Hans Scholl
Hans Scholl (Ingersheim, Alemania, 1918ko irailaren 22a - Munich, Alemania, 1943ko otsailaren 22a) Alemania naziaren aurka eratutako Arrosa Zuria (Die Weiße Rose) izeneko erresistentzia mugimendu baketsuko kide eta oinarrietako bat izan zen. Arreba eta taldeko beste kide batzuekin batera, burua moztu zioten.
Hans Scholl | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Ingersheim an der Jagst, 1918ko irailaren 22a |
Herrialdea | Weimarko Errepublika Hirugarren Reicha |
Heriotza | Stadelheim espetxea, 1943ko otsailaren 22a (24 urte) |
Hobiratze lekua | Friedhof am Perlacher Forst (en) |
Heriotza modua | heriotza zigorra: burugabetzea |
Hiltzailea | Johann Reichhart (en) |
Familia | |
Aita | Robert Scholl |
Ama | Magdalena Scholl |
Haurrideak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Municheko Unibertsitatea |
Hizkuntzak | alemana |
Jarduerak | |
Jarduerak | bakezalea eta Erresistentziaren kidea |
Kidetza | Arrosa Zuria |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Luteranismoa |
Biografia
aldatuHans Scholl Munichen jaio zen erdi mailako familia batean. Erlijio luteranoan hezia eta aitaren aholkuei (nazismoaren aurkakoa zen) muzin eginez, nerabezaroan, Hans Gazte Hitleriarrengana batu zen. Han ikusitako bortizkeria eta autoritarismoak berehala ekarri zion desenkantua eta, 1939an, Hitlerren erregimenaren aldeko ekintzak alboratu eta medikuntza ikasten hasi zen Municheko unibertsitatean, oposizioan lerratzen ziren gazteekin elkartuz.
Bigarren Mundu Gerra hastean, ikasle zen heinean, mediku laguntzaile modura mobilizatua izan zen eta, 1942ko ekainaren 22an Ekialdeko fronteko ospitale militarretara bidali zuten, Errusia eta Ukrainarantz, SSk burututako krimenen testigantza jasotzeko aukera izan zuelarik.
Alemaniara itzultzean, Hans Scholl Arrosa Zuria izeneko erresistentzia pasiboko mugimendu batean sartu zen, panfletoak eta txartel antinaziak inprimatzen zituelarik, ondoren orri horiek Munichen banatzeko. Sophie Scholl, Inge Scholl, Christoph Probst, Kurt Huber, Alexander Schmorell, Willi Graf eta Jugen Wittensteinekin batera, jarduera honetan zebilela, 1943ko otsailaren 18an, bere arreba Sophie Schollekin batera, Municheko Unibertsitatean, poliziak atxilo hartu zuen.
Herri epaimahaiak (Volksgerichtshof) Hans eta Sophieren panfletoak aztertu eta alemaniar zibilei gobernuari oposizioa egitera deitu eta SSn gehiegikeriak salatzen zituztela ikusi zuten eta heriotza zigorrera kondenatu zituzten.
Hans Schollek, burua moztuko ziotenaren bezperan, Roland Freisler nazi fanatikoari hau esan zion:
« | Denbora gutxi barru, zu izango zara gure lekuan egongo dena. | » |
1943ko otsailaren 22an, bere arreba Sophieren ondoren, Johann Reichhartek burua moztu zion Hansi, Stadelheim espetxean. Exekuzioaren aurrean, horrela egin omen zuen oihu:
« | Gora askatasuna! [1]
|
» |
Ez ziren hilko zituzten azken taldekideak izan. Gestapok zorrotz jokatu zuen eta Alex Schmorell (25 urte), Willi Graf (25 urte) eta Kurt Huber (49 urte) ere eraitsi zituzten. Hanburgoko unibertsitateko ikasle asko exekutatu edo kontzentrazio esparruetara bidaliko zituzten [2].
Ohoreak
aldatuLudwig Maximilians Municheko Unibertsitateko Zientzia Politikoko fakultatea, Scholl anai-arreben omenean, Geschwister-Scholl Institutua deitzen da; era berean, azken 40 urtean, Arrosa Zuria askatasunerako borrokari loturik ageri da, eta Alemaniako kale, parke, etorbide eta eskola ugarik Scholl anai-arreben izena dute.
2003an, ZDF telebistak Alemania osoan galdeketa egin zuen, herrialde horrek inoiz izan dituen hamar pertsona garrantzitsuenak aukeratzeko: berrogei urtez beherakoek Sophie eta Hans laugarren tokian jarri zituzten, Bach, Goethe, Gutenberg, Bismarck, Willy Brandt eta Albert Einsteinen aurretik. Gazteen botoak bakarrik kontatu izan balira, Sophie eta Hans lehenak izango ziratekeen. Urte batzuk lehenago, Brigitte aldizkariaren irakurleek Sophie Scholl hautatu zuten XX. mendeko emakume garrantzitsuentzat.
Filmak
aldatu- Die weiße Rose (Michael Verhoeven)
- Sophie Scholl – Die letzten Tage, Oscar Sarietarako izendatua.
Erreferentziak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Hans Scholl |