Izurri Atlantikoa
Izurri atlantikoa Europako mendebaldeari 1590ko hamarkadatik aurrera eragin zion izurriaren epidemia izan zen. Euskal Herrian 1597-1600 inguruan egon zen aktibo, nahiz eta lehenago eta geroago kasu batzuk ere izan ziren. Flandriatik iritsita, eragin nabarmena izan zuen Gaztelan. Euskal Herriko herri batzuetan, bereziki Pasaia, Donostia eta Oñatin eragina larria izan zen.
Bilakaera
aldatuIzurri atlantikoa izena eman zaio gertakari horri, aurreko epidemia ia guztiak Mediterraneoari lotuta egon baitziren (nahiz eta Euskal Herrian ohikoa izan Donejakue Bideari lotuta hastea), eta kasu honetan Atlantikotik iritzi zelako Iberiar penintsulara[1].
Gaztelara iritsiera
aldatuIzurri atlantikoa Flandriatik Santanderrera iritsi zen Rodamundo itsasontzian izan zuen jatorria. Bertara Castro Urdialesko Bartolomé de San Juan izeneko bat sartu zen Calaisko portuan, eta hirira iristean azkar sakabanatu zen izurria Gaztelara eta Atlantikoko beste portuetara[2]. 1596ko abenduaren 4an Santanderrek epidemia iritsi zela adierazi zuen eta gaixo guztiak hiritik kanporatu zituen, gaixotasuna inguruko herrietara hedatuz. Hortik Gaztelako goi-ordokira hedatu zen, ipar-hego norabidean, Andaluziara iritsi arte. 1597an Lisboara iritsi zen (eta hortik beste foku batzuk sortu ziren), 1598an Oviedora, Burgosera, Valladolidera, Madrilera eta Toledora[1].
Euskal Herrian
aldatuDokumentuak | |
---|---|
Crónica de la peste en Pasai Donibane | |
Carta sobre la peste del Bachiller Vilaviciosa al Ayuntamiento de Pamplona |
Kantabriatik Bilbora iristea ekiditeko Bilbok bere ateak itxi eta merkantziak behatzeari ekion zion 1597-1598 urteetan. 1596ko abuztutik urrira Hondarribian izurria sartu zen, eta data berdintsuetan Pasaian[3]. Pasaiara Donostiatik etorri zela zioen garai hartako apaizak, "emakume arrain-saltzaile batzuek Castro [Urdialestik] zetozen oihal merke eta on batzuk erosi zituztelako, garesti eta txar atera direnak"[4]. Garai horretan Alemaniatik etorritako bi bidaiarik egoeraren berri jaso zuten: Hernanin lo egin zutenean, hiria itxita zegoen izurriaren beldur[5]. 1597ko urriaren 21ean Pasaiaz gain, Lezon eta Errenterian ere hedatuta zegoen, eta gatazka zegoen Lezoko ontziolan egiten ari ziren barkuetako langileak Errenteriara bidali nahi zituztelako baina han ez zituztelako hartzen[4]. Gaixotasunaren berri gutuna bidali zuten Iruñera, azalpenekin[4].
Jada 1598aren hasieran izurria Lekeitio, Soraluze eta Oñatira iritsi zela jakinda, herri gehienak gotortu ziren, baita Bilbo ere. Hala ere, urte horretako otsailean izurria Bilbora iritsi zen, eta urtebete egon zen hirian, harik eta 1599ko martxoan lehen agerraldi hori gelditu zen arte; baina atsedenik gabe, 1599ko udatik azarora bigarren bat egon zen[3]. 1599an Legazpira iritsi zen, Mirandaola burdinolako familia osoa hil zen ama izan ezik[6]. Herrien arteko mugak ixteak arazo larriak ekarri zituen elikaduran. Gipuzkoak, adibidez, Arabatik pasatzen zen gariaren beharra zuen; egoera ikusita, Arabak egoera probestu zuen gariarekin espekulatzeko, guardiak jarrita San Adriango baselizan. Bertatik pasatzen zen garia Segurara iristen zen, eta segurarrek, desesperazioaren ondorioz, gari lapurtu eta itzainak bahitzera iritsi ziren, gerora beraiek erabakitako prezioan inguruko herriei salduz[7].
Parterik txarrena Oñatik eraman zuen. Herriak bere biztanleen herena, 1.200 pertsona inguru, galdu zituela kalkulatzen da. Gainera, denbora horretan inguruko herrietatik isolatuta egon zen, bizirauteko beharrezkoa zen garirik gabe, eta gaixotzeko beldurrez ziren askok mendira jo zuten, aziendak hiltzen utziz edo arboletako fruituak jaso gabe. Goseak, izurriarekin batera, biztanleriaren herena inguru hil zituen. Arantzazuko Santutegiak ere egoera gogorra izan zuen, heriotzaz gain ez baitzuen bizirauteko nahiko janari lortzen[7]. Kontrapartean Bergara egon zen. Inguruan foku garrantzitsuak zituen (Oñati eta Soraluze hasieran, Legazpi eta Gasteiz geroago) eta gari azoka garrantzitsua zen. Hala ere, bi urtez ia itxita egon ziren, eta lortu zuten gaixotasuna herrian ez sartzea; eragin ekonomikoa esanguratsua izan zen Eibarren eta Elgoibarren, baina salbu egotea ere lortu zuten[7].
Arabak garia gorde zuen, espekulatu ahal izateko. Baina 1598tik aurrera Gasteizek[8] eta Agurainek[7], gutxienez, izurria ere pairatu zuten eta, orduan, Gipuzkoako itzainak ziren salgarriak eramaten ez zituztenak Arabara. Gasteizek garaian zituen 5.000 biztanletik 2.000 hil zirela kalkulatu zuen Martin Perez de Viñaspre Lantziegoko apaizak[8]. 1598ko urrian izurria zegoen Aiaraldean, Orozkon eta Gasteiz inguruko hainbat herritan[9].
Aragoiko Erresuma
aldatuAragoiko Erresuman ohikoak ziren izurriak, bereziki Bartzelona, Lleida eta Zaragozan[10], baina kasu honetan ez zen bertaraino iritsi, hegoaldean dauden hainbat hiri kenduta, Alacant eta Valentzia inguruan[1].
Hildakoak
aldatuIzurri atlantikoa ez zen itzali guztiz 1604ra arte; milioi erdi pertsona hil zituen Gaztelan[2], biztanleriaren % 9,43[1]. Ez dakigu zenbat pertsona hil ziren Euskal Herrian, baina badakigu kopurua ez zela txikia izan. Bilboko bederatzi mediku eta zirujanoetatik, herena hil zen. Hondarribian 219 pertsona hil ziren 1597ko abuztuaren 8tik urriaren 21era, eta Pasaian data berberen artean beste hainbeste (36 gizonezko eta 183 emakume[oh 1]). Pasaian izurriak iraun zuen eta herrian bizi ziren 807 biztanleetatik 364 hil ziren, % 45,1[3]. Lekeition gutxienez 500 pertsona hil direla esaten da dokumentazioan[11]. Gainera, Izurri atlantikoak Espainia[12] zein euskal hiriak krisi ekonomiko larrian utzi zituen.
Oharrak
aldatu- ↑ Emakume askorik lanik txarrenak ematen zitzaizkien, bereziki ospitaleetan gaixoen zainketa eta garbiketa. Pasaian kontratatu zituzten emakume ia guztiak hiltzen ziren, denbora laburrean, eta iritsi zen une bat emakumeak kontratatzea zaila zela.
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c d Tolosa, Alfonso Arráez. (2018). «El paso de la epidemia de la peste Atlántica de 1596-1602 por Almansa» Al-Basit: Revista de estudios albacetenses (63): 175–214. ISSN 0212-8632. (Noiz kontsultatua: 2021-02-05).
- ↑ a b Alvar Ezquerra, Alfredo. (1983). «Madrid reflejo de los problemas sanitarios de la península: la peste de 1596 vista por un galeno de la Corte» Anales del Instituto de Estudios Madrileños (Instituto de Estudios Madrileños) XX: 203-218. ISSN 0584-6374..
- ↑ a b c «Bilbaopedia - Peste Atlántica» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2021-01-12).
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) Cruz Mundet, J. R.. Negro Centenario: La peste bubónica en Oarsoaldea. Errenteriako Udala (Noiz kontsultatua: 2021-01-12).
- ↑ Estibaus » Gerra eta izurri garaietako gertakari baten inguruan. (Noiz kontsultatua: 2021-01-12).
- ↑ Martín, Ramón. (2005). «Mirandaola y la peste de 1598» Txinpartak 10: 7-8..
- ↑ a b c d Azpiazu, José Antonio, 1944-. (2011). Esa enfermedad tan negra : la peste que asoló Euskal Herria (1597-1600). Ttarttalo ISBN 978-84-9843-316-6. PMC 743393897. (Noiz kontsultatua: 2021-01-20).
- ↑ a b Ferreiro Ardións, Manuel; Lezaun Valdubieco, Juan. (2007). La enfermería en las epidemias de peste del siglo XVI en Vitoria. (Noiz kontsultatua: 2021-02-05).
- ↑ Marijuán, María Rosario Porres. (1984). «Vitoria ante la crisis del último cuarto del siglo XVI» Vasconia: Cuadernos de historia - geografía (4): 75–96. ISSN 1136-6834. (Noiz kontsultatua: 2021-02-06).
- ↑ «Ensayo y Testimonio: Un enemigo mortal e invisible» www.pamiela.com (Noiz kontsultatua: 2021-02-05).
- ↑ Dueñas, E. X.; Irigoien, I.. (1997). «La fiesta, recuerdos y vivencias: entorno festivo en la historia de la villa marinera de Lekeitio» Zainak. Cuadernos de Antropología-Etnografía 15: 101-139..
- ↑ Alarcia, D. T. (2012). La peste Atlántica en Santo Domingo de la Calzada (1599). Berceo, (162), 85-119.