera (Finnegans Wake) (1939) eleberriak dira. Bere beste idazkietan hiru poesia liburu, antzerki bat, gutunak eta noizbehinkako kazetaritza artikuluak daude.[3]
Joyce Dublinen jaio zen, klase ertaineko familia batean. Clongowes Wood jesuiten ikastetxean ikasi zuen, Kildare konderrian, eta ondoren, labur, O 'Connell Eskola Kristauan. Nahiz eta familiaren bizitza kaotikoa izan, bere aitaren ezin aurreikusizko finantzek inposatua, Belvedere jesuiten ikastetxean nabarmendu zen eta University College Dublinen graduatu zen 1902an. 1904an, bere emazte izango zen Nora Barnacle ezagutu zuen, eta Europa kontinentalera joan ziren.[4] Pulan lan egin zuen laburki, eta gero Austria-Hungariako Triestera joan zen ingelesezko irakasle bezala. Erromako zortzi hilabeteko egonaldia kenduta eta Dublinera egindako hiru visita izan ezik, Joyce han bizi izan zen 1915era arte. Triesten, Ganbera musika (Chamber Music) poema liburua eta Dublindarrak ipuin laburren bilduma argitaratu zituen. Era berean, Artistaren erretratu bat gaztetan argitaratzen hasi zen “The Egoist” aldizkari ingelesean. Lehen Mundu Gerrako denbora gehienean, Joyce Zurichen bizi izan zen, Suitzan, eta Ulissesen lan egin zuen. Gerra ondoren, Triestera itzuli zen laburki eta 1920an Parisera joan zen, 1940ra arte bere egoitza nagusia bilakatu zena.[5]
Bizitza
aldatuBere gurasoak, John eta Mary, katoliko sutsuak ziren. Sei anaia eta lau arrebetan zaharrena izan zen. Amak nekeak izan zituen familia aurrera ateratzeko. Aita, John Joyce, gizon alaia eta umoretsua zen, asmamen handikoa, musikazalea eta hiztuna oso, baina zurruteroa, hasitako gauzak ezin bukatua eta tratulari eskasa; eta, hartara, batetik bestera eraman behar izan zuen familia, bizileku pobretik pobreagora. Familia-giro hark eragin handia izan zuen Joycerengan; bai aitaren bizitasunak, haren kantuak, txisteek, hizkera bitxiak, bai amaren otoitzek, bai anaia-arreben arteko hizketek eta liskarrek, eta bai bizi izan zituen askotariko giroek eta adiskideek jende- eta hitz-nahasketa ezin handiagoa eskaini zioten; handik aterako zuen gerora Joycek bere-berea zuen hizkuntzaren sena.[6]
Ingelesa izan zen James Joyceren hizkuntza. Garai hartan Irlanda britainiar administrazioaren mendean zegoen; gaelerak ez zuen ia indarrik, zokoratuta zegoen, administrazioan batere ez eta eguneroko bizitzan gutxi erabiltzen zen; eremu eta giro jakin batzuetan baizik ez zirauen bizirik, nahiz batzuk ahaleginean ari ziren hizkuntza hura biziberritu nahiz.[7]
Lehen ikasketak jesuiten Clongowes Wood College izeneko eskolan egin zituen, eta han sistematizatu eta arrazoibidera ekarri zuen txikitandik zekarren hizkuntza jario hura. Hala ere, familiaren egoera ekonomikoa zela eta, eskola hori utzi eta Belvedere College izeneko eskola publikora joan behar izan zuen. Garai horretan literaturarako zaletasuna erakusten hasi zen.
1898an, Dublingo University College delako unibertsitatean matrikulatu zen hizkuntzak ikasteko. Frantses eta italiar literatura ikasi zituen. Liburu asko eta era askotakoak irakurri zituen, nobela arruntak zein klasikoak; denetatik atera zuen literaturarako gairik, sen handia eta grina berezia baitzuen giroak eta gertaerak literatura bihurtzeko. Garai horretan erlijio katolikotik aldentzen hasi zen. 1900ean Ibseni buruzko saiakera bat argitaratu zuen Forthnighly Review aldizkarian. Hurrengo urteetan olerkiak idatzi zituen, eta bere idazlanen ezaugarri nagusia izan zen esperimentazio bidea jorratzen hasi zen. Halaber, irlandar nazionalismoa errefusatu eta bere ama hizkuntza, ingelesa, errebindikatu zuen, irlanderaren kaltean.[8]
1902an, graduatu eta gero, Parisera joan zen, bere ikasketak jarraitzeko asmoz. Hala ere, familiaren porrot ekonomikoak (euren ondasun guztiak saldu behar izan zituzten eta ostatu batera joan) bere desioak alde batera uztera behartu zuen, eta kazetari eta irakasle moduan lan egin behar izan zuen. Baina bere egoera ekonomikoa familiarena bezain larria izan zen.
1903an Dublinera itzuli zen bere amari laguntzeko, minbiziak jota zegoelako. Amak eskatu zion erlijioa ez errefusatzeko eta aita alkoholikoaz arduratzeko. Amaren heriotzak deprimitu egin zuen. Garai zaila izan zen Joycerentzat; lanbide askotan jardun zuen, eta lagunen maileguei esker bizi izan zen.
1904ko ekainaren 16a (Ulisses eleberriaren gertakarien data) izan omen zen Nora Barnaclerekiko lehen hitzorduaren data. Nora zerbitzari bat izan zen eta berataz maitemindu eta bizitza osoa pasatu zuen berarekin, nahiz eta 1931 arte ez ezkondu. 1904 urte hartan bertan Joycek Dublindik alde egin zuen, eta ingelesezko eskolak ematen atera zuen bizibidea.1906 arte Zurichen bizi izan ziren, eta gero Triesten, non ingeles-irakasle izan zen. Triesten jaio ziren bere bi seme-alabak: Giorgio eta Lucia. 1907an begietako gaixotasun bat izan zuen, ia itsu utziko zuena geroago. Ganbera Musika (Chamber Music) argitaratu zuen, eta Italo Svevo idazlea ezagutu zuen. Bi aldiz joan zen geroztik Irlandara: 1909an eta 1912an. Ez zen sekula gehiago itzuli. Urte haietan John Millington Synge eta William Butler Yeats irlandar idazleen lanak italierara itzuli zituen.[9]
Ingelesezko eskolak bizibide ona ziren; baina izan zituen adiskideak eta babesleak diruz eta bere literatura-lanak aurrera ateratzen laguntzen ziotenak, haren sormenaren indar handiaz oharturik; horri esker egin ahal izan zien aurre eguneroko diru-premiei ez ezik, argitaratzaileen eta agintarien aldetik izan zituen argitaratzeko debekuei ere; eta haiei esker ordaindu ahal izan zituen bere azken urteetako itsutasuna sendatzeko egin behar izan zituen begietako ebakuntzak. Ezra Pound, Valery Larbaud, Harriet Weaver, Sylvia Beach, Yeats eta beste batzuk izan zituen adiskide eta laguntzaile aipagarrienak.[10]
Lehen Mundu Gerra hastean, Zurichera joan ziren lehenengo, eta gero Locarnora. 1920ko hamarkadaren hasieran Parisera joan zen familiarekin. 1914an, Dublindarrak (Dubliners) ipuin-bilduma argitaratu zioten. "The Egoist" aldizkariak Artistaren erretratu bat gaztetan (A Portrait of the Artist as a Young Man) eleberria argitaratu zion, 1916an liburu gisa argitaratu zutena. Gyacomo Joyce liburu laburra idatzi zuen. 1918an Erbesteratuak (Exilees) antzerki-lana argitaratu zuen, eta 1925ean antzeztu zuten New Yorken, eta 1926an Londresen. 1927an Pomes Penyeach poema-liburua argitaratu zuen.[11]
1931n Nora Barnaclerekin ezkondu zen, urte askotan elkarrekin bizi izan ondoren. Ordurako ospe handia zuen Joycek, eta T. S. Eliot eta Samuel Beckett zituen, besteak beste, adiskide. Urte hartan bertan hil zitzaion aita, bere alaba Lucia burutik nahasten hasi zen, eta Joyce bera ere itsutzen hasia zen.
1936an Olerki Biilduma (Collected Poems) eman zuen argitara. Bigarren Mundu Gerra piztu zenean, Frantziatik alde egin behar izan zuen, Zurichen hartu zuen bizilekua, non duodenoko ultzera bat diagnostikatu zioten. Eta han hil zen 1941eko urtarrilaren 13an, peritonitisa sendatzeko ebakuntza egiten ziotenean.[12]
Obrak
aldatuJoyceren olerkiek ez zuten berrikuntza handirik ekarri, Irlandako balada tradizionalen eta Shakespeareren kantuen eragina zuten, baina ez zuten Joyceren beraren zantzu berezirik, erromantizismo lauso baten aztarna baizik. Antzerkirako idatzi zuen lan bakarrak, Erbesteratuak, Ibsenen eragin handia zuen; ez du Joyceren beste obrek duten indarra eta ez zuen harrera onik izan.[13]
Dublindarrak
aldatuDublindarrak Dublingo pertsonaien eta gertakizunen ipuin-bilduma bat da, 1907an argitaratzekoa zutena. Haurtzaroko eta gaztaroko kontakizunak dira, Dublinen girotuak denak, hizkuntza gardenaz eta neurtuaz idatziak. Aipatzekoa da bilduma horretako azken kontakizuna, Hilak (The Dead), hilek bizidunen bizitzan zer-nolako eragin handia duten kontatzen duena. Liburu horrek gorabeherak izan zituen argitaratu ahal izateko: Londresen 1907an argitalpena prest zegoelarik, argitaratzaileak ale guztiak erre zituen, eta ez zen 1914 arte argitaratu.[14]
Artistaren erretratu bat gaztetan nobela, Joycek aldez aurretik idatzi eta gaitzetsi zuen lan baten (Stephen Hero) moldaketa eta egokitzapena da. Bere bizitzako xehetasunetan oinarriturik idatzitako nobela hori nerabezaroko erretratu bat da, eta lehendik tradizioa zuen genero bati dagokio, hain zuzen.[15]
Stephen Dedalus, nobela horretako protagonista, Ulisses nobelan ere agertzen dena, bere inguruneari aurre egiten eta bere bidea urratzen ahalegintzen den gazte bat da.[16]
Ulisses: hizkuntza biluzik
aldatu1906 inguruan Joycek Dublindarrak liburuari eransteko asmotan zen beste kontakizun bat zeukan idatzia, berari gertatutako pasadizo batean oinarritua: gau batean neska bati hurbildu zitzaion, hura soldadu batekin zihoala konturatu gabe; soldaduak jo eta luze bota zuen Joyce, eta adardun famako judu batek lagundu zion handik altxatzen eta etxera joaten. Txiste kulturalak egiteko zuen joerak akuilatuta, Joycek bi mito handiren nahasketa barregarria egiteko aukera ikusi zuen pasadizo hartan: Ulisses eta judu herratua.[16]
Lehen Mundu Gerra bitartean, Zurichen erbesteratua eta adiskide batzuen diru-laguntzari esker bizi zela, Joyce bere obra handian ari izan zen buru-belarri lanean. Gerra bukatu ondoren, Triestera itzuli zen, baina, Ezra Poundek deituta, Parisera abiatu zen berehala nobela bukatzera. 1917an, liburuaren erdia edo idatzia zuela, ez aurrera ez atzera gelditu zen, batzuetan goiz osoa ere igarotzen baitzuen esaldi bakar bati bueltaka, eta Artistaren erretratu bat gaztetan bukatzen lagundu zion bide berberean saiatzea bururatu zitzaion, aldizkari batean argitaratzen hastea, alegia. Ez zen erraza, britainiar legeak argitaratzailea zigortzen baitzuen lizuntzat har zitekeen testurik argitaratuz gero. Hortaz, Ezra Poundek New Yorkera bidali zituen Ulisses-en lehenengo hiru kapituluak, Little Review aldizkarira. Hala ere, 8., 9. eta 12. kapituluak zetozen aleak bahitu eta erre egin zituzten. 13. kapitulua zekarrena Bizioaren Aurkako Elkarteak salatu eta auzitara eraman zuen; epaileak isuna jarri eta argitaratzeko debekua eman zuen.[17]
Beraz, liburu hura epeka argitaratu izanak, alde batetik, Joyceren lana bizkortu baldin bazuen, bestetik, liburuan argitaratzeko debekua ezarri zion ingelesez mintzo ziren herrialdeetan. Azkenean, Parisen eman zuen argitara, 1920an, Shakespeare and Co. liburu-dendaren jabe Sylvia Beachek. 1929an plazaratu zen Ulises-en frantsesezko itzulpena.[18]
Estatu Batuetan 1933an eman zuten argitaratzeko baimena. Ingalaterran 1936 arte ez zuten argitaratu.
Argitalpenak gorabehera handiak izan zituen, lehendik argitaratutako kapituluei zati luzeak erantsi baitzizkien Joycek; argitaratzea ikaragarri luzatu zen, tipografoek ez baitzekiten ingelesa eta egilea erdi itsuturik baitzegoen, eta zuzenketa-saio bakoitzari beste zuzenketa batzuk egiten baitzizkion. Garrantzi handiko zuzenketa bat ere egin zuen: kapitulu bakoitzean, Homeroren Ulissesetik hartutako aipamen bat zegoen, berez testuarekin zerikusirik ez zuena, eta Joycek kendu egin zuen, liburuaren izenburuko aipamena besterik utzi gabe. Hala eta guztiz ere, Joycek mitologiazko aipamenez jositako eskema bat argitaratu zuen gerora, liburu horren interpretazio gisa, eta, handik gutxira atzera gaitzetsi bazuen ere, arrakasta handia izan zuen azalpen horrek kritikari askoren artean.[19]
Ulysses-ek 18 kapitulu ditu, elkarren oso desberdinak, eta gertaeren denbora egun batera dago mugatua: 1904ko ekainaren 16ko goizeko zortzietatik hasita, hurrengo 18 orduen kontaketa egiten du. Dublinen barrena doazen bi pertsonaia, Leopold Bloom eta Stephen Dedalus, dira protagonistak. Kapitulu bakoitzean ahots berezi bat edo bi entzuten dira, haietako bat pertsonaiaren baten barne-hizketa da, adimen orori dagokion hitz-jario iheskor bukaezina, etorri bezala zuzenean adierazia. Barne-hizketa horretaz gainera, era askotako doinuak eta hizketak tartekatu zituen Joycek liburuan: deskribapen soil-soilak, besteren estiloen edo kazetaritzako hizkuntzaren parodia, molde eta tankera askotako aipamenak eta sinboloak... Kontakizunaren hariak ez du inondik ere obra honen handitasuna erakusten, hizkuntza bera baita beste edozein liburutan bainoago liburu honen mamia. Leopold Bloomen eguneroko bidaia xumea Dublinen barrena, eta haren eguneroko bizitzako gertakizun soilak, hori besterik ez baita kontatzen liburu honetan.[20]
Liburua Homeroren Odiseari jarraikiz dago antolatua, bai gaietan, bai irudietan; hizkuntza, estilo, sinbolo eta ideia oparotasun nabarmen baten bitartez, bizitzaren ospakizun eta festa da, ironia eta umorea dariola betiere. Psikologia-ikerketak ere leku garrantzitsua du bertan, Freud-en bidetik, inkontzientearenak batez ere, eta kontzientziaren isuria edo bakarrizketa (stream of consciousness) gerora asko erabili den teknikaren bitartez, adierazi zuen nagusiki; bestalde, parodiak edo era askotako testuen birsorketak ere leku handia hartzen du Ulisses-en. Beste ikuspegi batetik, gizon modernoaren eta gizon horrek gizartearekin dituen harremanen bilduma ere bada; nolabaiteko summa da, beraz, Ulisses.[21]
Ulisses XX. mendeko literaturako obrarik garrantzitsuenetako eta berezienetakoa da, besteak beste, hizkuntza bera duelako protagonista, eta hala erakusten duelako bai gizakiari hizkuntzak ematen diola giza izatea, eta bai hitzen bidez egituratzen eta tankeratzen dela adimenaren baitako bizitza; agerian jarri zuen orobat hitzezko jario horren elementuak arrazoi hutsalez daudela elkarri lotuak, eta askotan guztiz ere apala eta barregarria izaten dela gizaki orok duen barne-hizketa hori.[22]
Baina Ulisses ez da soil-soilik hitzaren gaineko ariketa neurrigabe bat, hizkuntzaren musika-ezaugarriak areagotzen dituena eta zikinkeria eta zekenkeria txiki guztiak agerian dituen adimenaren lotsarekin jolasean dabilena. Joyceri esker, irakurleak liburu honen pertsonaia kaskarren barne-bizitzan parte hartzen du, edozein pertsonarena izan daitekeen bizitzan, zorrotz eta onberatasunez aldi berean, gupidaz eta nazkaz. Pertsonaia horiek, beraz, gure ispilu dira, gizakiaren adimena halabeharrez baitago hizkuntzaz eta bere ergelkeria eta handitasun guztiaz baliatzera behartua, eta horren gaineko gogoeta eta jolasa da Joyceren ekarri handia.[23]
Finneganen esnaera
aldatu1923tik 1939ra, Joycek bere azken liburuan lanean jardun zuen: Finnegansen Esnaera (Finnegans Wake), inoiz idatzi den libururik irakurgaitzena hain zuzen. Nekez esan daiteke erabat ingelesez idatzia denik, oinarrian ingelesa duen hitzezko nahaste batean baizik, beste hizkuntza batzuetako elementu ugariz osatua, eta nonahi eta noiznahi hitz-jokoz eta txistez zipriztindua. Baina hitz-joko etengabe horiek ez dira kontakizun zehatz eta definitu bat kontatzeko baliatzen; aitzitik, hitz-joko horiek eta txiste horiek dira liburu horren mamia eta gaia. Interpretazio eta azterketa asko eragin ditu liburu horrek, eta berez itzulezina den arren, egin dira haren zati batzuk beste hizkuntza batzuetara itzultzeko saioak, baita ingelesera ere.[24]
Ulisses eleberriaren ondoren ahotsaren eta kontakizunaren gainbehera eta hondamena etorri ziren, hiztunaren mamia eta muina galdu egin baitziren, ezabatu, eta hitz-jokoetan desegin, Joyceren aurreko lanen alde iluna den eta haren argitan besterik ulertu ez daitekeen liburu honetan.[24]
Joyceren osasun arazoek atsekabetu egin zuten Parisko urteetan zehar. Dozena bat begi-ebakuntza baino gehiago egin zizkioten, baina ikusmenak nabarmen egin zion behera. 1930erako, ezkerreko begian ia itsu zegoen, eta eskuineko begiak gaizki funtzionatzen zuen. Infekzioak eragindako hortzak ere kendu zizkioten. Halako batean, Joyce kezkatu egin zen ezin zuelako Finneganen Esnaera amaituko, eta James Stephens irlandar idazleari eskatu zion osa zezala zerbait gertatuz gero.[25]
Bere arazo ekonomikoek aurrera jarraitu zuten. Bere inbertsio eta kanonetatik errenta onak lortzen zituen arren, gastu-ohiturek sarritan dirurik gabe uzten zuten. Kontu hauek gorabehera, Pomes Penyeach argitaratu zuen 1927an, Trieste, Zürich eta Parisen idatzi zituen hamahiru olerki bilduma. Bere arazo ekonomikoek aurrera jarraitu zuten. Bere inbertsio eta kanonetatik errenta onak lortzen zituen arren, gastu-ohiturek sarritan dirurik gabe uzten zuten. Kontu hauek gorabehera, Pomes Penyeach argitaratu zuen 1927an, Trieste, Zürich eta Parisen idatzi zituen hamahiru olerki bilduma.[25]
Ezkontza Londresen
aldatu1930ean, Joycek Londresen bere egoitza ezartzea pentsatu zuen, batez ere Giorgiok, Helen Fleischmannekin ezkondu berria zenak, bere herentzia Erresuma Batuko legediaren arabera ziurtatuko zuelako. Joyce Londresera joan zen bizitzera, etxebizitza batean epe luzeko alokairua lortu zuen, hautesle-erroldan izena eman zuen, eta epaimahaiaren zerbitzuaz arduratu zen.[26]
Hogeita zazpi urtez elkarrekin bizi ondoren, Joyce eta Nora 1931ko uztailaren 4an ezkondu ziren Kensingtongo Erregistro Bulegoan. Joycek sei hilabete eman zituen Londresen bere bizilekua ezartzeko, baina etxea utzi eta Parisera itzuli zen geroago, Luciak buruko gaixotasunen zantzuak agertu zituen urtean. Itzultzeko asmoa zuen, baina ez zuen inoiz egin, eta geroago Ingalaterrarekin harremana galdu zuen.[27]
Ondorengo urteetan, Joyce Parisen bizi zen, baina sarritan joaten zen Suitzara begietako kirurgia egitera edo Luciari tratamendua ematera, eskizofrenia diagnostikatu baitzioten. Carl Jungek aztertu zuen Lucia, aurretik idatzi baitzuen Ulisses idazkera eskizofrenikoaren antzekoa zela Jungek iradoki zuen bera eta bere aita ibai batera zihoazen bi pertsona zirela, salbu eta Joyce urperatzen ari zela eta Lucia erortzen ari zela. Joycek Luciari lagundu nahi izan bazion ere, hura hil arte instituzionalizatuta jarraitu zuen.[26]
Behin betiko itzulera Zurichera
aldatu1930eko hamarkadaren amaieran, Joyce gero eta kezkatuago zegoen faxismoaren eta antisemitismoaren gorakadarekin. 1938an, Joycek judu batzuei nazien jazarpenetik ihes egiten lagundu zien. 1940an Frantzia erori ondoren, Joycek eta bere familiak nazien okupaziotik ihes egin zuten eta Zurichera itzuli ziren.[27]
Heriotza
aldatu1941eko urtarrilaren 11n, Joyceri ebakuntza egin zioten Zurichen ultzera duodenal zulatu batengatik. Hurrengo egunean koman erori zen. 1941eko urtarrilaren 13an esnatu zen 2: 00etan, eta erizain bati emazteari eta semeari deitzeko eskatu zion. Bidean zeuden 15 minutu geroago hil zenean, 59 urte bete baino hilabete lehenago.[28]
Joyce hil ondoren, gobernu irlandarrak atzera bota zuen Joyceren gorpuzkiak aberriratzea baimentzeko Noraren eskaera, nahiz eta John J. Slocum diplomatiko amerikarrak etengabe estutu. 2019ko urrian mozio bat aurkeztu zitzaion Dublingo Udalari Joyce eta bere familia Dublingo lekuren batean hobiratzeko gastuak planifikatzeko eta aurrekontua egiteko. Proposamena eztabaidagai bihurtu zen berehala, Irish Times-ek honela zioela: "... Zaila da ez susmatzea Irlanda garaikideak bere idazle handiekin duen harremanari buruzko alderdi kalkulatzaile bat dagoela, baita merkantilarena ere, askotan "ospatzeko" eta, ahal izanez gero, monetizatzeko gogo handiagoa baitugu, irakurtzeko baino".[28]
Joyce eta politika
aldatuBere bizitzan zehar, Joyce aktiboki interesatu zen Irlandako politika nazionalaz eta britainiar kolonialismoarekin zuen harremanaz. Sozialismoa eta anarkismoa ikasi zituen. Sozialisten bileretara joan zen eta Benjamin Tuckerren filosofiak eta Oscar Wilderen Gizonaren arima sozialismoaren pean saiakerak eragindako ikuspegi indibidualista azaldu zuen. [29]
Bere iritziak "artista sozialista" bezala deskribatu zituen. Joycek politikan zuen konpromiso zuzena sendoagoa izan zen Triesten egon zen denboran, egunkarietako artikuluak aurkeztu, hitzaldiak eman eta Irlandak britainiar gobernutik independentzia defendatzen zuten gutunak idatzi zituenean. Trieste utzi ondoren, Joycek politikan zuzenean parte hartzea utzi zuen, baina bere ondorengo lanek oraindik islatzen dute bere konpromisoa. Indibidualismoarekiko sinpatia eta nazionalismoa bezalako ideologia hertsatzaileekiko kritikoa izaten jarraitu zuen. Bere eleberriek gai sozialista, anarkista eta irlandar nazionalistak jorratzen dituzte. Ulises nobela bat bezala irakurria izan da, ingelesen kolonialismoak irlandarrengan duen eragina kritikatzen duena. Finnegansen Esnaera irakurria izan da irlandar politikaren gai banatzaileak, kolonialismoaren eta arrazaren arteko harremana eta nazionalismoaren eta faxismoaren zapalkuntza hertsia ikertzen dituen lana bezala.[30]
Joyceren politika pasaporte britainiarrarekiko jarreran islatzen da. Ingelesen okupazioak Irlandan izan zituen ondorio negatiboei buruz idatzi zuen, eta begiko zituen irlandarrek hartatik askatzeko egin zituzten ahaleginak. 1907an bere babesa adierazi zion Sinn Feinen mugimendu goiztiarrari, 1922an Irlandako Estatu Askea ezarri aurretik. Hala ere, Joycek uko egin zion pasaporte britainiarra irlanderaz aldatzeari. Beste aukera bat izan zuenean, pasaporte britainiarra berritzea erabaki zuen 1935ean, Irlandako Estatu Libretik bat lortu beharrean, eta 1940an gordetzea erabaki zuen, pasaporte irlandar bat onartzeak errazago lagunduko ziolako Vichyko Frantziatik irteten. Pasaportea aldatzeari uko egin zion, neurri batean, pasaporte britainiar batek nazioartean ematen zizkion abantailengatik, irlandar politikaren indarkeriarekiko begikotasunagatik eta Irlandako Estatu Libreak elizarekin zuen harreman politikoagatik.[30]
Joyce eta erlijioa
aldatuJoycek harreman konplexua zuen erlijioarekin. Hasieran erromatar katolizismotik aldendu zen. Gertukoek, Stanislaus eta Norak zioten berre burua ez zuela katolikotzat. Hala ere, bere lanak katolizismoaren eragin handia zuen. Bereziki, bere oinarri intelektualak jesuiten lehen hezkuntzan oinarritu zirelako. Irlandatik alde egin ondoren ere, batzuetan elizara joaten zen. Triesten bizi zenean, goiz esnatzen zen Ostegun Santuan eta Ostiral Santuan meza katolikora joateko, edo noizean behin ekialdeko zerbitzu ortodoxoetara joateko, zeremoniak gustukoagoak zituela esanez.[31]
Joycek berak bere fedeari buruzko galderei emandako erantzunak anbiguoak izan ohi ziren. Adibidez, Ulisses amaitu ondorengo elkarrizketa batean, Joyceri galdetu zioten: "Noiz utzi zenuen eliza katolikoa?" “Hori Elizari dagokio esatea.”[31]
Ondarea
aldatuJoyceren lanak eragin sakona du oraindik kultura garaikidean. Ulisses eredu bat da fikziozko idazleentzat, batez ere hizkuntzaren boterean egiten dituen esplorazioengatik. Eguneroko bizitzako xehetasunetan egindako enfasiak adierazpen-aukera berriak ireki dizkie egileei, margolariei eta filmatzaileei. Bere ospea mantentzen du irakurleen artean, askotan "Liburu Handien" zerrendetan agertuz. Joyceren berrikuntzak literatura ingelesetik harago hedatzen dira: bere idazketa inspirazio iturri izan da idazle latinoamerikarrentzat, eta Finneganen Esnaera testu giltzarrietako bat bilakatu da postestrukturalismo frantziarrarentzat. Quark izena ere jarri zioten, Murray Gell-Mann fisikariak proposatutako oinarrizko partikuletako bati.[32]
Joyceren eleberrien forma mugagabeak etengabe berrinterpretatzeko aukera ematen die. Literatura-kritikarien komunitate gero eta globalagoa sortzen dute. Joycery buruzko estudioek -hiru nobelako kanon txiki samar batean, ipuin laburren bilduma txiki batean, antzezlan batean eta bi poema liburu txikitan oinarrituta- 15.000 artikulu, monografia, tesi, itzulpen eta edizio baino gehiago sortu dituzte.[33]
Herri-kulturan, Joyceren lana eta bizitza ekainaren 16an ospatzen da urtero, Bloomsday izenez ezagutzen dena, Dublinen eta gero eta hiri gehiagotan munduan zehar.[33]
Museoak eta ikasketa-zentroak
aldatuIrlandako Liburutegi Nazionalak Joyceren material bilduma handi bat dauka, eskuizkribuak eta koadernoak barne, gehienak online eskuragarri daudenak. Dublin Unibertsitateko liburutegia eta University College artean sortutako hitzarmenak Irlandako Literaturako Museoa gauzatu du, eta bertan Joyceri eta bere obrari buruzko erakusketa gehienak biltzen dira.[34]
Aldi berean Joycerekin lotutako bilduma txiki eta iraunkor bat du, bere erakunde nagusiengandik maileguan hartuz. Erakusketen artean Ulisses-en "Copy Nº 1" dago. Bestalde, Joyceri Dublinen eskainitako zentroak hauek dira: James Joyce Zentroa, Sandycoveko James Joyce Dorrea eta Museoa (garai batean Joyce bizi izan zen Martello dorrea eta Ulissesen inaugurazioko eszenatokia), eta Dublingo Idazleen Museoa. Londoneko University College da Erresuma Batuko Joycek egin zuen lanaren ikerketa-bilduma garrantzitsuena, eta bere lan handi guztien lehen edizioak gordetzeaz gain, hasierako eta ondorengo beste argitalpen gehienak (itzulpenak barne) ditu, bai eta literatura kritikoak eta ondorengoak ere.[35]
Idazlanen zerrenda
aldatuProsa
aldatu- Dublindarrak (Dubliners) (ipuin laburren bilduma, 1914)
- Artistaren erretratu bat gaztetan (A Portrait of the Artist as a Young Man) (eleberria) (1916)
- Ulisses (Ulysses) (eleberria) (1922)
- Finnegansen Esnaera (Finnegans Wake) (eleberria, 1939, zaharberritua 2012)
Olerki bildumak
aldatu- Ganbera musika (Chamber Music) (olerkiak, Elkin Mathews, 1907)
- Giacomo Joyce (1907ko idatzia, Faber and Faberrek argitaratua, 1968)
- Pomes Penyeach (olerkiak, Shakespeare eta konpainia, 1927)
- Bildutako olerkiak (Collected Poems) (olerkiak, Black Sun Press, 1936, Ganbera musika, Pomes Penyeach eta aurretik argitaratutako beste lan batzuk barne hartzen dituena)
Antzerkia
aldatu- Exiliatuak (Exiles) (antzezlana, 1918)
Hil osteko argitalpenak eta zirriborroak
aldatuFikzioa
aldatu- Stephen heroia (Stephen Hero)(Erretratuaren lanaren aitzindaria; 1904-06 idatzia, 1944an argitaratua)
- Katua eta deabrua (London: Faber eta Faber, 1965)
- Kopenhageko katuak (The Cats of Copenhagen) (Ithys Press, 2012)
- Finnsen hotela (Finn 's Hotel) (Ithys Press, 2013)
Ez-fikzioa
aldatu- James Joyceren idazki kritikoak (Ed. Ellsworth Mason eta Richard Ellmann, 1959)
- James Joyceren gutunak, Liburuki 1 (Ed. Stuart Gilbert, 1957)
- James Joyceren gutunak, Liburuki 2 (Ed. Richard Ellmann, 1966)
- James Joyceren gutunak. Liburuki 3 (Ed. Richard Ellmann, 1966)
- James Joyceren gutun hautatuak (Ed. Richard Ellmann, 1975)
Euskaratutako idazlanak
aldatu- Artistaren erretratu bat gaztetan[36] (A portrait of the artist as a young man) (1992). Ibaizabal argitaletxea. Itzultzailea: Irene Aldasoro.[37]
- Dublindarrak[38] (Dubliners) (1999). Alberdania argitaletxea. Itzultzailea: Irene Aldasoro[37]. Euskadi Literatura Saria 2000.
- Ulisses[39] (Ulysses) (2015). Igela argitaletxea. Itzultzailea: Xabier Olarra. Euskadi Literatura Saria 2016.
Ikus, gainera
aldatuErreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2012/1/9 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ (Ingelesez) Atherton, James S.. (1960). Books at the Wake: A Study of Literary allusions in James Joyce's Finnegans Wake. Viking Press ISBN 9780809306879..
- ↑ «euskarari ekarriak» ekarriak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-05).
- ↑ (Ingelesez) Attridge, Derek. (1997). "Reading Joyce". The Cambridge Companion to James Joyce. Cambridge University Press, 1–30 or. ISBN 0521376734. OCLC 1148222842...
- ↑ (Ingelesez) Attridge, Derek. (2007). How to Read Joyce. Granta Books ISBN 9781862079120. OCLC 1149525874...
- ↑ (Ingelesez) Beja, Morris. (1992). James Joyce: A Literary Life. Ohio State University Press ISBN 0814205984. OCLC 964127996...
- ↑ (Ingelesez) Biggers, Shirley Hoover. (2015). British Author House Museums and Other Memorials: A Guide to Sites in England, Ireland, Scotland and Wales. McFarland ISBN 9781476600222. OCLC 606882695...
- ↑ (Ingelesez) Birmingham, Kevin. (2014). The Most dangerous book: The Battle for James Joyce Ulysses. Head of Zeus ISBN 9781784080723. OCLC 894758831...
- ↑ (Ingelesez) Bowker, Gordon. (2012). James Joyce: A New Biography. Farrar, Straus and Giroux ISBN 9780374178727. OCLC 802264865...
- ↑ (Ingelesez) Boyle, Robert. (1978). James Joyce's Pauline Vision : A Catholic Exposition. Southern Illinois University Press ISBN 0809308614. OCLC 1150108528...
- ↑ (Ingelesez) Lernout, Geertz. (1992). The French Joyce. University of Michigan ISBN 9780472101955. OCLC 980940048...
- ↑ (Ingelesez) Bulson, Eric. (2006). The Cambridge Introduction to James Joyce. Cambridge University Press ISBN 1879373300. OCLC 442719108...
- ↑ (Ingelesez) Cheng, Vincent John. (1995). Joyce, Race, and Empire. Cambridge University Press ISBN 0521431182. OCLC 1150121186..
- ↑ (Ingelesez) Coolahan, John. (2010). "Higher Education, 1908-84". In Hill, J. R. (ed.). A New History of Ireland Volume VII: Ireland, 1921-84.. Oxford University Press, 758–759 or. ISBN 9780199592821. OCLC 701552783...
- ↑ (Ingelesez) Davies, Stan Gébler. (1982). James Joyce: A Portrait of the Artist. Granada ISBN 9780586056394. OCLC 1194438647...
- ↑ (Ingelesez) Jackson, John Wyse; McGinley, Bernard. (1993). "Afterward: 'Clay'". Dubliners: An Annotated Edition. St. Martins Press ISBN 9781856191203. OCLC 1256246736...
- ↑ a b (Ingelesez) Davison, Neil R.. (1998). James Joyce, Ulysses, and the Construction of Jewish Identity: Culture, Biography, and 'the Jew' in Modernist Europe. Cambridge University Press ISBN 9780511581830. OCLC 939797702...
- ↑ (Ingelesez) Osteen, Mark. (1995). The Economy of Ulysses: Making Both Ends Meet. Syracuse University Press ISBN 9780815626534. OCLC 1035657242...
- ↑ (Ingelesez) Osteen, Mark. (1995a). The Economy of Ulysses: Making Both Ends Meet. Syracuse University Press ISBN 9780815626534. OCLC 1035657242...
- ↑ (Ingelesez) Kiberd, Declan. (1996). "James Joyce and Mythic Realism". Inventing Ireland. Harvard University Press, 327–358 or. ISBN 9780099582212. OCLC 1035758855...
- ↑ (Ingelesez) Davison, Neil R.. (1998). James Joyce, Ulysses, and the Construction of Jewish Identity: Culture, Biography, and 'the Jew' in Modernist Europe. Cambridge University Press ISBN 9780511581830. OCLC 939797702...
- ↑ (Ingelesez) Fairhall, James. (1993). James Joyce and the Question of History. Cambridge University Press ISBN 0521402921. OCLC 1035904934...
- ↑ (Ingelesez) Hutchins, Patricia. (2016). James Joyce's World.. Taylor & Francis ISBN 9781317230359. OCLC 1061144722...
- ↑ (Ingelesez) Jung, Carl Gustav. (1975). "Ulysses: A monologue". In Read, Herbert; Fordham, Michael; Adler, Gerhard; McGuire, William (eds.). The Spirit in Man, Art, and Literature. Bollingen Series. Vol. XX. Translated by Hull, R. F. C. Princeton University Press, 117–134 or. ISBN 0691097739. OCLC 1245812059...
- ↑ a b (Ingelesez) Sollers, Phillippe. (1978). "Joyce & Co.". In Hayman, David; Anderson, Elliott (eds.). In the Wake of the Wake.. University of Wisconsin Press, 107–122 or. ISBN 9780299076009. OCLC 1150051810...
- ↑ a b (Ingelesez) Shloss, Carol Loeb. (2005). Lucia Joyce: To Dance in the Wake. Picador ISBN 0312422695. OCLC 1150291846...
- ↑ a b (Ingelesez) O'Brien, Edna. (2000). James Joyce. Phoenix ISBN 9780753810705. OCLC 1194438672...
- ↑ a b (Ingelesez) Potts, Willard. (1979). "August Suter". In Potts, Willard (ed.). Portraits of the Artist in Exile: Recollections of James Joyce by Europeans. University of Washington Press, 59–60 or. ISBN 0295956143. OCLC 1256510754..
- ↑ a b (Ingelesez) McCourt, John. (2019). "After Ellman: The State of Joyce Biography". In Bradford, Richard (ed.). A Companion to Literary Biography. Wiley Blackwell, 529–546 or. ISBN 9781118896297. OCLC 1060993112...
- ↑ (Ingelesez) Caraher, Brian G.. (2009). "Irish and European politics: nationalism, socialism, empire".. Cambridge University Press, 285–298 or. ISBN 9780801825439. OCLC 1150093431...
- ↑ a b (Ingelesez) Manganiello, Daniel. (1980). Joyce's Politics. Routledge & Kegan Paul ISBN 0710005377. OCLC 1150084929...
- ↑ a b (Ingelesez) Lernout, Geertz. (2010). Help My Unbelief: James Joyce and Religion. Bloomsbury Publishing ISBN 9781441106407. OCLC 741691064...
- ↑ (Ingelesez) Cope, Jackson I.. (1981). Joyce's Cities: Archaeologies of the Soul. Johns Hopkins University ISBN 9780521886628. OCLC 900420355...
- ↑ a b (Ingelesez) Costello, Peter. (1992). James Joyce: The Years of Growth. Roberts Rineheart ISBN 1879373300. OCLC 856717658...
- ↑ (Ingelesez) Cheng, Vincent John. (1995). Joyce, Race, and Empire. Cambridge University Press ISBN 0521431182. OCLC 1150121186...
- ↑ (Ingelesez) Coolahan, John. (2010). "Higher Education, 1908-84" In Hill, J. R. (ed.). A New History of Ireland Volume VII: Ireland, 1921-84.. Oxford University Press, 758–759 or. ISBN 9780199592821. OCLC 701552783...
- ↑ «Funtsak: Artistaren gaztetako portreta /» kmliburutegia.net (Noiz kontsultatua: 2018-11-05).
- ↑ a b Nor da nor/EIZIE. (Noiz kontsultatua: 2018.06.09).
- ↑ «Funtsak: Dublindarrak /» kmliburutegia.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-05).
- ↑ «Funtsak: Ulises /» kmliburutegia.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-05).
Kanpo estekak
aldatu