Jai
- Artikulu hau ospakizunari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Jai (argipena)».
Jaia edo festa —Ipar Euskal Herrian eta Nafarroa Garaian besta— jendeak giro alaian parte hartzen duen gizarte ospakizun mota bat da. Oso kontzeptu zabala da: lagun taldeko kideek edo familia batek elkarrekin egon eta dibertitzeko soilik antolaturiko bilkura bereziak eta parrandak zein erakunde ofizialek antolatu eta herritarrek ikusle gisa bakarrik parte hartzen duten ekitaldiak dira jaiak. Herri elkarteek, ikastegiek eta bestelako gizarte instituzioek ekimen bat sustatzeko, pertsonaia baten omenez eta gertaera edo beste zerbaiten gorazarrez bultzaturiko ekimenak ere, betiere herritarren parte hartzeaz, jaiak dira. Jaialdi hitza erakunde batek aurrez antolaturiko jai ekitaldi baterako erabiltzen da [1].
Antropologiatik bereziki aztertzen den gaia da jaia, erritu moduan. Horrela, jaia gizatalde baten ideologia soziala irudikatu eta indartzen duen ekitaldia da. Zehatzago jaia erritual iniziatikoa da iritsi berrientzat, gizabanakoa taldean eta gizartean integratzen laguntzen duena eta, aldi berean, identitate-erritua, taldearen nortasuna indartzen duena.
Jaiak Euskal Herrian
aldatuKultura baten oinarrizko elementua izanik, pertsona bat jaio eta berehala hasten dira ospatzen jaiak bere inguruan. Euskal Herrian, jaiotza eta bataioen ospakizun jaiak eta bazkariak, familia giroan, ohizkoak dira. Haur baten urtebetetzeetan ere jaiak ospatzen dira. Haurren ikastegietan ere ohizkoak dira jaialdiak, non gurasoek ere parte hartu ohi duten [2]. Nerabezarora heltzean, ohizko bihurtzen dira lagun arteko jaiak, ikasturte amaiera ospatzeko esaterako, eta afari baten inguruan. Gaztetxoen jaietan arruntak dira jana, edari ugari eta musika alaia. Gazteek parte hartzen duten jaietan alkoholdun edarien gehiegikeriak eta bestelako drogen kontsumoak kezka eragin dute gizartean [3]. Gazteen berezko jai hauek jatetxe, gaztetxe [4], lokal eta garajeetan [5] eta kalean bertan[6] ospatzen dira.
Gazteen antzera, helduek ere jaiak ospatzen dituzte. Ohizkoa da koadrilak elkarte gastronomiko edo soziedade, jatetxe, sagardotegi edo etxean bertan biltzea jai bat ospatzeko elkarrekin afalduz.
Jendetza handia, haur, gazte eta heldu, biltzen da herriko jaietan, Errenteriako Madalenak edo Usurbilgo Santixabelak esaterako, baina zalantzarik gabe mundu osoan ospe handiena duen herriko jaia Iruñeko Sanferminak dira. Herriko jai batzuetan desfile edo martxak egiten dira, hala nola Donostiako Danborrada eta Hondarribiko Alardea. Hiriburuetan ospatzen diren udako jaiek ere, Bilboko Aste Nagusia esaterako, jende asko erakartzen dute. Herri txikietan eta nekazal giroan erromeriak ere ospatzen dira.
Urtean zehar jai egutegi zabala dago Euskal Herrian. Urteko lehenengo egunean bertan, urtezahar gaueko jaia ospatzen da, inguruko kulturetan bezala. Otsailaren 5aren bezperan herri askotan ospatzen da Santa Ageda jaia. Iñauteriak dira urteko jai ikusgarrienetako bat eta hauetan Tolosako iñauteriak aipatu behar dira. San Joan suak Euskal Herri osoan zehar egiten dira. Hainbat herritako berariazko jaiak badaude, hala nola Lazkaoko Astotxo Eguna [7] edo Hondarribiko Kutxa entrega.
Arestiko tradizio jai hauetaz gainera, herriko elkarteek eta erakunde publikoek bultzaturiko jai asko ospatzen dira. Aipamen berezia behar dute euskara eta ikastolak sustatzeko Kilometroak, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Nafarroa Oinez eta Herri Urrats jaiek. Halaber, herri askotan sagardo egunak eta antzekoak antolatzen dira.
Euskal Herriko kirolariek egindako balentriak ospatu edo besterik gabe beraiei animo emateko ere, jai giroko ospakizunak izaten dira [8].
Ikus, gainera
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ Musika eta dantza jaialdi bikaina izango da ostiralean plazan, Diario Vasco, 2009-04-29.
- ↑ (Gaztelaniaz) Fiesta de la ikastola Larramendi y del colegio Bentades, en Mungia, Deia, 2007-06-16.
- ↑ Algarak limurturik eta arriskuei adi[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2009-04-02.
- ↑ (Gaztelaniaz) Diálogo con los gaztetxes, Euskadiko Gazte Kontseilua, 2008ko maiatza.
- ↑ (Gaztelaniaz) Los locales de jóvenes, a examen, Noticias de Gipuzkoa, 2007-11-18.
- ↑ (Gaztelaniaz) Las distintas caras del "botellón", Noticias de Gipuzkoa, 2007-07-01.
- ↑ (Gaztelaniaz) Lazkao se vestirá mañana de gala para acoger el Astotxo Eguna, Diario Vasco, 2007-01-06.
- ↑ (Gaztelaniaz) La fiesta toma las calles, Correodigital, 2009-05-12.