Hizkuntza estandar

estandarizazio bidez erabilera orokorrerako finkatu den hizkuntza-barietatea

Hizkuntza estandarra komunitate batean aski zabaldua eta era formalean nagusia den hizkuntzaren aldaera edo hizkera da, hezkuntzan, hedabideetan eta administrazioan gehien erabiltzen dena. Normalean, hizkuntza estandarrak ortografia eta gramatika arau finkatuak ditu, nolabaiteko autoritate batek proposatuak eta hiztun gehienek egoera formaletan bederen jarraitu ohi dituztenak.

Hizkuntza estandarra tokiko hizkerari kontrajartzen zaion arren, aipatu beharrekoa da askotan hizkuntza estandarrek tokiko hizkeretan dutela jatorria, hau da, estandarizazio prozesu bat burutu duten tokiko hizkuntzak direla, askotan merkatal eta administrazio zentruetan mintzatuak zirenak. Hala ere, tokiko hizkerak ez bezala, hizkuntza estandarra soziolekto bat da. Bestela esanda, gune geografiko bati lotu ordez, egoera sozial bati lotzen zaio.

Zenbait hizkuntzak forma estandarizatu bakarra du, japonierak adibidez. Beste zenbaitek, ordea, forma estandar bat baino gehiago dituzte, gune eta administrazio ezberdinetan garatuak izan direnak. Ingelesaren kasua da.

Euskarari dagokionean, hizkuntza estandarra euskara batua da.

Hizkera estandarren ezaugarriak

aldatu

Hizkera estandarrek azpiko ezaugarri gehienak izan ohi dituzte:

  • Testuinguru formaletan, eta batez ere hezkuntza, administrazio eta hedabide handietan erabiltzen da.
  • Kultur-ekoizpenetan presentzia nabaria du, literaturaren zati garrantzitsu bat hizkera honetan egina da.
  • Hizkuntza bateko hiztun gehienentzat ulergarria da, eta mintzatu ere mintza dezakete.
  • Gramatika, ortografia eta lexiko zehatz bat izaten dute, zuzentzat jotzen dena eta forma okerrak seinalatzen dituena.
  • Aurrekoa arautzen duen autoritate bat (edo gehiago) izan ohi dute, hiztun gehienek behintzat zilegitzat onartzen dutena.
  • Erakundeen nolabaiteko babesa izan ohi du.

Hizkeren estandarizazioa

aldatu
 
Aleman estandarra XVIII. eta XIX. mendeen artean garatu zen eta Luteroren Biblian oinarritu zen.

Hizkuntza baten forma estandarraren garapena modu ezberdinetan gerta daiteke. Alde batetik, tokiko hizkera bat estandartzat hartuz, eskuarki botere administratiboa den eremuan edo merkataritza gune garrantzitsuetan mintzatzen dena. Bestetik, hizkera ezberdinen ezaugarriak bateratuz ere osa daiteke hizkera estandarra. Batzuetan, iturri klasikoetara ere jotzen da hizkuntzaren zenbait aspektu estandarizatzeko.

Estandarizazio prozesuan hizkuntza horri dagozkion gramatika, lexikoa eta ortografia finkatzen dira, eta batzuetan eredu fonetiko bat ere ematen da. Hau bi modutan gerta daiteke: arautegien bidez (gramatika arauak eta hiztegiak ezarriz) edo ereduzko testuak seinalatuz. Bi kasuetan, proposamen horiek autoritatetzat hartu behar ditu hiztun komunitateak estandarizazioa gertatuko bada. Seinalagarri da arautegi edo ereduak finkatuko dituen autoritatea mota askotakoa izan daitekeela; erakunde publikoak, itzal handiko norbanakoak...

Azkenik, hizkuntza estandarra hiztunengan hedatzeko mekanismoak ere beharrezkoak dira. Horregatik, askotan hizkuntza estandarren agerpena estatu modernoen agerpenarekin batera gertatzen da. Izan ere, azken hauek kulturaren uniformizazioa ekarri ohi dute, tokian tokiko erakundeak bateratuz, hizkera administratiboa finkatuz eta hezkuntza ereduak ezarriz.

Estandarizazio prozesua goitik bultzatua ez den kasuetan, askotan Koiné hizkerak sortzen dira. Azken hauek hizkuntzaren barnean gertatzen diren hizkeren nahasketa eta homogeneizazioa dira, hizkera ezberdinetako jendeak elkarren artean dituen harreman ugari eta egonkorren ondorioz sortuak. Azken horren adibide litzateke garai helenistikoan garatu zen grezieraren aldaera, Koiné deitua: batasun politikorik gabeko gune ezberdinetako biztanleek antzeko hizkera mintza zezaketen, lingua franca gisa funtzionatzen zuena, gune haien artean zen merkataritza eta kultura trukaketa handia zirela eta.

Euskararen estandarizazioa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Euskara batua»

Lehenago saiakera batzuk egon baziren ere, euskara estandarra, edo euskara batua, XX. mendean bihurtu zen hizkuntza estandar. Auzo erderekin konparatuz (frantsesa eta gaztelera) prozesu berria izan da, ez da ordea berriki estandarizatu den hizkuntza bakarra.

Euskara batua osatzeko, gramatikaren alorrean, gipuzkeraren aditza eta erdialdeko hiru euskalkietako aldaerak hartu ziren oinarritzat, gainerako euskalkien berezitasunak ere kontuan hartuz. Ortografia eredu bat ere finkatu zen, hitzen aldaera fonetikoak hedaduraren eta erroen arabera estandarizatuz. Lexikoari dagokionez, euskalki guztietako aldaerak onartzen ditu, erabileraren arabera forma batzuk hobesten diren arren.

Euskararen estandarizazioa Euskaltzaindiak gidatu duen prozesua da. Azpimarratzekoa da euskararen batasuna eraikitzeko prozesua ez dela guztiz bukatua, Euskaltzaindiak oraindik ere arauak eta gomendioak argitaratzen baititu.

Ikus, gainera

aldatu
  Artikulu hau hizkuntzei buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.


Kanpo estekak

aldatu