Hirigintza hiriaren antolaketaz arduratzen den diziplina da. Diziplina konplexua izaki, beste hainbat jakintza-arlorekin erlazio zuzena du, besteak beste, arkitektura, lurraldearen antolakuntza, zuzenbidea, ingeniaritza, ekologia, soziologia eta politikarekin.

Donostiako 1884ko planoa.

Egile batzuk artearen esparruan kokatzen dute hirigintza, arkitekturarekin lotura nabarmenduz. Beste batzuk, aldiz, teknikatzat dute, hots, helburu bat lortzeko (kasu honetan, hiria edo lurraldea antolatzea) erabiltzen diren prozedura edo baliabide sorta gisa, adibidez, arestian aipatutako esparruak.

Hirigintza interes orokorraren aldeko jarduera da. Lehenbiziko hiri-plangintzek motibazio defentsiboa edo militarra izan zuten helburu, eta, dudarik gabe, horrek kolektibitatearen aldeko jarrera argia azaltzen du. Egungo legedietan funtzio publikoa argi eta garbi azaltzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruaren Legeak erakusten duen moduan: hirigintza, hain zuzen, interes orokorraren alde diharduen funtzio publikoa izango da, eta ez «hirigintzaren arloan sortzen diren gainbalioak esku pribatuek lortzeko bidea» [1].

Hirigintza diziplinaren atalak

aldatu

Nagusiki bi alor ezberdindu beharko genituzke hirigintzaren hausnarketa gauzatzerakoan, begirada bakarra ezartzea zaila bada ere: batetik, hiri edo lurralde ereduen azterketa, eta, bestetik, hiri edo lurralde-eredu horiek gauzatzeko beharrezko diren teknika eta egitasmoak.

Hiri edo lurralde-ereduak

aldatu

Lehenbiziko multzoan, lurralde edo hiri-ereduetan hain zuzen ere, diziplina eta gauzatzeko beharrezkoa den jakintza alorrak izango genituzke aztergai: Arkitektura, Paisaiagintza, Artea, Historia, Soziologia eta Ekologia, besteak beste. Bigarren multzoan, diziplina teknikoak nagusituko lirateke, hala nola Zuzenbidea, Ingeniaritza edo Ekologia.

Arestian aipatutako bi esparruok, historikoki, kausa eta ondorio erlazioa bazuten ere, egun Lurralde-antolamendua deritzon diziplinan bateratzen dira. Berton, balizko lurralde batek bere garapenerako nahi duen lurralde-eredua erabakitzen da, eta neurri aproposak hartzen dira asmoa aurrera ateratzeko. Euskal Herrian, Nafarroako Lurralde-Estrategia (NLE), edo EAEko Lurralde-Antolamendu Artezpideak (LAA) lurralde-eredu jakin bat proposatzen dute, eta, aldi berean, eredu hori gauzatzeko lanabesak edo gidalerroak aurkeztu. Legedi horren esanetan:

« LAAetan gaur egungo lurralde-eredua zuzentzeko jarduera-multzo konbinatu eta sinergikoa proposatzen da, etapa neoindustrialeko euskal gizartearen behar eta asmoekin bat eginez. »

—Lurralde Antolamendurako Artezpideak, Eusko Jaurlaritza, [2]

1997an argitaratutako 28/1997 dekretuan, otsailaren 11koa, Lurralde-Antolamendurako Artezpideak edo gidalerroak argitaratzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan. Hauek aurrean jartzen zituzten ereduak Euskal Hiria ezizena hartu zuen, eta euskal hiriburuen gune-anitzeko sistema zuen helburu. Egitura polinuklearra proposatzen zuten gidalerrook, inguru abiotikoa eta biotikoa gainjarriz eta EAEko lurralde eskualde funtzionaletan zatituz. Nafarroako Foru Erkidegoan, aldiz, 35/2002 foru-legeak lurralde-antolakuntzaren kezka azalarazten zuen, eta Nafarroako Lurralde Estrategiari irekitzen zion bidea.

Hirigintza teknikak

aldatu

Herri bakoitzaren legediak bere egitasmo eta teknika bereziak azaltzen baditu ere, orokorrean eta XIX. mendetik aurrera hiri-plangintza bilakatu da hiri edo lurralde-eredu bat gauzatzeko lanabesa. Plangintzaren diseinua hasierako datuen analisitik hasten da, bete beharreko minimoak ebazteko; udalerri batek, adibidez, etxebizitza askoren beharra izango du, edo industria-gune baten premia. Ondoren, ordenazio hori diseinatu egiten da planoan, hainbat faktoreen menpe: topografia, azpiegiturak, eguzkitapena, aurrekoarekin harremana, erabileren egokitasuna... Azkenik, plangintza teoriko hori gauzatzeko egin beharreko kudeaketa legalak eta ekonomikoak aztertzen dira.

Historia

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Hiriaren historia»

Hiria eta zibilizazioaren sorrera

aldatu

Hirigintzaren jarduerak hiria edo lurraldearen antolaketa du helburu; ekimen antolatuon hastapenak identifikatzea, ordea, zaila suertatzen da, Historian zehar planifikazio gabeko hiriak eraiki direlako. Horrela, hirigintza diziplina aditzeko, ezinbestekoa da zibilizazio baten euskarria. Zibilizazioa, aldiz, hainbat modutan definitu daiteke. Gideon Sjoberg arabera zibilizazio bat:

« Tamaina handiko komunitate bat, populazio dentsitate handiarekin eta bere baitan gordetzen dituena nekazaritza alorrekoak ez diren lanetan adituak diren gizabanakoak, eta tartean elite jantzi bat duena. »

—Gideon Sjoberg, [3]

 
Çatal Hükük antzinako hiriko aztarnak

Lehenbiziko giza kokalekuen sorrera azaltzeko bi teoria daude: alde batetik, teoria sorta batek argudiatzen du behin betiko finkatzearen arrazoi nagusia nekazaritza izango litzatekeela[4]. Bestetik, kontrako tesia defendatzen da, eta nekazaritza hain zuzen ere finkatze horren ondorio dela arrazoitu.[5]

Edozein kasutan, komunitate zientifikoak aho batez onartzen du aldaketa bortitz bat jazo zela K.a.-ko 7.000. urtean, aldaketa klimatikoa zela-eta. Garai horretan kokatu daitezke lehenbiziko hirien sorrera. Turkiako hegoaldean den Anatolia lurraldean, adibidez, K.a.-tik 6.500. urtean Çatal Hüyük hiria jaio zen. Hiri honek 10.000 biztanle izatera heldu zen mila urteren buruan. [6]

Antzinako hiriak

aldatu

Mendebaldeko kulturak Mediterraneo itsasoan kokatu du hiriaren kontzeptuaren jatorria, Kristo aurreko Grezia eta Erromako garaian hain zuzen ere. Alta, lehen lurralde planifikatuak K. a. 3000. urtean kokatu ditzakegu, Mesopotamiako hiri-guneetan. Besteak beste, Eridu, Ur, Erech, Babilonia, Assur eta Arbela hiriak izango genituzke adibide. Sumerko hiriok hiri-estatuen antolaketa eratu zuten, eta "beraien artean gutxienez hamaika hirietan, Ur, Erech, Larsa, Kish eta Nippur barnean zirela, aparteko dinastiak mantentzen ziren, eta batzuetan beraien arteko liskarretan sartzen ziren"[7].

Ur hiriak, adibidez, hiru zati nagusi zituen: antzina harresiz babestutako hiri zatia, temenos edo leku sakratua, eta kanpoko hiria. Ur hiria Sumer inperioa buru izan zen K. a. 2110 eta 2015 bitartean, eta Sumerko hiri-eredutzat hartzen da. Eraikuntza patioaren inguruan antolatzen zen, eta hiri-bilbearen dentsitate handiaren ondorio jo dute zenbait egileek. «Barnetik kanporako» eraikuntza hau, non gune pribatuek publikoek baino garrantzi handiagoa hartzen duten, hiri islamiarretan errepikatuko da orduz geroztik. Mendebaldeko kulturako hirietan, kalea eta, oro har, espazio publikoak dira hiriaren antolatzaileak; aldiz, mesopotamiar hirietan aurretik, eta islamiar hirietan ondoren, etxetik kalera antolatzen zen hiria, horrek dakarren kale-bilbe irregularrarekin. [8]

Antzinako hirietan topa dezakegu bai hazkuntza organikoko hiriekin eta baita hiri planifikatuekin ere. Hiri organikoan, herrixka batetik abiatutako hiriak hazkuntza-arau ez finkatuak jarraituko ditu. Horren adibideak Ur, Jeriko edo Çatal Hüyük hirietan topa ditzakegu. Egile batzuen arabera, plangintzaren gabezia horrek zibilizaziorik ez zela egon erakusten du[9].

Hiri planifikatuan, ordea, aldez aurretik erabakitako irizpideek lurraldea nola antolatu eta banatzeko gidalerroak ematen dituzte. Retikula izan da, tradizionalki, planeamenduaren ikurretako bat. Nahiz eta tradizio arkitektonikoak Hippodamo Miletokoari egozten dion retikularen estreinako erabilpena, milurteko bat lehenagoko jarduerak topa daitezke, Egipton eta Indiako Harappa zibilizazioan batez ere.

Tel-el-Amarna antzinako hiri egiptoarrak, adibidez, Nilo ibaiaren ondoan kokatu zen, K. a. XIV. mendean. Retikula argi eta garbi agertzen da Akhenaten faraoiaren esanetan zeuden langileen auzoan. Kahun hirian ere, K. a. 2670an, retikula agertzen da, berriro ere langileen kanpamentu batean.

Grezia klasikoko hirigintza

aldatu

Sakontzeko, ikusi Greziar arkitektura

Mendebaldeko hirigintzaren hastapenak Grezian aurkitu ditzakegu, K. a. VI. eta III. mendeen bitartean. Bertan, polis edota hiri-estatuak hedatu ziren, topografia eta sistema politiko berezia –demokrazia– zirela medio. Hiri-estatuok elementu txiki eta independenteak ziren; orokorrean, nekazaritza-lurrez inguratuta zeuden.

Hiri hauetan plangintza landua eratu zen, hainbat arrazoi bitarteko; batetik, eguraldi epelak kaleko bizitza indartzen zuen, arlo publikoa hain zuzen ere. Populazioa hiri-guneetan ez zen inoiz handiegia suertatu, eta 20.000 biztanle baino gehiagoko hiru polis besterik ez ziren ezagutu; Atenas, Sirakusa eta Akraga (egungo Agrigento), hain zuzen ere. Azkenik, eta jada hiri-plangintzen kalitate arkitektonikoari dagokionez, polis anitzek izan zuten eskuragai kalitatezko, eta, hortaz, gauzatu beharreko eraikin publiko eta plazak material ikusgarri horrekin eraiki ziren.

Greziar klasikoen ekarpena deskribatzeko, hiru elementu nabarmenduko dira: kolonia berrien fundazioa, akropoli eta agoraren artikulazioak hiri-bilbean, eta, azkenik, retikularen erabilera.

Kolonien fundazioa

aldatu

K. a. 750. urtetik aurrera, greziar hiri-estatuek populazioaren hazkunde prozesuan sartu ziren. Populazioaren gorakada kudeatzeko hiri berriak sortu zituzten: Siracusa, Marseilla, Napoli, Ponpeia edota Mileto adibide batzuk dira. Prozesu berri hauetan , hiria modu planifikatuan planteatuko da, bai sozialki, bai hirigintza aldetik ere

Greziar hiri-elementuak

aldatu

Hiri-estatu greziarrean oinarrizko elementuak honako hauek dira:

  • Akropolia: jatorrizko defentsarako nukleoaren izena, hiri tradizionaleko muinoan kokatzen zena, eta kolonietan, ordea, zitadela osotzen zuena. Gutxika akropoliek erlijio-guneetan bilakatu ziren, Atenasen bezala, edota hiritik kanpo gelditu zen arte.
  • Hiria inguratzen zuen harresia: zibilizazio minostarratik  zetorren tradizioa mantenduz, hiria, maiz, harresi batez inguratzen zen, lurraldearen orografiak eskaintzen zituen altuera aldaketak aprobetxatzen (adibidez Atenas, Mileto edo Priene).
  • Agora: Akropolia erlijio-gunea izaki, agorak betetzen zuen gune sozialaren papera. Gune balioanizkuna zen; herritarren arteko interakziorako tokia, edota politika eta merkataritza zentroaren papera jokatzen zuen.
  • Etxebizitzak: mota ezberdinetakoak zeuden, baina, oro har, patio baten inguruan antolatzen ziren etxebizitzak. Gune hauek beste elementuek (harresiek, agorak, akropoliak, gimnasioak, antzokiak, estadioak, etab.) lagatako zirrikituak betetzen zituzten. Akropolia edo agora bezalako gune publikoekin konparatuz gero, etxebizitza-auzoek gabezia larriak erakusten zituzten: atondura publikoak, estolderiak edo zabor-bilketa zerbitzuak adibidez, ez ziren existitzen.
 
Miletoko agoraren aztarnak

Retikula

aldatu

Mileto eta Priene hirietan topatu ditzakegu Grezia klasikoaren hirigintza adibiderik esanguratsuenak. Asia Txikiko kosta joniarrean kokatzen da Mileto, eta eskualdeko buru izan zen K. a. X. eta VI. mendeen bitartean. Persiarren Joniako inbasioaren ondorioz, V. mendean, Mileto arpilatua izan zen, eta erabat suntsitua suertatu ere. Kristo aurreko 479an Hippodamo Miletoko arkitektoak hiria erabat berreraikitzeko plangintza diseinatu zuen.

Egitura erretikulatua zen Hipodamok diseinatutako plangintzaren ardatza. Miletoko hiritarrek, hiriaren hazkundea ahalbideratzeko, retikula sistema balizkotzat jo zuten, gerorako handiagotzea bermatzeko nahian. Erromatar inperioaren garaian, K. o. I. mendean hain zuzen ere, Miletok 6 mende aurretik ezarritako oinarri hori erabiltzen jarraitu zuen, populazioa 80.000 eta 100.000 biztanle bitartean zela[10].

 
Mileto hiriko plangintzaren planoa

Beste adibidea Priene hiria da. Kristo aurreko 350ean hasi zen bere eraikuntza; ondorioz, Miletoko plangintza eta gero. Kasu honetan, plangintza 7 kaleko retikulan oinarritzen da, sestra-kurbak jarraikiz ekialdetik mendebaldera ezarrita daudenak. Horiei elkarzut, gune maldatsura moldatzen diren 15 bide ditugu. Bide nagusiek 7 metro ziren zabal, eta, aldiz, bide elkarzutak 4 metrora ailegatzen ziren. Retikulak definitutako etxe-irlak 46 bider 35 metroko azalera dute, eta 4 etxebizitza zituzten batez beste [11].

Erromatar hirigintza

aldatu

Sakontzeko, ikusi Erromatar arkitektura eta Hirigintza erromatar artikuluak

Kondairaren arabera, Erromaren sorrera k.a. 753an izan zen. Hortik aurrera, hiru garaitan banatu ohi da Erromatar Inperioaren historia: Monarkia (K. a. 753–510), Errepublika (K. a. 509–27) eta Inperioa (K. a. 27-k.o. 330).

Erromatar Inperioaren hedapen handiena Trajano enperadorearekin batera heldu zen, Kristo ondorengo 98 eta 117 urteren bitartean. Orduantxe, Tigris ibaiak definitu zuen ekialdeko muga. Hadrianok, K.o. 117–138an heldu zena, atzera bota behar izan zuen eta, Marko Aurelioren garaia heldu zenerako, K. o. 161–180an, Erromak jada, erasoaren ordez, defentsarako estrategiak hartu behar izan zituen.

Hondamen honen ondoren, gutxika-gutxika Erromako hiriburua ekialdera mugitzen hasi zen, Konstantinok (K.o. 306-337) azkenik ekialdeko Konstantinoplara gobernua eraman zuen arte. Aldaketa jazo zen garaian, Erromako hiriak milioi eta laurden laguneko biztanleria zuen.

Hirigintza militarra

aldatu
 
Kanpamentu erromatar baten irudia

Inperialismoaren garaian, Erromak milaka kokaleku militar eraiki zituen, castra izenekoak. Kokaleku hauek, kasu askotan, behin betikoak izan ziren eta Europako hiri anitzen hasieratzat jotzen dira.

Castrak retikula zorrotz batekin zeuden eraikiak; normalean, lauki edo laukizuzen batek eratzen du perimetroa. Bere barnean bi ardatz nagusiek ibilbideak egituratzen dituzte; alde batetik, decumanus-a, eta, bestetik, cardo-a, zeinek decumanusa elkarzut zeharkatzen duen. Bi maila ezberdinen artean gelditzen diren etxe-irlek, hain zuzen ere, insulae hartuko dute izena (aurrerago ikusi daitekeen bezala, izendapen horrekin etxebizitzen blokeak ere izendatuko dira). Bi ardatzek elkar moztean, foroa sortzen da, elkar-harremanetarako toki publikoa.

Hirigintza inperialista

aldatu

Batzuetan, Inperioaren zabalkundearen logikaren arabera, tokiko tribuen kokalekuak erromatar eran urbanizatu ziren, konkistak zekarren onura erakusteko asmoz. Inperio garaian hiru motatako hiri-kokalekuekin topa genitzakeen:

  • Coloniae: eskubide osoko erromatar hiriak, tokiko herriak zein fundazio berriko herriak izan.
  • Municipia: menderatutako lurraldeetan garrantzizko tribu-kokalekuak, orokorrean. Normalean, nahiz eta foru-sistema bat izan, bere biztanleek ez zuten erromatar hiritargoa osoki lortzen.
  • Civitaes: merkatu-zentroak, tribu-lurraldeen hiriburuak normalean.

Hiri ezberdinen izaerok ez zuen beraien tamainarekin erlazio zuzenik. Modu horretan, Londres, zeinek 132 hektareako lurraldea zuen, colonia bat zen, eta, berriz, 82 hektarea besterik ez zuen St. Albans herria Erresuma Batuko municipium bakarra zen.

Erromatar hirigintzaren hiri-elementuak

aldatu
  • Hiriko estolderia eta ur-hornidura: estolderia sistema aurreratuak zituen Erromako hiriak, eta, zenbait kasutan, Cloaca Maxima sarea kasu, gure garaietan zerbitzuan daude. Bi motatako komunak zeuden; batzuk insulae etxebizitza blokeetan aurkitzen zirenak, cenacula, eta cloacae-en gainean eraikitzen diren komun publikoak.
  • Barrutiak eta auzoak: Augusto enperadoreak, K. o. 7. urtean, Erromako hiria 14 barrutietan banatu zuen, eta hauek, aldi berean, vici deitzen ziren auzoetan banatu ziren, tartean zatiketa-kaleak zituztela.
  • Harresiak: Erromako hiria zazpi harresiz izan zen inguratua, bere historia osoan zehar; beraietatik garrantzitsuena Aurelianoren harresia izan zen, 18 kilometroko luzera izan zuena.
  • Errepideak: bide-sare batek banatzen zituen hainbat zonalde, egungo bide-sareetan oraindik agertzen den hierarkia bat eratzen: itinera bideak oinezko kaleak ziren, bakar-bakarrik. Actus kaleak, ordea, zentzu bakarreko bideak ziren, gurdi bakarra igarotzeko espazioarekin. Azkenik, viae kaleak zentzu bikoitzeko edota bi gurdi parera ibiltzeko espazio aski zituzten bideak ziren.
 
Erromatar zubi bat
  • Etxebizitza: funtsean, bi ziren erromatarren etxebizitza ereduak: domus, edota familia bakarreko etxeak, eta insula, hau da, etxebizitza blokeak. Azkeneko hauek pisu edota hainbat cenacula tan banatzen ziren. Egile batzuek[12], K.o. IV mendean, Erromako hirian 1797 domus eta 46602 insulae zeudela esaten dute. Insula bakoitzean, batez bestez, bost cenacula topatu zitezkeen. Insulae-ko etxabeetan, maiz, dendari txikien etxebizitza-lantegiak topa ditzakegu, batez ere foroen inguruetan.
  • Espazio publikoak: (Sakontzeko, ikusi Erromatar foroa) foroak ziren, Greziako agoren modura, bizitza publikoaren agertokia. Espazio publiko honen inguruan eraikin publikoak metatzen ziren, hala nola, propileoak, basilikak edota tenpluak; bizitza sozialerako eta politikorako berebiziko garrantzia zuten. Erroma hiriko populazioa handitu ahala, Inperioko foroak pilatuz joan ziren, bata bestearen ondoan, K.a. 50tik 114ra bitartean. Orokorrean, Erromako espazio hauen pilaketa Forum Romanum Magnun deritzo. Espazioon hasierako funtzioa anitza izan zen: merkataritza, politika... Gutxinaka, espezializatzen joan ziren, handitze-lanak aurreratzen ziren heinean: Forum Piscatorium-ean, adibidez, arrain merkatariak ezarri ziren, eta, aldiz, Forum Julium-ean gai legalak jorratzen ziren.

Erdi Aroko hirigintza

aldatu

Sakontzeko, ikusi Arkitektura erromaniko eta Arkitektura gotiko

Aurrekariak eta Erdi Aroko testuingurua

aldatu

Europa Erdi Aroan deritzon milurtekoan sartu zen, Erromatar Inperioaren gainbehera K. o. 395ean heldu eta gero. Hiriaren kontzeptuaren garrantzia gutxitu zen aro berri honetan, Erromatar Inperio garaian aparteko garrantzia izan bazuen ere. Aroaren lehenbiziko urteetan merkataritzak maila minimoak bizi zituen, eta, ondorioz, hiriek garai batean izandako erabilera komertziala ere jaitsi egin zen. X. mendeaz geroztik, ordea, merkataritzaren susperraldiak eta egoera politikoaren orekak ahalbideratu zuten antzinako erromatar kokaleku askoren berpizkundea.

Merkataritzaren susperraldi hori heldu baino lehen, aldiz, Europako lurraldea nekazaritza-lurren continuum [13] batean bihurtu zen. Hiriak, hortaz, modu organikoan txertatu ziren lurraldean; hiriek ez zuten tamaina handiegirik berenganatu. Erdi Aroaren bukaeran, germaniar Inperioaren populazio osotik,  edo  bizi zen hirietan; hiri horiek, aldiz, ugariak (3.000 inguru) eta tamaina txikikoak ziren (gutxi batzuk izan zituzten 10.000 lagunetik gorako errolda)[14].

Ondorioz, herriz herriko saleroste gabeko kontsumo mota sortu zen Europan, dentsitate baxuko lurralde-antolamendu horrek eta IX. mendea arte jazo zen herrien arteko merkataritzaren beherakada bitarteko; eredu berri bat sortu zen, mundu klasiko eta, hegoaldean, Arabiatik zetorren Islamaren ereduetatik asko aldentzen zena. Nekazaritza –eta, batez ere, barne-kontsumorako ekoizpena– izan zen jarduera ekonomiko funtsezkoena[15].

Merkataritzaren susperraldi honen erakusle Done Jakue bidea izan zen, eta, bereziki,  iberiar penintsula zeharkatzen duen "frantziar bidea". Alfontso VI.a 1085 Toledo konkistatu zuenean, hiri horren kokaleku estrategikoak bidearen segurtasuna bermatzeko balioko du. XI. eta XIII. mende bitartean agintariek hiri berrien sorrera bultzatu zuten bidean zehar, erromesen mesederako. Biztanle berriak berenganatzeko, bizitza berria hastera zetozenei abantaila edota pribilegio bereziak eskaintzen zitzaizkien: zerga-salbuespenak, estatutu legal bereziak, merkataritza eskubideak, etab.[16].

Erromatar Inperioaren desagerpena eta gero, antzinako kokaleku askok bere biztanleriaren zati nabarmena galdu zuten, ia hutsik gelditu arte. Herri berriak sortu egin ziren; beste batzuk, ordea, testuingurua aldatu arte hutsik jarraitu zuten. Testuinguru horren aldagaiak sozialak, politikoak eta ekonomikoak dira. Paul Hofer arte historialariaren hitzen arabera:

« Erdi Aroko hiria hurrengo sei faktoreen interakzioaren ondorio da: bere egituraketa ekonomikoa (merkatua, artisautza, merkataritza); bere gizarte-egituraketa (artisauak, merkatariak, elizgizonak, aristokratak); bere egituraketa fisikoa (hiri-bilbea, eraikin publikoak, gotorlekuak); bere lege-egituraketa (konstituzioa, lege-erakundeak, legegintza-barrutiak); bere kokalekua (lehorreko eta uretako komunikazioak, zubiak, geldi-guneak , horniketarako postuak) eta bere bizitasun politikoa. »

—J.M. Morris, [17].

Ondorioz, egun ezagunak zaizkigun hirien jatorria eta bilakaera hainbat aldagaien bitartez ebatzi da.

Euskal Herriko hirigintza Erdi Aroan

aldatu

Garai honetako lehenbiziko mugarri historikoa, hirigintzari dagokionez, Antso VI.a nafarraren eskutik etorri zen: XII. mendearen bigarren erdialdean Gaztela eta Nafarroa arteko muga sendotzeko borondateak hiri berriak sortzera eraman zuen Antso VI.a. Jakituna. Modu horretan sortu ziren, esate baterako, Araban, Guardia, 1161ean, eta Guardia, 1164an. Gasteizko herrixkan Nova Victoria hiribildua eraiki zuen 1181ean. Gipuzkoan, aldiz, Donostia 1180an sortu zen, beste hainbesterekin batera (Segura, Ordizia edota Tolosa).

Aro gotikoari dagokionez, komertzioa areagotu zen eta, ondorioz, hiri berriak sortzen hasi ziren; «hirien sorrera prozesua bereziki indartsua izan zen gotikoaren garaian, XIII. mendearen bigarren erdian eta XIV. mende osoan zehar»[18]. Hiri berrien sorrera eta eraikuntza, hasiera batean, Gaztelako koroak ordaintzen bazuen ere, XIV. mendetik aurrera egoitza eskatzen zutenei egokituko zitzaien hiriaren eraikuntzaren finantziazioa, zergen bidez.


Fernández Altunaren aburuz, hiru multzotan banatu daitezke gotikoan sortutako hiri-eredu euskaldunak. Geroago ikus daitezkeen beste klasifikazioetan ere agertuko dira ondoren zerrendatzen diren zenbait ezaugarri:

Jatorriaren araberako hiri moten klasifikazioa

aldatu
  • Erromatar jatorriko hiriak: Espainiar estatuan ugariak dira erromatarren garaitik datozen hiriak, baina kokalekuok patu ezberdina bizi izan zuten; batzuek gure egunetara heldu arte biziraun dute (hala nola, Caesar AugustaZaragoza–, Asturica Augusta –Astorga–, edota Legio VI Victrix-en kanpamendua osotzen zuen Leon) eta beste batzuk, aldiz, bertan behera utzi ziren Inperioaren porrota eta gero (IuliobrigaKantabrian–, edota ItalicaSevillan–). Hiri erromatarra bereizten zuen retikula galdu egin zen, bai behintzat delako hiriaren berreraikitze lanetan. Erdi Aroa definituko zuen hazkunde organikoa besarkatzen zen, tokiko berezitasun morfologikoak kontutan hartuz.
  • Burguak: burguak gotorleku baten inguruan hazitako kokalekuak ziren, jatorrian defentsa helburuetarako eraikiak. Zenbaitetan, aldez aurretiko nekazaritza-guneetan ezartzen zen gaztelua, eta besteetan, ordea, kokaleku berriak osotzen zuten. Maiz, burguaren tamaina handitzerakoan, eskumen ekonomiko bereziak lortzen zituzten bertako biztanleek, hots, burgesek. Adibidetzat, Segovia, Avila edota Burgos hiriak ditugu.
  • Bastidak eta oinplanta berriko hiriak: (Sakontzeko, ikusi Bastida) bi mota hauen arteko ezberdintasun handiena plangintzaren osotasunean datza: bastidak osotasunean planifikatu ziren eta, aldiz, oinplanta berriko hiriek, aldez aurretik hiri-bilbe organikoa zuten. Bastida eredu ezberdinek hiru puntutan egiten zuten bat: oinplanta berriko kokalekuak ziren, retikula zorrotza erabiltzen zen, eta, azkenik, bertaratzen ziren hiritar berriei, sari bezala, hiriko lurrak eskaintzen zitzaizkien, etxea eraikitzeko. Euskal Herrian, Nafarroa Behereko Bastida (1288) edota Bearnoko Nabarrengose (1316) adibideak daude.

Formaren araberako hiri moten klasifikazioa

aldatu

Nahiz eta Erdi Aroko hiriaren izaerak berak analisi tipologikoa ezinezkoa bihurtzen duen, Luigi Piccinato arkitekto italiarraren sailkapen batek gutxi gorabeherako hurbilketa bat eskaini dezake. Horrela ba, sailkapen honen arabera, honako forma topa genitzakeen Erdi Aroko hiri-morfologian:[19]

  • Gurutze-formako hiriak, eta Eskuaira-Hiriak: bien arteko ezberdintasun gutxi dago. Arestian aipatu ibilbide nagusiari elkarzut beste ibilbide nagusi bat kontrajartzen zaio. Adibideak, Italiako Castelfranco, Alemaniako Bounigheim eta Espainiako Focea (Logroño).
  • Hiri nuklearra: puntu jakin baten inguruan (gaztelu edota defentsarako gunea, eliza edota gurtza-tokia) ezarritako hiriak. Europan eskuarki topa daitekeen eredua. Eredu honetatik hiri polinuklearra eratortzen da.
  • Arrain-hezur formako hiriak: eredu honetan, kale nagusi batek hiriaren ardatz nagusia eratzen du, bigarren mailako kaleak, era zeiharrean kokatzen direnak, ardatz nagusi horretatik zabaltzen direla. Adibide gisa, Francavilla a Mare Italian eta Gernika izango genituzke.
 
Florentzia hiriaren irudi bat, XV. mendeko bukaeran

Erdi Aroko hirigintzaren hiri-elementuak

aldatu
  • Harresia: harresiek bi eginkizun zituzten Erdi Aroko hirietan: batetik, hiriaren aberastasuna kanpoko erasoen aurrean babesten zuten. Bestetik, aduanak bertan kokatzen ziren, eta, modu horretan, hiriaren interes ekonomikoak zaindu egiten ziren. Edozein kasutan, defentsarako erabilera nagusia zen, eta hiriaren hazkunde horizontala, Berpizkundea igaro arte, harresi-sare berrien eraikuntzaren menpe gelditu zen. Florentzia, adibidez, hazkunde radiozentriko baten adibide paregabea da; 1172 eta 1340 urteren bitarteko hazkundeak hiria 80 hektareatatik 630 hektareatara handitu zuen. Harresiak, beraz, hirien dentsitate altuen jatorri izan ziren.
  • Kaleak: Erdi Aroko hiriaren zentzua sakonki komertziala zen, eta, ondorioz, kale nagusietara ematen zuten etxaurreek sekulako balio komertziala izan zuten, nahiz eta merkatua izan komertzio eta elkartrukerako gune nagusia. Ez zegoen, hiri-bilbearen egituraketan, ibilgailu edota oinezkoen trafikora zuzenduta inongo ardurarik. Hirian ematen ziren mugimenduak oinez gauzatzen ziren, eta zoladuraren sarrera, Erromatar garaian berebiziko garrantzia izan zuena, garaiaren hastapenetan ematen hasi zen: Pariskoa, 1185an, eta Florentziakoa, aldiz, 1235an. Bestalde, eraikinen eta kaleen arteko espazio banaketa nahasten joan zen; eraikinek hegalek geroz eta kale tarte zabalagoa hartzen zuten, eta esanguratsua da garaiko zenbait zubitan kokatu ziren etxebizitzak, Florentziako Ponte Vecchio kasu. Denbora pasa ahala, ondorioz, espazio publikoak gutxitzen joan ziren, Elizaren plaza eta merkatuaren plaza hiriko espazio publikorik esanguratsuenak.
  • Merkatua: «komertziorik ez zegoenean, hiria berak ez zuen zentzurik»[20]. Hiriko biztanleen eskubideen artean, maiz, asteroko merkatua antolatzeko eskumena zegoen. Merkatu hau gauzatzeko espazioa anitzak ziren, eta hiriaren eraketaren menpeko suertatzen ziren: hazkunde organikoko hirietan, adibidez, kale nagusiaren zabalgune batean kokatu zitekeen merkatua, edota hiriaren erdialdean lekutu. Aldez aurretik planifikatuak izan ziren hirietan, bastidak kasu, hiri-bilbeko elementu bat kenduz hutsune bat sortzen zen, merkatua jarriz. Zenbait kasuetan (Monpazier edota Ceske Budejovice bastiden moduan), merkatuko plaza inguratzen zuten eraikinek, etxabe maila portikoen bidez lotzen zuten. Eredu hori Plaza Nagusietan errepikatuko zen, gerora (pentsa Donostiako Gipuzkoa Plazan, edota Bilboko Plaza Barrian).
  • Eliza plaza: elizaren mendebaldeko fatxadara ematen zuen elizaren espazioa itxia, parvis delakoa, merkatuaren plazarekin batera, Erdi Aroko hiriak zuen espazio publikorik esanguratsuena osotzen zuen. Maiz bi espazioen arteko mugak lausoak ziren, eta alderdi biko espazio sistema bat sortzen zen; bata eta bestearen mugak non zeuden ez baitzen batere argi gelditzen.

Islameko hiriak iberiar penintsulan

aldatu

Europako lurraldeak, Erromatar Inperioaren porrota eta gero, hazkunde organikoko garapen bat bizi izan zuen. Hegoaldeko lurretan ordea, Islamaren influentzia jaso zuena, bestelako hiri-garapena topatu dezakegu, ekialdeko tradizioari so egiten dion garapena hain zuzen ere.

Islama, VII. mendetik aurrera, mundu-mailako potentzia bilakatu zen. 711. urtean, Guadaleteko gudua eta ondoren, Islamak iberiar penintsularen kontrola bisigodoei kendu zien, zortzi mende iraungo zuen garaiari hasiera emanez.

Edozein kasutan, eta beste hainbeste konkistatzaile ez bezala, iberiar penintsula konkiskatu zuen Islamak baterako existentzia baketsua sustatu zuen, eta, modu horretan, Espainiako hegoaldeko hiri askoren bereizgarritasun bakunak sortu ziren, arestian aipatutako kulturen arteko hartu-eman horretatik, hain zuzen ere.

Hazkunde organikoa eta ordenik gabekoa da, edozein kasutan, musulman hirien nagusitasunik handiena; aditu batzuen arabera, gizartea "bi mailetan dago antolatua: biotikoa eta kulturala, eta musulmana maila biotikoaren ondorio da, islamiar gizartean nagusitzen baita" [21].

Edozein gizartetan bezala, gizarte islamiarrak zituen berezitasun sozial eta erlijiotsuek hiriaren morfologian zuten ondorioa. Pribatasunaren kontzeptuaren ondorioz, gune eta eraiki publiko gutxi zeuden islamiar hirian; barrutik kanporako mugimenduarekin eraikitzen den hiria da. Kaleak etxeen artean gelditzen ziren hutsuneak dira (hortik islamiar hiriaren irudi «erromantikoa», kale-karrika estu eta okertuz jositako alde zaharrarena), eta ez alderantziz, mendebaldeko joera jarraiki. Chueca Goitiaren hitzen arabera:

« Hiri publikoa, greziar polis-a, erromatarren civitas-a, eta etxetiar hiri germanikoaren artean, badago, egon, beste hiri mota bat, aurreko bien aldean aldera ezina: islamiar hiria, pribatua deitu daitekeena. »

—Fernando Chueca Goitia, [22].

Islamiar hiriaren ezaugarri nagusiak ondoko hauek dira:

  • Medina: (Sakontzeko, ikusi Medina) Medina hiriaren nukleoa da, harresiz inguratua; bertan meskita nagusia kokatzen zen, merkatu nagusia eta merkatal-gunerik nagusienak. Horien guztien inguruan etxebizitza-auzoak biltzen ziren. Jatorrian, gobernadorearen jauregia medinan bertan kokatzen zen, meskitaren ondoan.
  • Harresia eta atea: Medinara sarrera bab izena hartzen zuen, eta garrantzi handiko tokia zen. Mendebaldeko tradizioa jarraitu zuten hirietan ez bezala, sarrera-espazio honek berebiziko garrantzi sinbolikoa zuen; lehenbiziko ate batek gune zabalera eramaten zuen, eta, behin patio hau gurutzatu, medinara sarrera ematen zuen bigarren ate bat eraikitzen zen. Ateen inguruetan aldiri-auzoak, errebalak, sortzen ziren, merkatu irregularrak eta zokoak barne. Madrilgo Plaza Nagusia, adibidez, Guadalajako atean zabaltzen zen errebaleko kanpoko-plaza izan zen.
  • Alkazaba: medinaren gotorleku nagusian bihurtu zitekeen aipatu gobernadorearen jauregia, topografiaren poderioz, edota beste defentsarako arrazoiengatik. Espainiako hegoaldeko hirietan ezaugarri orokorra dugu: Granadako Alhambra; Almerian, Antequera; Badajozen, Malaga, etab.
  • Etxebizitza eta kale-sistema: esan bezala, bizitza pribatuak hiria eta etxebizitzaren morfologia baldintzatzen zuen. Logeletako leihoak, adibidez, ez zuten kalera ematen, barneko patio pribatuetara baizik. Gainera, irizpide kultural-sozialetatik at, patioaren inguruko antolamenduak eguraldi beroaren kontrako estrategia egokia da.
  • Meskitak: tradizionalki, meskita da kolomaz eutsitako eraikina, arkupedun patio batekin, edo bat baino gehiagorekin. Patiook, hiriaren harresiko ate nagusiaren batera, hiri islamiarrean zeuden espazio publiko ireki bakarrak izan ohi ziren.
  • Suq: suq-ak, edo azoka-auzoak, mendebaldeko kulturan ematen ez zen irizpideak jarraitzen zituen; mendebaldean ez bezala, kultura islamiarrak merkatua eta etxeko jarduerak banatzen zituen. Europako hirietan, etxebizitzetan, etxabea jarduera ekonomikoetarako erabiltzen zen bitartean, islameko hiriek auzo bereziak eraikitzen zuten, kale bakoitzean gremio berezi bat ezartzen zelarik.

Berpizkundetik geroko hirigintza

aldatu

Aurrekariak eta XIV. mendeko testuingurua

aldatu

Sakontzeko, ikusi Berpizkunde, Barroko, Neoklasikoa

Berpizkundea mugimendu kulturala izan zen, XIV. mendean Italian sortutakoa. Hirigintzan bere bilakaera beste diziplinetan eman zenaren bestelakoa izan zen, eta zenbait adituen ustetan [23] XVIII. mende arte luzatu zen. Edozein kasutan, artikulu honetan hirigintzari dagozkion epeei buruz jardungo da, beste arte plastikoak alde batera utzita.

Italian sortu bazen ere, Europako beste herrialdetara modu eta denbora ezberdinetan igaro zen; Florentzia hirian sortu zen estiloa, XIV eta XV mende bitartean (Quattrocento eta Cinquecento izenekin ezagunak, hurrenez hurren), baina Frantziara 1606an heldu zen, Place Dauphine proiektuarekin batera, ia mende bat gerorago, alegia. Erresuma Batura beranduago helduko zen, 1630eko Covent Garden proiektuarekin, eta, batez ere, Londres hiria suntsitu zuen 1666eko sutea eta gero.

Berpizkunde adiera Giorgio Vasari artista eta kritikoak erabili zuen estreinakoz, Vite de' più eccellenti pittori, scultori e architettori italiani, da Cimabue insino a'tempi nostri obran. Liburua 1550an izan zen argitaratua, mugimendua jada indarrean zegoen garaian, eta arte gotikoaren «basakeriekin» etendura bat aldarrikatzen du: italiar artearen pizkunderako, arte klasikora zuzendu behar zen begirada.

Humanismoa izan zen garaian sortutako korronte ideologikoa. Giza historia Jaungoikoak ordenatutako osotasun bat zela pentsatzeari utzi zioten humanistek, bata bestearen ondoren zetozen garaien pilaketa bezala ulertuz. Garai bakoitzak bazuen, ondorioz, bere berezitasuna eta momentuan bizi zirenen eskuetan zegoen garaiko edukien trakeskeria edota bikaintasuna. Arkitektura gotikoa (iparraldeko franko-germaniar arkitekturari emandako mespretxuzko izena, godo hitzetik eratorria) elementu bakanen metaketa hutsa zen bitartean, Berpizkundeak espazio eta materiaren ordena arrazionala bilatuko du[24].

Humanismoaren bilakaeran hainbat faktoreek hartu zuten parte; Johann Gutenberg-ek, 1450ean, inprenta asmatu eta liburugintza moderno aroari eman zion hasiera. Teknologia berri honi esker, oso hedapen azkarra izan zuen 1521ean argitaratu zen Vitrubio arkitektoaren De Architectura Libri Decem tratatuak. Augusto enperadorearen garaiko arkitekto erromatarra zen Marco Vitrubio, eta gure garaietara heldutako eraikuntza eta arkitektura klasikoko tratatu bakarraren egilea dugu. Hau guztiarekin batera, 1453an turkoek Konstantinopla konkistatu zuten, bertako artista eta eruditu greziar ugarik Italian izan zutelarik babesleku.

Berpizkundeko hiriak

aldatu

Demografia hazkunde bat pairatu zuen Europak, Izurrite Beltzak sortutako hondamena eta gero. XV. mendetik aurrera, hiriek biztanleak irabazten bazuten ere, oso hiri gutxi sortu ziren, eta ondorioz ez zen hiri-plangintza modu zabalean erabiltzeko betarik izan. Suteak eta lurrikarak izan ziren plangintzaren aliaturik handienak: Londres 1666ean izan zen sute bategatik suntsitua, eta Siziliako Grammichele eta Avola hiriak lurrikara batek hondatu zituen.

Hiri berrien sorrerak arrazoi militarrei erantzuten zuen (Palmanova Italian, edota Christiansand Norvegian), edota erabaki autokratiko baten ondorioak ziren, beranduko sortuko zen Versailles kasu. Beste guztietan harresien hazkundearen menpe gelditu zen hiriaren garapena; harresiak handitu arte, hiria bertikalean hazteko beste erremediorik ez zuen.

Vitrubioren liburuan hiri idealaren deskribapena topa zitekeen. Bertan, oktogono itxurako harresi batek egitura zentripetoko erretikula bat gordetzen du. Vitrubioren deskribapenean ardura militarrak ziren nagusi. Edozein kasutan, testuak hainbat hirigileentzako inspiraziotzat balio izan zuen: Francesco di Giorgio Martini, Danese Cattaneo eta Vicenzo Scamozzi bezalako arkitektoek beraien hiri idealak proposatu zituzten.

Zenbaiten ustetan [25], azken honek bere teoriak Palma Nova hirian frogatu zituen. Venezia errepublikako defentsa-gerriko parte izan behar zuen hiria, eta Scamozziri egotzitako diseinuak vitrubiotar printzipioak betetzen zituen.

Elementu hauek izan ziren erabakigarri, besteak beste, Berpizkundeko hirietan:

  • Kale nagusi zuzena: kaleari osotasun kontzeptua egotziko zaio. Alberti-ren De Re Aedificatoria Libri Decem saiakeran, ikuspegi berriaren gakoa agertzen zaigu: elementu arkitektonikoak antolaketa jakin bat izan dezakete, non beraien zenbaki, proportzio eta erritmoak egokienak izan daitezkeen edertasunez beteriko gorputz arkitektoniko bat osotzeko.
  • Retikulan oinarritutako auzoak: mundu klasikoan gertatzen zen bezala, retikulak zonalde zabalak kolonizatzeko balio zuen, bai momentuan existitzen ziren hiri zatien handitze proiektuetarako, bai guztiz berriak izango ziren hiriak sortzeko ere. Amerikako lurretan eskuarki erabiliko zen retikula kolonia berrien sorreran.
  • Plazak: edertasunaren bila, Berpizkundeko hirigileak espazio irekiak proiektatu zituzten, elementu arkitektonikoak modu ia eszenografikoan antolatuz. Horren adibide garbiak ditugu quattrocento eta cinquecento-ko Italian: Veneziako San Marco plaza, Pienzako plaza, Erromako Farnese, San Pietro eta Campidoglio-ko plaza, Florentziako Santa Maria dell'Anunziata plaza... adibideak ugariak dira.Espainian ere tankera horretako proiektuak ikusi ziren, Filipe II.aren garaian eraiki ziren Plaza Nagusiak nola; Austrien etxeko Espainian, plaza nagusiek herritarrentzako ikuskizunak eta dibertimenduak egiteko tokia eskaintzen zuten, eta osotasun arkitektoniko moduan diseinatuta zeuden. Traza erregularra dute, karratua, eta bere lau aldeak ezaugarri bereko eraikinez daude mugatuak, bai altuera, forman, hutsuneen antolaketan, etab. Gainera, eskuarki simetria ardatz bat izaten dute, eraikin bat indartzeko erabiltzen dena, udaletxea kasu gehienetan[26].

Barroko garaiaz geroztik europar hirigintza

aldatu

Aipatu bezala, Berpizkundearen hastapenak ezartzea ez da batere erraza, Europako bazter bakoitzak momentu ezberdinetan eten baitzuen Erdi Aroa. Maiz onartua dago Berpizkundeak Barroko garaiari eman ziola txanda XVII. mendearen hasieran, eta XIX. mendera arte iraun zuela, bai bere estreinako itxuran, edo bere eboluzioa izan zen Rokokoan. Beste egile batzuek, ordea, Barrokoa, Rokokoa eta ondoren etorriko zen Neoklasiko garaia Berpizkundearen baitan sartzen dute[27].

Hirigintzaren plangintza, egun ulertzen den bezala, Barrokoan sortu zen. Pierre Lavedan-en esanetan, hirigintza «klasikoak» (hots, Frantzian XVIII. mendean eman zena) ondorengo karakteristikak izango ditu: lerro zuzena, monumentuen perspektiba eta programa edota uniformetasuna[28]. Geroago azalduko dugun bezala, horien guztien baitan perspektibaren erabilpena sumatu daiteke.

Mende hauetan sortzen da egungo hiriburu kontzeptua. Estatuen burokrazia-beharren gorakadak gorteen mugimenduei traba egiten zien, kokaleku finko baten beharra areagotuz. Herrien oinarrizko partikula zen hiribilduak boterea galdu zuen hiriburuaren aurrean. Fernando Chueca Goitiaren hitzetan:

« Ezin da ukatu dinastia barrokoen botere zentroek, geroz eta botere absolutu handiagorekin, Erdi Aroko hiri libreen bizitza autonomoa ahultzen dutela. »

—Fernando Chueca Goitia, [29].

Resindentzstädt hauek, erregeren behin betiko kokalekuak, hirigintza laborategietan bihurtu ziren, hala nola Aranjuez, Versailles edota El Prado.

Gobernu absolutuek bilatzen zuten, hortaz, zenbat eta botere zentralizazio handiagoa; garai horietan sortu zen merkataritza-kapitalismoa, armada profesionalak eta burokrazia zentralizatua. Asmakizun berri horiek guztiek udaletxeen boterea txikitu zuten, hau da, XVI. mende arte nagusi izan zen erakunde politikoarena, hain zuzen ere.

Ondorio bezala, nahiz eta demografia gora egin, ez ziren hiririk kasik sortu, eta bazeudenak, aldiz, sekulako biztanleria gorakada bizi izan zuten: XVI. mendean bertan, 100.000 lagunetik gorako 14 hiri izango du Europak.

Barroko hiriaren ezaugarri nagusienak ondoko hauek dira:

  • Berpizkundeko baliabideekin jarraitasuna: berpizkundeko garaian Barrokoan eskuarki erabiliko ziren hiri-diseinurako lanabesak enplegatu ziren. Tresna hauek, Italiatik hasita, Europako beste herrietan emeki ezarriko ziren hiru mendeetan zehar. Frantzian topatu dezakegu, batez ere XVI eta XVII. mendeetan, kale nagusi zuzena, plazak eta retikulan oinarritutako antolakuntzaren adibiderik onenak
  • Perspektiba: perspektibaren hiri-erabilpena da, dudarik gabe, garaiko bereizgarritasun handiena. Tresna hau aurreko mendeetan artista eta arkitektoek oro har erabili zuten, baina hirigintzaren alorrera heltzeko mende bat behar izan zuen. Barroko garaian nagusi zen botere absolutistaren eskuetan, ordea, perspektibak hiria eta gizartearen irudi bakarra islatzen zuen.
  • Lorategiak: irudiaren –edota pentsamoldearen– kontrola, hasierako garaietan, lorategien diseinuan entseatu zen: Versailles, Nancy, Karlsruhe, Kopenhage, San Petersburgo edota Aranjuez hirietako errege-erreginen egoitzetan topatu daitezke gerora hiriaren diseinuan ezarritako irizpideak, perspektibaren erabilera barne. Perspektiba horren iturburua, jakina, jauregian zegoen kokatuta. Eredugarritzat hartu da, bereziki, Versailles jauregiko diseinua.
  • Place Royale: berpizkundean gertatu zen bezala, geometria zorrotzeko plazak garrantzi handia hartu zuen hiriaren eraketan. Garai politikoen harira, ordea, plaza tokiko errege-erreginen estatua baten inguruan antolatuko da, monarkaren irudia laudatzeko asmoz. Oso adibide famatua da, Frantzian, Louis XIV erregearen omenez J.H. Mansart arkitektoak eraikitako Place Vendôme.
  • Absolutismoaren hirigintza: gobernu absolutuek beren nahiak errez gauzatzen zituzten; ondorioz, hiri-berriketa prozesuek ez zuten kontsentsuaren bidea jarraitu behar eta, zenbaitetan, emaitza ikusgarriak lortu ziren garaiko hirigintzan. Sixto V.ren mandatu motzean, Aita Sainduak eta kide zuen Domenico Fontana hirigile eta arkitektoak Erroma erabat itxuraldatu zuten, zazpi erromes-elizen lotura helburu zuen ekimenarekin. Funtsean, «Sixto V.ak argi eta garbi antzeman zuen hiriko lekualdaketa sistemak diseinu orokorraren ideia erabat zuela beharrezko»[30]. Aipagarria da, nahiz eta Neoklasiko garaian barneratu, bi mende geroago suertatutako ekimena: Napoleon III.ak, Haussmann baroiarekin batera, Parisko hiri-bilbea Sixto V.ak Erroman egin bezala eraldatu zuen. Egitasmo horretan Barroko irizpide denak bete zituen Parisko hiriko alkatea zen Haussmanek; etorbideak ireki ziren, hiriko traza zuzendu eta ardatz bakoitzaren muturretan aparteko eraikinen bat kokatu. Hiriaren plangintza uniformea lortzen da horrela; Kenneth Frampton-en hitzetan, "quartiers tradizionaletan antolatutako hiritik, (...) "kapitalismoaren sukarrak" batutako metropoli batera pasa zen"[31].

Amerikako hiri kolonialak

aldatu

Filipe II. Espainiakoaren garaian, Amerikan hiri berriak eraikitzeko beharrak araudi berezi bat eskatzen zuen. 1573an Indietako Legeak jarri ziren indarrean, batzuen ustez munduko lehenbiziko hirigintza-araudia[32]. Araudiaren laugarren liburuan hiri berriak eraikitzeko baldintzak zehazten dira: "Beti eraman beharko da eraiki beharreko hiriaren oinplanta". Morfologia aldetik, hiriok Plaza Nagusitik izango dute kaleen sorrera, bertara helduko baitira ateek irekitzen dituzten etorbide nagusiak. Hau guztia balizko hazkunde bat aurreikusiz egiten da, «nahiz eta populazioa handitze handian joan, hedatu eta modu berean jarraitzea izango da beti»[33].

XIX. mendeko hirigintza Euskal Herrian

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «zabalgune»

Aldaketa politiko eta ekonomikoen garaia izan zen XIX. mendea, eta hirigintza horren isla bilakatu zen. Pedro Bidagor-en esanetan[34], hauek dira garaia definituko duten ezaugarriak, hirigintzari dagokionez:

  • Garapen teknikoak: industrializazioaren hastapenetan, hiriak bidaiatzeko eta zamak garraiatzeko modu berriei eman behar izan zien erantzuna: trenbideak eta hauek erabiltzen zituzten burdin zubiak, baporeak, eta, jada XX. mendean, hegazkina, altzairua, porlana eta telekomunikabideak. Bestalde, hiri-atondurek zeharo sofistikatu ziren, hala nola estolderia, ur-hornidura, gas-argiztapena, etab.
  • Biztanleriaren hazkundea: industriaren gorakadak, osasun zerbitzuen hobekuntzarekin batera, heriotza-tasa bortizki jaitsi zuen. Bilbo eta Donostia hiriak igaro ziren, XIX. mendean zehar, 10.000 lagunetik beherako biztanleria bat izatetik 80.000 eta 40.000 lagun izatera, hurrenez hurren. Aldiz, biztanleria hazkunde honek hiri-pilaketa sortu zuen maiz, eta zenbait kasutan osasun arazo larriak gertatu ere, 1830 eta 1840 hamarkadetan jazo ziren kolera izurriak kasu.
  • Ideologiaren garapena eta klase sozial berrien sorrera: Borboien Berrezarpenaren garaian (1874–1931), Euskal Herriko gizartean, nekazari-gune eta hirien arteko bereizketa handitu egin zen; honekin batera klase sozial ezberdinen sorrerak (burgesia eta proletalgoa) eta hainbat aukera politikoen txertaketak (sozialismoa, liberalismoa, nazionalismoa) hiriaren itxura eraldatu zuten[35]. Eredu sozial horien islak, hirigintza, Lorategi-hiriak edota Industria-hirien sorreran ikusi daitezke.
  • Tradizioarekin etendura: mendea aurrera jo ahala, tradizioarekin apurketa bat gauzatzen da: gari honetan, hiriek tradizionalki izan zuten muga fisikoak, harresiak, eraitsi ziren, ordena berri batekin eraikiz. Ordena horrek, hain zuzen ere, uniformetasuna bilatzen zuen, inongo hierarkia espazialik bilatu gabe. Azkenik, hiri-bilbean landaretza txertatzeko ekimenak sortu ziren, usadioaren arabera etxeetako patio eta barne espazioetatik kale eta plazetan ezarriz. Adibide bezala, hor ditugu hirietako hiri-zabalguneetan sortu ziren zumardiak (Bilboko On Diego Lopez Haroko kale nagusia edota Donostiako Bulebarra) eta hiri-barneko lorategiak (Bilboko Casilda Iturrizar parkea).

Euskal Herriko hiri gehienetan antzeman zen Ildefons Cerdà  katalanak edota Haussmann baroi frantsesak Bartzelona eta Parisen bultzatutako zabalgune proiektuen oihartzuna. Euskal Herriko zabalguneak, José Javier Fernándezen ustetan, «diseinu orokorraren laukiteria –retikula– errespetatuz eta eraikinetan gehiegikeriarik gabeko historizismoak konbinatuz diseinatu ziren».[36]

Katalanak hirigintza teknikaren oinarri modernoak ezarri zituen 1867ko Teoría General de la Urbanización liburuan. Momentu horretan plangintza egitura orokorra bilatzeko lanabes bilakatzen da. Teknika honen berrikuntza aldez aurretiko analisian datza, lan horrek proiektuan duen eraginarekin batera: momentuko datuen analisia, hortik aurrera, hirigintza diziplinaren oinarri bihurtuko da[37].

Ondoren, euskal hiri nagusien zabalguneen azalpen labur bat aurkezten da:

  • Bilboko zabalgunea: Bilboko plangintzaren aurrekari bat 1801 dugu, aurkeztu zen Puerto de la Paz proiektuan hain zuzen ere. Proiektuak bigarren portu bat sortzeko proposamena luzatzen zuen eta, nahiz eta alboratua izan zen, hiriaren eraldaketa eta handitze prozesuaren abisua zen. Handitze honek demografiaren eztanda izugarria zuen arrazoi, 2,5ko proportzioan hain zuzen ere[38]. Modu horretan, Bilboko hiribilduak jaso zuen baimena Abando, Deustu eta Begoñako udalen lurrak bereganatzeko. Pablo Altzola eta Ernesto Hoffmeter bide-ingeniarien eta Severino Atxukarro arkitektoaren eskutik etorri zen behin betiko proiektua, eta errege dekretu baten bitartez onartu zen, 1876an. Morfologikoki, Bilboko zabalgunea Bartzelonakoaren ildo bertsuei jarraitzen zien: erretikulaz osotutako bilbea bi diagonalez dago zeharkatua, itsas-adarraren formari egokitzeko zenbait etxe-irla traza irregularrak eta bihurriak hartzen badute ere. Konposizioaren zentroa eta ardatza izaki, Moyua plaza eta On Diego Lopez Harokoa kale nagusia dira nabarmengarriak.
  • Donostiako zabalgunea: frantsesak hiritik bidaltzeko guduan, 1813an ingeles eta portugaldar tropek hiria sutan utzi zuten. Egun alde zaharrean kokatzen diren Koruko Andre Maria eta San Bizente elizak, San Telmo komentua eta Trinitate kalea (gaur eguneko Abuztuaren 31 kalea) besterik ez ziren salbatu. Alde zaharraren berreraiketa Pedro Manuel Ugartemendiari egokitu zitzaion. 1854an Donostia Gipuzkoako hiriburu bilakatu zen, eta urte batzuk geroago, eta betiere demografia hazkundeak bultzatuta, Antonio Kortazarrek udalak antolatutako lehiaketa irabazi zuen, Porvenir izena zeraman proposamenarekin. Bertan, 30 metro bide 15 metroko etxe-irlek lotura bat ezarri zuten harresiak eraitsi berriak zituen alde zaharra, ibaia eta portuarekin. Aipagarria da hasierako plangintzan agertzen den Gipuzkoa plaza; arkupez itxitako plaza Kortazarren diseinuaren araberakoa izan zen (Alderdi Eder, Artzain Onaren katedrala eta Donostiako beste hainbeste mugarri ez bezala), eta Jose Eleuterio Eskoriatza tolosarraren obra izan zen. Eskoriatza 1864an udal arkitektoa izan zen izendatua, baina 3 urte besterik ez zituen karguan eman, osasun arazoak zirela medio. 1867 eta 1888 bitartean eraikitako plazak Espainiak Plaza Nagusien tankera jarraitzen zuen.[39]
  • Iruñeko zabalgunea: Iruñea XVI. mendetik zen harresiz babestua; armadak, segurtasun arazoak argudiatuz, harresien eraispenaren kontra agertzen zen. Geroago heldu zen eraispena egiteko aukera: Alfontso XII.aren bisita batek aldaketei hasiera eman zien; Ingeniarien Komandantziak, 1888an, balizko irtenbide bat proposatzen du zabalgunerako. Bertan, ardatza baten inguruko bost etxe-irla poligonalez osotutako ordenazioa aurkezten da. Erdiko etxe-irla zabalagoa izango da, eta harresien ondoko eremua militarren erabilerako lagako da. Julián Arteagaren udal arkitektoaren eskutik etorriko da behin betiko proiektua. 1891an burutu zen hasierako zabalgunea ahalbideratu zuen eraispen partziala. Bigarren zabalgunea hegoaldeko harresia eraitsi ondoren burutu zen, 1915an, Serapio Espartzaren proiektu batekin batera.
  • Gasteizko zabalgunea: arestian deskribatutako hirietan ez bezala, Gasteizko estreinako zabalgunea ez zen planta berritik eratu, jada martxan zeuden ekimenen bideratzea besterik ez zen izan. Bigarren gerrate karlistak demografia hazkunde bat sortu zuen 1860 eta 1877 urteren bitartean. Horri erantzuteko, kolonizazio eta azpiegituren eraketa lanak burutu ziren. 1865ko zabalgunearen planoak ez ditu aurreko adibideen irizpideak beteko –erretikula, hiri-bilbe uniformea–, aurretik bidean zeuden ekimenak bideratzeko borondatea baizik Bide nagusi bat marraztu zen, gerora Dato kalea izenarekin ezagutuko zena –egungo Geltoki kalea–, eta hortik hirigunea tren geltokiarekin lotuko zen, hegoaldera zabaltze prozesua biribilduz. Sare irregular honek kale eta etxe-irla zabalera txiki samarrak sortu zituen, 11 eta 16,50 metro bitartekoak. Hala ere, XIX. mendeko burgesiak eredua berea bihurtuko du, eta balio izango zuen 1947ko Zabalgune proiektua aurkeztu arte, Julian eta Miguel Apraiz arkitektoen obra zena[40].

Aro modernoko hirigintza

aldatu

Industrializazioa

aldatu

Sakontzeko, ikusi Industrializazio, Industrializazioa Euskal Herrian

XIX. mendetik aurrera emandako prozesua da industrializazioa. Ingalaterran izan zuen hasiera, batez ere ehungintzan. Industriak bizitako iraultzaz aparte, nabarmengarriak dira ere nekazaritzan, garraiobide, hedabide eta ideia berrien sorrera. Hauek guztiek zenbait teknologia berrien sorrerekin egin zuten bat, hala nola lurrun-makina (George Stephenson-en tren-makina 1829an heldu zen), altzairuaren hobekuntza (Bessemer prozesua 1858an asmatu zen) edota igogailuaren asmakuntza (Elisha Otis-ek segurtasun igogailua aurkeztu zuen 1852an).

Hiriek demografia hazkunde ikaragarria jasan zuten. Manchester, adibidez, 1760 eta 1800 urte bitartean, 30.000 lagun izatetik 70.000 izatera igaro zen. 1850ean 400.000 biztanle izatera ailegatu zen. Garraiobideek berebiziko papera jokatu zuten hazkunde honetan, nekazaritza-guneetatik hirira populazio-mugimenduak erraztu zuten heinean. Hiriaren eskala, momentu horretan, kokaleku fisikoak ezartzen zuen eragin-esparrutik lurralde-mailako eragin-eskala igaro zen, hein handi batean garraiobideen eraginpean.[41]

XIX. mendean sortutako burgesiak industri-kapitalismoaren balioak bere egin zituen, hots, indibidualismoa eta lehiakortasuna. Garapen eredu horrek langile-klasearen sorrera bultzatu zuen. Herri txiki eta hirietako zenbait auzoek sekulako eztanda demografikoa jasan zuten, hirira lan bila zetozen etorkinen eraginez. Industria sistema berria elikatzen zuen langile-masa honen etorrerak, sistemak behargin ugarien beharra baitzuen.

Behargin hauen egoitza ebaztean jazo zen lehenbiziko arazoa edota problematika. Fabriken jabeak hiri-zoruaren jabe bihurtu ziren. Momentu horretan sortu ziren langileri-auzoak, New Yorken hazi ziren slum-ak kasu: Railroad Houses etxeetako proiektuak hormarte 8 metro baino gutxiagoko hormarte bat definitzen zuen (25 oin), planta estua eta barne-patiorik gabekoa. Argiztapen eta aireztapen naturala ez ziren kontutan hartu, osasun baldintza guztiz desegokiak sortuz; New Yorkeko haurren heriotza-tasa, 1870an, 1000 jaiotzetik 260koa izatera heldu zen. [42]

Baldintza latzon aurrean, eta hiri modernoak Naturarekin erakusten zuen etendura ikusita, burgesia liberalaren baitan hainbat erreakzio sortu ziren. Robert Owen enpresariak, ehungintza fabrika baten jabeak, 1816an nekazaritza eta industria bilduko zituen langileentzako hiria planifikatuko zuen. Ildo horretan, hainbat enpresariek egoitza-eredu berriak sortzeko ekimenak bultzatu zituzten Europa osoan zehar: New Lanark (Glasgow, Eskozia, 1815), Saltaire (City of Bradford, Ingalaterra, 1850), Mulhous-eko langile-hiria (Frantzia, 1853) eta Familistare (Guise, Frantzia, 1859) egitasmoak dira aipagarriak lana, aisialdia eta hezkuntzaren bateratze alderako prozesuan [43].

Hasierako ekimen hauek jarraitasuna izan zuten Ebenezer Howard-en Garden City edo Lorategi-hiriaren ideian, hots, hiritik gertu eraikitzen den kokaleku bat, naturarekin harreman estuarekin eta populazio finko batekin, eta hiri-zentroarekin errepide baten bidez komunikatzen dena. Espainian, Arturo Soriak (1844-1920) Ciudad lineal edo Hiri-lineala proposatu zuen; bertan, Madriletik 7 kilometrotara kokatuz, barne ardatza batek trenbidearen bi aldetara etxebizitzak kokatzen ditu. Modu horretan, hiriak Naturarekin kontaktua ahalik eta gehien handituko luke, herritar bakoitzari, aldi berean, intimitate esparruak bermatuz.

Mundu Gerrate osteko hirigintza funtzionalista

aldatu

Bi Mundu Gerrateek munduaren itxura politikoa aldatu zuten, eta baita europar lurralde eta hirigintza ere. Lehen Mundu Gerran hamar miloi hildako inguru suertatu ziren, eta bigarrenean, ia hirurogeita hamar miloi hildako izan ziren. Biztanlerian egindako sarraskiak hirien txikizioen isla ziren; Berlin, Essen, Düsseldorf, Hamburg, Nurenberg, Dresden edo Munich bezalako hiriak bonbardaketa masiboen biktimak bilakatu ziren. Nüremberg hiriak pairatutako bonbardaketan, 1945eko urtarrilaren 2an, 6.000 zibil hil ziren, eta hiriko alde zaharraren �a birrinduta suertatu zen ordu beteko bonba-zaparrada baten ondoren.

Bi gerrateen ostean, mundua oreka politiko baten menpe egongo da. Suntsitutako hiriak berreraiki beharko dira, eta hondatutako azpiegiturak osotu. XX. mendeko hasierako hamarkadetan garatutako ideiak agertuko dira hiri berriak eraikitzeko gidari. Beraien artean esanguratsuena funtzionalismoa dugu, CIAM egitasmoa izaki bere aitzindari.

CIAM akronimoak Congrés International d'Architecture Moderne esan nahi du, hau da, «Arkitektura Modernoaren Nazioarteko Biltzarra». 1928an sortu zen, eta mende hasierako arkiteko eta hirigile ospetsuak bildu zituen bere baitan, hala nola: Karl Moser, Alvar Aalto, Hendrik Berlage, Le Corbusier, Gerrit Rietveld eta beste hainbeste. 1959an desegin bazen ere, ordurako hirigintza modernoaren oinarri teorikoak ezarrita ziren.

XX. mendeko abangoardia arkitektonikoa Mugimendu Modernoa zeritzon pentsamoldean bildu zen. Mugimendu Modernoaren arkitektoek "etorkizuneko hirira" begira sortu zuten beraien pentsamoldea[44]. Beraien ustetan, hirigintza funtzionalak izan behar zuen, eta hirien hazkunde kaotikoari erantzun bat emateko betebeharra zuen; hirigintzak erantzun behar zion industrializazio garaiak sortutako kontrolik gabeko hazkunde eta tipologia berrien sorrerari, bai tipologia aldetik, bai eta klase sozial berrien jaiotzari ere. Gerrateosteko txikizioaren aurrean, hortaz, logikoa izan zen agintariek pentsamolde berriztatzaile honi heldu izana.

CIAMek garatutako hirigintza funtzionalistaren ezaugarriak horrela laburbildu daitezke:

  • Eredu makinista: XX. mende hasieran makina etorkizun berriaren eredu eta itxaropena da. Literaturak eta Arteak haren ezaugarriak goraipatzen dituzte. Le Corbusierren esanetan:
« Etxebizitzaren arazoa (kotxe bateko) txasi bat bezala aztertuko balitz, gure etxeak modu azkarrean hobetu eta eraldatuko lirateke. Etxebizitzak industrialki eraikiko balira, serie-fabrikazioan, txasiak bezala, ezusteko formak agertuko lirateke, baina hala ere osasuntsuak, defendagarriak, eta estetika zehaztasun harrigarriz formulatuko genuke. »

—Le Corbusier, [45]

Etxebizitza eta, oro har, hiriaren inguruko ikuspegi honek gizartearen jarduera oro kontrolpean izateko gurarian islatu ziren, makina baten funtzionamenduarekin parekatuz. Modernoen kezkak hiri-dentsitate eta gune irekien arteko loturan agertuko dira, pasa zen mendeko higienismoaren kezka berdinak, hain zuzen ere. Horretaz gain, modu azkarrean garatzen ari ziren komunikabide azpiegiturek -automobila, trenbidea, hegazkina- hiriaren trazan ekar zezaketen aldaketak ere izan zuten ardura.

  • Bizitegi-hirigintza: Mugimendu Modernoaren xede garbia zen etxebizitzaren ordenazioa, bereziki XIX. mendean sortu zen problematika bat ebatziz: langileri-etxebizitzak. Higiene-gabezia, dentsitate altua eta etxeen dimentsio minimoak hirigintza modernoak konpondu beharreko arazoetan bihurtu ziren. Alemaniako Siedlung-ak arazoari aurre egiteko lehenbiziko egitasmoen artean ditugu; Lehen Mundu Gerratearen ondoren, Weimarko Errepublikak etxebizitza-gabezi arazo larri bati egin behar izan zion aurre, eta Mugimendu Modernoak hornitutako ideia eta teknikak erabili zituen horretarako.Adibide asko topa ditzakegu garaian: Otto Haesler-en Siedlung Italienischer Italienischer eta Siendlung Georgarten urbanizazioetan, adibidez, Heiligenthalen araua jarraitzen zuten etxebizitzek. Arau honek etxeen argiztapen zuzena zuen helburu, eraikinak eta beraien arteko espazioa zuzenki proportzionalak bihurtuz: zenbat eta etxebizitza altuagoa, hurrengo etxe-blokearekiko distantzia handiagoa izan beharko litzateke. Egun normalak diren irizpideak guztiz berriak ziren garaian, egongelak hegoaldera edo mendebaldera orientatzeko erabakia moduan. Gerrate arteko Alemaniak eskuarki eraiki zituen irizpide horietan oinarritutako urbanizazioak: Ernst May Frankurteko udal arkitektoak, 1925 eta 1930 urteren bitartean, 15.000 etxebizitza inguru eraikitzeko plangintza sustatu zuen, Neue Frankfurt delakoa.[46]
  • Atenasko Agiria: 1933an CIAMek bere laugarren kongresua ospatu zuen, "Hiri Funtzionala" lelopean. Le Corbusier arkitektoak bildu zituen kongresu honen ondorioak, askoren ustetan[47] partaide guztien iritziak errespetatu gabe.Le Corbusierren testua 1943 argitaratu zen[48], eta hirigintza jarduera funtzionala zela argudiatzen zuen. Jarduera horren oinarrian hiru zirela azaltzen zuen: bizi izan, lan egin eta olgatzea. Gainera, hiru funtzio horiek lantzeko lanabesak horrela deskribatzen da Atenasko agirian: lurzoruaren okupazioaren kontrola, zirkulazioaren antolaketa eta legedia.Agiria hiru zatitan banatzen da: lehenbiziko atalean hiria eta lurraldearen arteko erlazioak modu orokorrean aztertzen dira; bigarren atalean, hogei eta hamar hiriren analisia jorratu zen, momentuko egoera aztertuz; azkenik, ondorioak hirigintza funtzionalaren oinarriak ezartzen du.
  • Lurraldea eta inguru fisikoa: Aipagarria da testuan [Lurralde] kontzeptuari ematen zaion garrantzia: Vegara eta De las Rivasen esanetan:
« Hiria lurraldean kokatu behar da, hiria bakarrik delako ulergarria lurraldeak suposatzen duen osotasun geografiko, ekonomiko, sozial eta politikoan. »

—Vegara, De las Rivas, [49].

Agiriak hiri-plangintza lurralde-plangintzaren zatitzat jotzen du. Industrializaziotik, Europar kokalekuak eraikitako continuum batean mantendu zituen orekak estropezu egin zuen industriaren beharrekin: industriak lehengaiak zeuden tokietara joaten ziren, eta jendea atzetik. Lurralde desoreka sortu zen.Inguru fisikoaren ardura, berriro ere, Industrializazioan sortutako desoreken ondorio da. Bilboko itsasadarra adibide aparta dugu: Ezkerraldeko bizitegi-auzoak gune maldatsu eta garaietan kokatzen ziren bitartean, industriak itsasadarrak lagatako eremu laua eta egokiak okupatzen zituen. CIAMeko hirigileen aburuz:

« Bizitegi-auzoek topografiaren arabera onenak diren orubeak bete beharko lukete, [eguzkitzapen] egoerarik hoberena eta berdegune egokiak jasoz. »

—Atenasko Agiria, CIAM, [50].

  • Zonifikazioa: arestian aipatutako irizpideak jarraiki, Agiriak hiria berrantolatzeko eskatzen zuen. Bizi izan ziren garai neurrigabeak zatitutako hiria sortu zuen. Hiru funtzio nagusiak eta beraien arteko harremanak ondo kontrolatze aldera, hirigintza funtzionalistak zatiketa edota zonifikazio bat proposatzen zuen. Neurri batean zentzuzko neurria izan bazen ere, teknika honen gehiegizko erabilpenak sortarazi ditu, hain zuzen ere, funtzionalismoaren kontrako kritika gehienak[51], eta, gerora, hiriaren ikuspegi kulturalistak eta ekologikoak gogorki erasoko duen teknika izango da.

Hiri-zentroen berpizkundea

aldatu

Funtzionalisten irizpideak hitzez-hitz segituz, Lucio Costa hirigileak eman zion hasiera, 1956an, Brasilia Brasilgo hiriburu berriaren plangintzari; bost urte lehenago, 1951an, Le Corbusierrek Chandigarh Indiako hirian Atenasko Agirian agertutako postulatuak erabili zituen. Proiektu batak zein besteak agirian agertutako lau funtzioak banatzen zituzten: lana, bizia, aisialdia eta hauek egiteko beharrezkoa zen garraioa. Era berean, bi proiektuok mugarri-arkitektura erabili zuten, demokraziaren adierazgarri ziren erakundeak irudikatzeko.

Gerraosteko CIAM kongresuaren baitan, ordea, hamarkada batzuk lehenago ezarritako irizpideen kontrako ahotsa altxatu ziren. Josep Lluís Sert-en esanetan, adibidez, «ahantzitako bosgarren funtzioa» kontutan hartu behar zen, hots, hirian bizi den biztanleria hiriko eraldaketa-prozesuaren parte sentiarazi[52].

Chandigarhreko proiektua zehaztasunez jorratu zen, biztanleriarentzako erreakzio-esparru gutxi utzitaz: Le Corbusierrek hiriko miloi erdi lagunak «sektore» deituriko guneetan banatu zituen, bere buruarekin aski izateko proiektatuak. Sektore bakoitzak bizi, lan eta olgatzeko guneak zituen, 800x1200 metrotako retikula osotuz, eta hiru mila lagunetik hogei mila lagun arteko biztanleria biltzeko diseinatu ziren. Sektore bakoitzak, ibilgailuentzat, lau sarrera besterik ez du. Zazpi garraio maila daude: ibilgailu azkarretik oinezko eta bizikletentzako eskalak betetzen dituzte[53].

Bi hiri hauek eskala handiko entseguetan bihurtu ziren. Zenbait egileen ustetan, funtzionalismoaren ereduak hiri bikoitza sortzen zuen: batetik monumentu eta mugarri arkitektoniko handiekin apaindutako hiria, gobernu eta enpresa handien eskuetan erortzen zena; bestetik, jende xumearen hiria, arkitektura funtzional bezain interes gabekoa zuten auzoetan[54]. Era berean, arkitektura eta hirigintza, Mugimendu Modernoaren azkeneko urteetan –60ko hamarkada–, krisian sartu zen, funtzionalismoaren hiriak ez baitzituen «bizigarri» suertatu zitezkeen hiririk sortu[55].

Brasilia eraikitzen hasi eta hamar urteren buruan Aldo Rossi arkitekto italiarrak Architettura della città [56] argitaratu zuen. 60ko hamarkadan bogan zegoen estrukturalismoaren eragin handia jaso zuen obrak, eta hiriaren morfologia aztertzea proposatzen zuen, horretarako haren "morfemak" aztertuz, hots, hiriaren egitura osotzen zuten zati txikienak, tipoak. Charles Jencks-ek arkitektura kritikoak izendatu zuen, Rossiren obra arkitektura edo hirigintza postmodernoa[57] estreinako aldiz arkitekturarako erabiliz.

Rossi La Tendenza deituriko talde neo-errazionalistaren parte zen, Carlo Aymonino, Manfredo Tafuri, Giorgio Grassi edota Vittorio Gregotti arkitektoak bezala. Talde honek hirigintza postmodernoaren oinarriak ezarriko ditu.

Oinarri hauek hiru zutabez zeuden osotuta: bat, hirigintza diziplina zientifikoan bilakatzea, eta diziplina honen lanabesekin teoria koherente bat eratu. Bi, estrukturalismoak emandako analisirako tresnetaz baliatuz, hiriaren egitura aztertzea. Azkenik, identitatearen garrantzia goraipatzen da, sekulako garrantzia hartu zuen tipo edo tipologia bizitzeko eraren erakusletzat hartu baitzen, eta ez bakarrik formaren inguruko zerbait. [58]

Aipatu ezaugarri hauek hainbat tokitan probatu baziren ere, Boloniako Gune Historikoaren Plan Arautzailea hartzen da hirigintza postmodernoaren mugarri bezala. Plan honek, lehen puntu bezala, Boloniako historia aztertu zuen, Brontze Arotik gaur egunera. Azterketa horren ondorioz eraikitze-tipoak ebatzi ziren, eta informazio horrekin hiriko jatorrizko alde zaharra berreskuratzea bihurtu zen xede, esku-hartze garaikideek «kutsatu» baino lehenagoko egoerara bihurtuz. Helburu hori gauzatzeko alde zaharraren ideiarekin bat ez zetozen eraikinak eraitsi egin ziren, errepidea eta trafikoa kudeatu, eta alde zahar barruko monumentuetan jorratu zitezkeen erabilerak mugatu egin ziren.

Euskal Herrian, metodologia hori Euskal Herriko alde zaharretako Barne-Eraberrikuntzako Plan Berezietan islatu zen. Bilbon, adibidez, 1988an izan zuen hasierako onespena Kasko Zaharra eraberritzeko planak. Bere bereizgarritasunen artean, gune eta eraikin historikoen birgaiketa, ondareare arkitektonikoaren erabileraren aldaketa, ekipamendu eta gune berdeen gauzatzea eta diru-laguntza programa zabal bat topa daiteke. Behin betiko onespena 1998an izan zen.[59]

Lurralde antolamendua

aldatu

La Tendenza taldeak hasitako hirigintza motak plangintza izan zuen ardatz. Laurogeiko hamarkada igaro ondoren, hiriaren konplexutasun maila altuegia bihurtu zen, eta laurogeita hamarreko hamarkada heltzerako Europa osoan Lurralde antolamenduak berebiziko garrantzia hartu zuen.

Lurralde Antolamenduak aurrekariak izan zituen aurreko mendeetan: Patrick Geddes biologoak edo Vidal de la Blache geografoak bezalako hiriaren garapena kokatua dagoen lurraldearen garapenarekin batera pentsatu behar zela argudiatzen zuten.

Honela definitzen du Europar Lurralde Antolamendurako Gutunak kontzeptua:

« (Lurralde Antolamendua da) gizarte ororen politika ekonomiko, sozial, kultural eta ekologikoaren isla-espaziala, non bere helburua lurraldeen garapen orekatua den eta espazioaren antolamendu fisikoa. »

—Europar Lurralde Antolamendurako Gutuna, [60]

Hortaz, definizioaren arabera, hirigintza tradizionalaz harago doan diziplina da Lurralde antolamendua. Bere baitan, hortaz, diziplina zientifikoak zein ekonomikoak eta kudeaketari dagozkionak topatu daitezke: Ekonomia, Soziologia, Hirigintza, Geografia, Ekologia, Eskubidea, Ingeniaritza edo Marketing-a.

Europar Batasunak 1999an Europar Lurralde Estrategia [61] onartu zuen; «Lurraldearen garapen orekatu eta jasangarri baten alde» lelopean, agiriak hiru artezpide jarraituko ditu: zentro anitz eta orekatuen hiri-sarea, hiri eta landa-guneekin harreman berri bat ezarriz; jakintza eta azpiegituretara heltzea modu berdinean; eta, azkenik, garapen jasangarria. Europar Batasunan partaideak beraien artean desberdintasun handiak dituzten heinean, estrategia hau interesgarria da oso oreka egoki bat lortze aldera[62].

Hirigile garrantzitsu batzuk

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Hirigileen zerrenda»

Bibliografia

aldatu
  • Altuna, José Javier Fernández. Euskal Herriko arkitektura. Ibaizabal, 2004.
  • Artola, Miguel (argit). Historia de Donostia-San Sebastián. Editorial NEREA, 2004.
  • Balbás, Leopoldo Torres, Luis Cervera Vera, Fernando Chueca Goitia, eta Pedro Bidagor Lasarte. Resumen histórico del urbanismo en España. Instituto de Estudios de Administración Local, 1954.
  • Carcopino, Jerome. Daily Life in Ancient Rome - The People and the City at the Height of the Empire. READ BOOKS, 2008.
  • Chueca Goitia, Fernando. Breve historia del urbanismo. Alianza, 1970.
  • Corbusier, Le. Hacia una arquitectura. Poseidón, 1978.
  • Corbusier, Le, Jean Giraudoux, eta Juan-Ramón Capella. Principios de urbanismo: (La carta de Atenas). Ariel, 1971.
  • Corral, Luis Díez del. El rapto de Europa: una interpretación histórica de nuestro tiempo. Revista de Occidente, 1962.
  • Daniel, Glyn Edmund. The first civilizations: the archaeology of their origins. Crowell, 1968.
  • Eusko Jaurlaritza. Euskadiko Lurzoruaren eta Hirigintzaren Legea. Ekainaren 30eko 2/2006 Legea.
  • Lurralde Antolamenturako Artezpideak. 28/1997 Dekretua, otsailaren 11koa, Euskal Autonomia\line Elkarteko Lurraldearen Antolamendurako Artezpideak behin\line betiko onesteko dena.
  • Evers, Bernd, Christof Thoenes, eta Berlingo Nazio Museoetako Arte Liburutegia. Teoría de la arquitectura: del Renacimiento a la actualidad. 89 artículos sobre 117 tratados. Taschen, 2003.
  • Fernandez de Betoño, Unai. "Gizarte-espazioaren eraikuntza. Euro etxebizitza sozialen historia laburra?" Aldiri. Arkitektura eta abar 1 (2010): 8.
  • Fernandez de Betoño, Unai. Hirigintzaren oinarriak. UEU-EHU, 2014.
  • Frampton, Kenneth. Historia crítica de la arquitectura moderna. Gustavo Gili, 1998.
  • Jacobs, Jane. The economy of cities. Cape, 1970.
  • Jencks, Charles. The language of post-modern architecture. Rizzoli, 1984.
  • Kriesis, Anthony. Greek town building. National Technical University, 1965.
  • Lavedan, Pierre. Histoire de l'Urbanisme: Renaissance et temps modernes. H. Laurens, 1959.
  • Indietako Erresumetako Legeen Bilketa, Peruko legediko fitxategi digitala (https://archive.today/20120629195154/www.congreso.gob.pe/ntley/LeyIndiaP.htm.)
  • Martinez Callejo, Javier. Bilbao. Desarrollos urbanos. Ciudad y forma. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzua, 2009.
  • Montero, Manuel. Historia general del País Vasco. Txertoa, 2008.
  • Morris, A. E. J. Historia de la forma urbana: desde sus orígenes hasta la Revolución Industrial. Gustavo Gili Editorial S.A., 1998.
  • Mozas, Javier, eta Aurora Fernández. Vitoria Gasteiz: guía de arquitectura. Colegio Oficial de Arquitectos Vasco Navarro, 1995.
  • Piccinato, Luigi. Urbanistica medievale. Edizioni Dedalo, 1993.
  • Rossi, Aldo. La arquitectura de la ciudad. Editorial Gustavo Gili, 1976.
  • Roth, Leland M. Entender la arquitectura: sus elementos, historia y significado. Editorial Gustavo Gili, 2000.
  • Rovira, J.M. José Luís Sert. 1901-1983. Milan, Electa, 2000.
  • Sjoberg, Gideon. The origin and evolution of cities, 1965.
  • Vázquez, Carlos García. Ciudad hojaldre: visiones urbanas del siglo XXI. Editorial Gustavo Gili, 2004.
  • Vegara, Alfonso, Alfonso Vegara Gómez, eta Juan Luis de las Rivas. Territorios inteligentes: nuevos horizontes del urbanismo. Fund. Metrópoli, 2004.
  • Venturi, Robert. Complejidad y contradicción en la arquitectura. Editorial Gustavo Gili, 1974.
  • Woolley, C. Leonard. Ur: la ciudad de los caldeos. México: Fondo de Cultura Económica, 1949.

Erreferentziak

aldatu
  1. Eusko Jaurlaritza, Euskadiko Lurzoruaren eta Hirigintzaren Legea. Ekainaren 30eko 2/2006 Legea, 18.
  2. Eusko Jaurlaritza, Lurralde Antolamendurako Artezpideak. 28/1997 Dekretua, otsailaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldearen Antolamendurako Artezpideak behin betiko onesteko dena.
  3. Gideon Sjoberg,The origin and evolution of cities, (1965).
  4. A. E. J. Morris, Historia de la forma urbana: desde sus orí­genes hasta la Revolución Industrial, (Gustavo Gili Editorial S.A., 1998).
  5. Jane Jacobs, The economy of cities (Cape, 1970) in Morris, Historia de la forma urbana.
  6. Leland M. Roth, Entender la arquitectura: sus elementos, historia y significado (Editorial Gustavo Gili, 2000), 163.
  7. C. Leonard Woolley, Ur: la ciudad de los caldeos (Mexiko: Fondo de Cultura Económica, 1949).
  8. Fernando Chueca Goitia, Breve historia del urbanismo (Alianza, 1970), 4. kap.
  9. Glyn Edmund Daniel, The first civilizations: the archaeology of their origins (Crowell, 1968) in Morris, Historia de la forma urbana.
  10. Morris, Historia de la forma urbana, 43.
  11. Anthony Kriesis, Greek town building (National Technical University, 1965) in Morris, Historia de la forma urbana.
  12. Jerome Carcopino, Daily Life in Ancient Rome - The People and the City at the Height of the Empire (Read Books, 2008) in Morris, Historia de la forma urbana.
  13. Luis Dí­ez del Corral, El rapto de Europa: una interpretación histórica de nuestro tiempo (Revista de Occidente, 1962), 140.
  14. Chueca Goitia, Breve historia del urbanismo, 90.
  15. Ibid., 89.
  16. Leopoldo Torres Balbás et al., Resumen histórico del urbanismo en España (Instituto de Estudios de Administración Local, 1954), 105.
  17. Morris, Historia de la forma urbana, 118.
  18. José Javier Fernández Altuna, Euskal Herriko arkitektura (Ibaizabal, 2004).
  19. Luigi Piccinato, Urbanistica medievale (Edizioni Dedalo, 1993) in Chueca Goitia, Breve historia del urbanismo, 100.
  20. Morris, Historia de la forma urbana, 119.
  21. E.R. Park estatu batuar soziologoaren arabera, cit. Chueca Goitia, Breve historia del urbanismo, 75.
  22. Ibid., 73.
  23. Morris, Historia de la forma urbana, 174.
  24. Roth, Entender la arquitectura, 341.
  25. Bernd Evers, Christof Thoenes, eta Berlingo Nazio Museoetako Arte Liburutegia, Teoría de la arquitectura: del Renacimiento a la actualidad. 89 artí­culos sobre 117 tratados (Taschen, 2003), 120.
  26. Balbás et al., Resumen histórico del urbanismo en España, 192.
  27. Morris, Historia de la forma urbana, 175.
  28. Pierre Lavedan, Histoire de l'Urbanisme: Renaissance et temps modernes (H. Laurens, 1959) cit. Morris, Historia de la forma urbana.
  29. Chueca Goitia, Breve historia del urbanismo, 139.
  30. Morris, Historia de la forma urbana, 201.
  31. Kenneth Frampton, Historia crí­tica de la arquitectura moderna (Gustavo Gili, 1998), 24.
  32. Chueca Goitia, Breve historia del urbanismo, 129.
  33. Leyes de Indias, https://archive.today/20120629195154/www.congreso.gob.pe/ntley/LeyIndiaP.htm.
  34. Balbás et al., Resumen histórico del urbanismo en España, 251-252.
  35. Manuel Montero, Historia general del País Vasco (Txertoa, 2008), 339.
  36. Altuna, Euskal Herriko arkitektura, 117.
  37. Alfonso Vegara, Alfonso Vegara Gómez, eta Juan Luis de las Rivas, Territorios inteligentes: nuevos horizontes del urbanismo (Fund. Metrópoli, 2004), 25.
  38. Montero, Historia general del País Vasco, 339.
  39. Miguel Artola (argit.), Historia de Donostia-San Sebastián (Editorial NEREA, 2004), 304.
  40. Javier Mozas eta Aurora Fernández, Vitoria Gasteiz: guía de arquitectura (Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala, 1995).
  41. Chueca Goitia, Breve historia del urbanismo, 169.
  42. Ibid., 173.
  43. Unai Fernandez de Betoño, "Gizarte-espazioaren eraikuntza. Europar etxebizitza sozialen historia laburra" in Aldiri. Arkitektura eta abar 1 (UEU, 2010):
  44. Vegara, Gómez, eta Rivas, Territorios inteligentes, 84.
  45. Le Corbusier, Hacia una arquitectura (Poseidón, 1978), 105.
  46. Frampton, Historia crítica de la arquitectura moderna, 139.
  47. Vegara, Gómez, eta Rivas, Territorios inteligentes, 87.
  48. Le Corbusier, Jean Giraudoux, eta Juan-Ramón Capella, Principios de urbanismo: (La carta de Atenas) (Ariel, 1971).
  49. Vegara, Gómez, eta Rivas, Territorios inteligentes, 89.
  50. Atenasko Agiria, http://www.mcu.es/patrimonio/docs/MC/IPHE/Biblioteca/carta_de_atenas.pdf
  51. Robert Venturi, Complejidad y contradicción en la arquitectura (Editorial Gustavo Gili, 1974).
  52. J.M. Rovira, José Luí­s Sert. 1901-1983 (Milan: Electa, 2000), 105.
  53. https://web.archive.org/web/20140719034333/http://chandigarh.gov.in/knowchd_gen_plan.htm
  54. Frampton, Historia crí­tica de la arquitectura moderna, 260.
  55. Carlos García Vázquez, Ciudad hojaldre: visiones urbanas del siglo XXI (Gustavo Gili, 2004), 8.
  56. Aldo Rossi, La arquitectura de la ciudad (Editorial G. Gili, 1976).
  57. Charles Jencks, The language of post-modern architecture (Rizzoli, 1984).
  58. Vázquez, Ciudad hojaldre, 10.
  59. Javier Martinez Callejo, Bilbao. Desarrollos urbanos. Ciudad y forma. (Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzua, 2009), 260.
  60. Europar Lurralde Antolamendurako Gutuna, Lurralde Antolamendu Ministroen Europar Batzarra, VI. asanblada, 1983ko maiatzaren 20a
  61. http://ec.europa.eu/regional_policy/sources/docoffic/official/reports/pdf/sum_es.pdf
  62. Vegara, Gómez, eta Rivas, Territorios inteligentes, 207.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu