Izenlagun

izenaren ezkerrean azaldu ohi den adjektiboa

Izen-sintagmaren osagaien artean, izenlagun deritzo adjektiboaren funtzio bera betetzen duen baina atzizki berezia (-en ala -ko) daraman beste osagai bati: euskal gramatikan, gainerako deklinabide-atzizkien parekotzat hartzen dira, hots, haien ezkerretara izen-sintagma dago. Beraz, izen-sintagma baten barruan beste izen-sintagma bat egon daiteke, eta haren barruan beste bat, eta horrela:

  • Gizon horren etxeko txakurraren zaunkak entzun nituen.
  • Gizon horren etxeko txakurraren zaunkak = izen-sintagma
  • Gizon horren etxeko txakurraren = izenlaguna
  • Gizon horren etxeko txakurra = izen-sintagma
  • Gizon horren etxeko = izenlaguna
  • Gizon horren etxea = izen-sintagma
  • Gizon horren = izenlaguna

Hor hiru izenlagun daude bata besteari itsatsirik. Izenlaguna, hortaz, osagai errepikakorra da izen-sintagmaren barnean: teorian behintzat, nahi adina luza liteke bata besteari kateatutako izenlagunen kopurua:

  • Baztango mendi hartako gizon horren etxeko txakurraren zaunken zarataren bitxitasunak esnatu ninduen.

Adibide horretan izenlagunak bata bestearen osagai dira. Baina bestelako izenlagun-pilaketak ere gerta daitezke, adjektiboenak gertatzen diren bezala:

  • Bilboko gure betiko lagunak agurtuko ditugu.

Izen-sintagma horretan hiru izenlagun daude: Bilboko, gure eta betiko, baina ez dago bata bestearen barnean txertaturik, ez da bata bestearen osagai, baizik hirurak dira lagun izenaren aldarazle edo zehaztaile. Era horretako izenlagun-metaketek muga handiagoak dituzte. Maiz anbiguotasunak gertatzen dira, gainera. Horregatik, hiruzpalau izenlagunetik gora nekez elkartzen dira:

  • Jonen atzoko argazkia.
  • Aipatutako arazoari buruzko Jonen atzoko gutuna.
  • Jonen atzoko aitaren argazkia.

Azken adibideak zer esan nahi duen jakitea ez da samurra. Halakoetan, hortaz, anbiguotasunetik eta sintagma astunegietatik ihes egiteko estrategiak bilatzen ditu hiztunak. Beraz, izenlagun-pilaketak daudenean, pilaketa horiek ez dira beti modu berean egituratzen: batzuetan, bata bestearen osagai izan ohi dira (Baztango mendi hartako gizon horren etxeko txakurraren zaunken zarataren bitxitasunak esnatu ninduen), baina, beste batzuetan, izenlagun desberdinak izen berari dagozkionak izan daitezke (Bilboko gure betiko lagunak agurtuko ditugu). Hortik sortzen dira, sarritan, anbiguotasunak. Nolanahi ere, izenlagun deitura osagaiaren funtzioari dagokio, ez kategoriari. Kategoriaren aldetik, izenlagunak postposizio-sintagmak (-ko atzizkia dutenak) edo kasu-sintagmak (-en atzizkia dutenak) dira. Perpausaren gainerako osagaiak ere, duten funtzioa gorabehera (subjektu, osagarri, adizlagun, etab.), kasu-sintagma edo postposizio-sintagma kategoriakoak direla esaten den bezala.

-ko atzizkia

aldatu

-ko atzizkia postposiziotzat hartzen da. Jadanik deklinatua dagoen postposizio-sintagmari (mendiAN, etxe harTARA, guREKIN, etab.) edo leku-denborazko aditzondoari (atzo, hemen, gero, han, etab.) eransten zaio:

  • MENDIKO gurutzea (‘mendian den gurutzea’) (mendian -ko > mendiko)
  • ETXE HARTARAKO bidea (‘etxe hartara doan bidea’) (etxe hartara -ko > etxe hartarako)
  • GUREKIKO arazoak (‘gurekin diren arazoak’) (gurekin -ko > gurekiko)
  • ATZOKO istripua (‘atzo izan zen istripua’) (atzo -ko > atzoko)
  • HEMENGO neskak (‘hemen diren neskak’) (hemen -ko > hemengo)

Baina bada beste -ko bat zuzenean izen-sintagmaren gainean eraikia dena eta ez postposizio-sintagma baten gainean:

  • Bihotz oneko neska.
  • Lau hankako mahaia.

Horrelakoetan, alferrik hasiko gara azpian dagokeen postposizio-sintagmaren bila: bihotz oneko neska ez da *bihotz onean dagoen neska, adibidez, bihotz ona duen neska baizik. Gorago ikusi den bezala, izen-predikatu zenbaiti ere (bi metro luze; izarra baino ederrago bezalakoei) -ko erantsi ohi zaie izen-sintagmaren barruan txertatuko badira:

  • Bi metro luzeko gizona.
  • Izarra baino ederragoko andrea.

Eta, azkenik, bada oraindik beste hirugarren -ko bat, banakaria edo dei genezakeena:

  • Kiloko mila pezeta emango dizkizut.
  • Zuzendariak arduradun bat jarriko du taldeko.

Halakoei banakari edo banatzaile deritze, banakari zentzua baitute: Kilo bakoitzeko honenbeste emango dizut, talde bakoitzeko arduradun bat, etab. Baina azken -ko hori ez da izenlagun, adizlagun baizik.

-en atzizkia

aldatu

Atzizki hori ere, nolabait, -ko-ren parekoa da. Baina bi atzizkiek oinarri desberdina eskatzen dute. Hau da: -ko, normalean, postposizio-sintagmari edo izen-predikatu berezi batzuei gehitzen zaie, eta -en-ez osatua, berriz, gehienetan, nor, nori edo nork sintagmen bidez parafrasea daiteke. -ko atzizkidun izenlagunak onartzen dituen parafrasiak, horregatik, MENDIKO gurutzea, ETXE HARTARAKO bidea, GUREKIKO arazoak, ATZOKO istripua adibideetakoak ez bezalakoak izango dira:

  • AITAREN etxea (‘aitak etxea du’ perpausarekin lot daiteke).
  • NESKA HORREN argazkia (‘neska horri argazkia egin diot’ perpausarekin erlaziona daiteke, adibidez).
  • DIRUAREN beharra (‘dirua behar dut’ perpausa parean du, agian).

Kontua da, perpaus mailan aditzarekin harremanetan dauden osagaiak –nor, nori eta nork sintagmak alde batetik, eta gainerako posposizio sintagmak bestetik– atzizki egokiaz horniturik agertzen diren bezala, izen-sintagma mailan, izenarekin harremanetan jarri nahi diren osagaiek, izenlagunek, -en edo -ko atzizkiak dituztela eskura. Beraz, perpaus mailan era guztietako osagaiak aurkitu daitezkeen bezala, izen-sintagma mailan bi aukera horiek besterik ez dago. Horregatik, izen-sintagmak perpausak baino askoz osagai gutxiago onartuko ditu. Hori alde batetik. Eta, bestetik, agertzen diren izenlagunek, askotan, anbiguotasuna sor dezakete. Esate baterako, Jainkoaren maitasuna sintagman, Jainkoaren eta maitasun izenaren artean dagoen erlazioa bikoitza da. Hain zuzen, horren parafrasitzat eman daitezkeen perpausetan gertatzen ez den anbiguotasuna izango da:

  • Norbaitek JAINKOARI dion maitasuna. / Norbaitek JAINKOA maite du. (= Jainkoaren maitasuna).
  • JAINKOAK norbaiti dion maitasuna. / JAINKOAK norbait maite du. (= Jainkoaren maitasuna).

Horregatik, perpaus mailan aditzaren inguratzaileek kasu- eta postposizio-sintagmen aukera sorta handia badute ere, sorta hori erabat murrizten da izen-sintagman, funtsean bi atzizki besterik ez baitago eskura. -en, hortaz, kasu gramatikalekin erlazionatzen da, eta -ko postposizio-sintagmekin. Esan daiteke, horrenbestez, -en ere kasu-marka dela (genitiboa) eta -ko postposizioa dela. ETXEAREN kasu-sintagma da, eta ETXEKO, berriz, postposizio-sintagma.

Noiz -en eta noiz -ko?

aldatu

Batzuetan, zalantza sor daiteke -en ala -ko erabili behar ote den, bi-biak baitira zilegi, baina interpretazioa desberdina gertatzen da. Honako bi sintagma hauen esanahia desberdina da, adibidez:

  • ELIZAREN isiltasuna. / ELIZAKO isiltasuna.

Batean ELIZAK (izaten, erakusten, agertzen…) DUEN isiltasuna aipatzen da. Bigarrenean, ELIZAN (egoten, aurkitzen...) DEN isiltasuna. Berdin gertatzen da Zuhaitzaren soinua ("Zuhaitzak egiten duen soinua", adarrekin edo) eta Zuhaitzeko soinua ("Zuhaitzean dagoen soinua": adibidez, han diren txorien txioak) izen-sintagmetan. Horrelako kasuetan, -en jabetza-genitiboa dela esaten da, posesiboa, alegia. eta, beraz, norbaitek duen zerbaitez aritzeko balio du. -ko atzizkia, berriz, lekuzkoa da, eta, horrenbestez, lekuzko adizlagunen batera joz erabaki daiteke auzia. Gehienetan, Noren? zein Nongo? galde hitzen arteko aukera izaten da. Dena den, batzuetan biak dira zilegi:

  • Euskal Herriaren historia. / Euskal Herriko historia.
  • Nobela honen bigarren atala./ Nobela honetako bigarren atala.

Baina horrelakoetan ere, pentsa liteke ikuspegi desberdina hartzen dela atzizki bat aukeratzen denean eta beste bat aukeratzen denean. Beste batzuetan, diferentzia funtsezkoa da:

  • Mila pezetako kafea.
  • Mila pezetaren kafea.

Mila pezetako kafea, zenbateko kafea da, zein preziotakoa, alegia. Mila pezetaren kafea, berriz, ‘zenbat kafe’ adierazteko erabiltzen da, kafearen prezioa zein den kontuan hartu eta mila pezetaren truke eros daitekeen kafea, alegia.

Hitz-elkarketa eta izenlaguna

aldatu

Sarritan, izenlagunaren ordez hitz-elkarketaz balia gaitezke:

  • Euskarako irakaslea. / Euskara-irakaslea.
  • Familiaren arazoak. / Familia-arazoak.

Hala ere, kontuan izan hitz-elkarketa ezkerreko osagaia generikoa denean bakarrik dela zilegi, zehaztu gabea, alegia. Beraz, erreferentzia ongi mugatua duen osagaia bada, hitz-elkarketaren bidea itxita egongo da. Hori horrela dela ikusteko, aski da gogoan hartzea erakusledun sintagma mugatu bat:

  • Familia honen arazoak.
  • Familia honetako arazoak.
  • *Familia hau arazoak.

Izenlagunaren kokagunea

aldatu

Izenlagunaren ohiko kokagunea izenaren ezkerretara dago. Gainera, normalean, izen-sintagmaren ezkerreko muturra hartuko du, gerta daitezkeen gainerako zenbatzaile eta abarrei izenaren ondo-ondoko lekua utziz:

  • Aitaren zazpigarren alaba.
  • Atzoko bi lagunak.
  • Dendaren beste jabea.

Hori da ordena arrunta. Horrela jokatu ezean, gainera, bestelako esanahia izango litzateke zenbaitetan:

  • Aitaren zazpigarren alaba. / Zazpigarren aitaren alaba.
  • Dendaren beste jabea. / Beste dendaren jabea.

Zenbaitetan, hala ere, izenlagunak har dezake adjektibo arrunten kokagune bera, izenaren eskuinetara, alegia:

-ko eta -en, izen-predikatuan

aldatu

-ko-dun sintagma postposizio-sintagma da, eta -en daramana, kasu-sintagma. Gehienetan, izenaren ezkerretara aurkitzen dira, izenari lagunduz. Horregatik, izenlagun-funtzioa betetzen dute, baina holako sintagmak, adjektiboa bezalaxe, izen-sintagmatik kanpo ere aurkitu daitezke. Izen-predikatu gisa agertuko dira. Adibidez:

  • Mutil horiek Bilbokoak dira. (ez, *Bilboko dira)
  • Ogi hau atzokoa da. (ez, *atzoko da)
  • Liburu hau gizon horrena da. (ez *gizon horren da)

Horrelakoetan, mugatzailea eraman behar du, normalean. Batzuetan, hala ere, -ko eta -koa biak dira zilegi, nahiz eta esanahia desberdina izan:

  • Ogi hau gaurkoa da.
  • Ogi hau gaurko da.

Gaurkoa esatean, ogiaren ezaugarri bat adierazten da: gaur egina dela, alegia. Gaurkoa hori izen-predikatua da; aldiz, gaurko esatean, ogia noizko den esaten da, ogi horren nolabaiteko helburuaz edo adierazten da, gaur jateko dela, adibidez: adizlagun soil da.

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu