Indarkeria ez aktibo
Indarkeriarik ez aktiboa[oh 1][1], indarkeriarik ez aktiboa[1], ekintza indarkeriagabea edo erresistentzia pasiboa[2] desobedientzia zibilari lotutako protesta estrategia bat da. Aktibismo honen bitartez, indarkeria erabili gabe, aldaketa politiko edo soziala lortu nahi da. Protesta sinbolikoak eginez edo boterearen prozesuak oztopatuz gauzatzen da. Euskal Herrian, horrelako estrategiak aurrera eraman dituzten talde asko izan ditugu. Ospetsuena, ziur aski, Ipar Euskal Herriko demoak. Beste batzuk teoriaren eta ideien hedapenean lan egin dute batez ere, Bidea Helburu elkartea besteak beste.
Historia
aldatuIndarkeria-ez aktiboa indarkeria-ezari lotua dago, eta, hark bezala, oinarri ideologikoak Gandhiren pentsamenduan ditu, nahiz eta Gandhi baino lehenago ere borroka mota honen adibideak badiren.[3] Antigona greziar pertsonai mitologikoa da, eta Sofokles antzerkigileak idatzitako izen tragedian azaltzen du Kreontek debekatu egin zuela bere iloba Polinizeseri hileta-ohorerik ematea, baina Ediporen alaba Antigonak tiranoaren esana betetzeari uko egin eta anaia Polinizesen gorpuari lur eman zion. Horrela Legea eta kontzientziaren arteko talkaren adibide bilakatu zen.
Indarkeria-ezaren eta indarkeria-ez aktiboaren arteko desberdintasuna hau da: indarkeria-ezean pasibotasuna da nagusi, eta indarkeria-ez aktiboan, berriz, militantea ez da zain gelditzen, zerbait egiten du. Beraz, jokamoldearen ildo nagusia pasibotasuna izatean edo izatean datza bien arteko aldea.
Historian, asko izan dira ekintza politiko eta sozialerako bide hau aukeratu duten izen handiko pertsonalitateak:
Indarkeria-eza aktiboa Euskal Herrian
aldatuOrmazabalek Euskal Herrian aipatzen dituen lehenengo ekintza baketsuak eta aktiboak XV. mendekoak dira: mende horren erdialdean Eloko herriak uko egin zion Nafarroako Erresumako gobernadore Luis Infantearen tropetarako herrikideak erreklutatzeari, bai eta haren gerra finantzatzeari ere.[4] Hainbat urte geroago, foru pasea deritzoguna indarkeria-ez aktibotzat har daiteke.
XX. mendeko azken hamarkadetan borroka mota honek protagonismo handia hartu zuen. Hona hemen adibide batzuk:
- 1970an, Joseba Elosegik Francisco Francoren aurrean bere buruari su eman zion.
- Zentral nuklearren aurkako kanpainak. Gladys del Estal militantea Tuteran hil zuten horrelako ekintza batean (1979ko ekainaren 3a).
- Ibai garbi eta bizien aldeko ibai-jaitsierak.
- Amnistiaren aldeko kanpainak.
- Urkiolako harrobien aurkako eskalatzaileen ekintzak.
- Espainia NATOn sartzearen aurkako kanpaina.
- Festa demokratikoen aldeko antolaketak.
- Intsumisioaren aldeko kanpainak.
- Hutsik zeuden etxeen okupazioa.
- Bardeako tiro eremuaren aurkako mobilizazioak.
- Itoizko urtegia eraikuntzaren aurkako ekintzak.
Gaur egungo adibideak ere ugari dira:
- Abiadura handiko trenerako Euskal Herrian egin nahi diren azpiegituren (Euskal Y-a, Nafarroako korridorea eta TGVren Baiona-Hendaia bitarteko zatia) aurkako ekintzak.
- Atxiloketen aurkako giza harresiak.
- Erdaraz dauden bide seinaleak euskaratzeko kanpainak.
- Zilbetiko basoaren aldeko ekintzak.
Oharrak
aldatu- ↑ Wikipediako artikuluen izenburuak mugagabean idatzi behar dira, beraz: "indarkeria ez aktibo" da gramatikalki zuzena den titulua.
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b «Berria Estilo Liburua» www.berria.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-27).
- ↑ «Erresistentzia pasiboa 'autoritatearen aurkako atentatu gisa' hartuko du Espainiak» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-01-27).
- ↑ https://www.fuhem.es/media/cdv/file/biblioteca/Analisis/2013/Dossier_Desobediencia-civil-la-estrategia-necesaria_jun13.pdf
- ↑ Indarkeriarik gabeko 500 ekintza, 21.or.
Bibliografia
aldatu- Sabino Ormazabal Elola / Bidea Helburu Taldea: Indarkeriarik gabeko 500 ekintza. Historia kontatzeko beste modu bat. Bilbo: Manu Robles Arangiz Institutua, 2009. 179 or. ISBN: 84-607-7855-X. Interneten: http://archive.org/details/IndarkeriarikGabeko500Ekintza.HistoriaKontatzekoBesteModuBat. Liburu honek Creative Commons 2.1 lizentzia librea du.
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Bidea Helburu taldearen webgunea.
- Ormazabal, Sabino. Bidea Helburu eta Fora de Quadre: Ziztadak-Tánbanos dokumentala. Vimeon.