Euskal pilota: larrua harriaren kontra
Euskal pilota: larrua harriaren kontra (gaztelaniaz: La pelota vasca, la piel contra la piedra) 2003ko dokumental bat da, Julio Medemek zuzendua.[1] Hirurogeita hamar elkarrizketa biltzen ditu, hizpidetzat hartuta Euskal Herriko gatazka[1] eta haren inguruabarrak: euskara, ETA, GAL, presoak eta biktimak, herrialdearen historia (karlistaldiak, Gernikako bonbardaketa, Ibarretxe Plana). Garai horretan eztabaidatzeari uko egiten zioten alderdi politikoen artean zubiak eraikitzea zen zuzendariaren asmoa, nahiz eta PPk filmean agertzeari uko egin zion.
Euskal pilota: larrua harriaren kontra | |
---|---|
Jatorria | |
Argitaratze-data | 2003 |
Izenburua | Euskal pilota: larrua harriaren kontra eta La pelota vasca: la piel contra la piedra |
Jatorrizko hizkuntza | euskara gaztelania frantsesa ingelesa |
Jatorrizko herrialdea | Espainia |
Honen izena darama | pilota (euskal pilota) |
Ezaugarriak | |
Genero artistikoa | film dokumentala |
Iraupena | 117 minutu |
Kolorea | koloretakoa |
Zuzendaritza eta gidoia | |
Zuzendaria(k) | Julio Medem |
Gidoigilea(k) | Julio Medem |
Antzezlea(k) | |
Ekoizpena | |
Edizioa | Julio Medem |
Bestelako lanak | |
Musikagilea | Mikel Laboa |
Argumentu nagusia | Euskal Herriko gatazka eta Euskal Herriko kultura |
Historia | |
Nominazioak | |
Izenburuan euskal pilota ageri bada ere, ez da euskarazko pilota aipatzen, eusko pilota baizik. Izan ere, dokumentalean Euskal Herriko irudiak, pilota partidak eta herri kiroletako probak tartekatzen dira beste film batzuetako eszenekin eta zuzendariak egindako elkarrizketekin. Medemen aurreko filmen amets moduko giroetatik urrun, film honetan bidaide dira Euskal Herriko errealitate gordina eta idilikoa, Mikel Laboaren musika lagun.
Filmaren behin-behineko muntaketa ikusi ondoren, Mirei Lluchek —ETAk hildako Ernest Lluchen alabak— aitaren jaraunspenaren zati bat eman zuen, lagundu nahian.
Sorrera
aldatu2001eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan espainiar nazionalismoak eusko nazionalismoaren aurka abiatutako kanpaina bortitza ikusita, Julio Medemek erabaki zuen Euskal Herriko gatazkari buruzko dokumental bat egitea, bere seigarren film luzea izango zena.[2]
Polemika
aldatuDokumentala kaleratzean, Donostiako Zinemaldian, hautsa harrotu zen. Alderdi Popularrak eta Terrorismoaren Biktimen Elkarteak gogor kritikatu zuten —batzuek, baita ikusi gabe ere; Kulturako ministro Pilar del Castillok, kasu—, eta ez ikustea eta Zinemaldian ez erakustea eskatu zuten. Alderdi Popularrak filmean parte hartzeari muzin egin zion, besteak beste Arnaldo Otegi agertu zelako. Hala ere, UPNko eta Unidad Alavesako kideak elkarrizketatu zituen Medemek. Gainera, Alfredo Marco Tabar ere DVDko zazpi orduko bertsioan agertu zen.
ETAren eta Ibarretxe Planaren alde egitea egotzi zioten zuzendariari, alde bateko iritziek —euskal abertzaleenek, alegia— pisu handiagoa zutelakoan. Julio Medemek hori ukatu zuen, eta PPren ez agertzeko erabakia deitoratu zuen.
Filmeko azken muntaketarekin bat ez zetozenez, ETAk mehatxatutako Gotzone Morak eta Iñaki Ezkerrak beren elkarrizketak ken zitzan eskatu zioten Medemi. Zuzendariak denbora falta zela-eta zinematokietatik kentzea ezinezkoa zela erantzun zuen, baina ez dira agertu webeko bideoetan, ez eta DVDko zazpi orduko bertsioan ere.
Goya Sarien galan, 2004an, dokumental onenen artean Euskal Pilota sailkatuta zegola medio, galako egoitzaren aurrean AVTk manifestaldia egitera deitu zuen, biktimak eta terroristak maila berean jartzen zituelakoan. Hala ere, galako parte-hartzaile gehienek Medemen alde egin zuten, adierazpen askatasuna aldarrikatuta. Filmak, azkenean, ez zuen saria irabazi.
Elkarrizketatuak
aldatu7 mintzo dira euskaraz, 60 gaztelaniaz, 2 ingelesez, 1 frantsesez. Beraz, gehien-gehienak gaztelaniaz mintzo dira; hala egin ez dutenetan, elkarrizketatu horrek zein hizkuntzatan egin duen adierazi dugu parentesi artean:
- Alberto Catalán. Union del Pueblo Navarroko idazkari nagusia.
- Daniel Mujika. 2001ean ETAk hildako Jose Javier Mujika Leitzako UPNko zinegotziaren semea.
- Pablo Mosquera. Unidad Alavesako idazkari nagusia.
- Felipe González. Espainiako Gobernuko presidente ohia (1982-1996), PSOEkoa.
- Juan Manuel Egiagarai. Industriako Ministro ohia, PSOEkoa.
- Gotzone Mora. PSE-EEren Batzar Exekutiboko kidea. Ermuko Foroko kidea.
- Txiki Benegas. PSE-EEren presidente ohia.
- Gregorio Peces-Barba. Espainiako Konstituzioaren egileetako bat, PSOEren izenean.
- Patxi López. PSE-EEko idazkari nagusia.
- Odón Elorza. Donostiako alkatea (1991z geroztik), PSE-EEkoa.
- Ana Urtxuegia. Lasarteko alkatea, PSE-EEkoa.
- Ramon Etxezarreta. Donostiako Kulturako zinegotzia, PSE-EEkoa.
- Eduardo Madina. PSE-EEren gazte arloko idazkari nagusia. ETAk egindako atentatu bat zela medio, zango bat galdu zuen.
- Maixabel Lasa. ETAk hildako Juan Mari Jauregi PSE-EEko Gipuzkoako gobernadore zibilaren alarguna. Eusko Jaurlaritzako Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko zuzendaria.
- Javier Madrazo. Ezker Batua-Berdeak alderdiko koordinatzaile orokorra.
- Xabier Arzalluz. EAJko presidente ohia.
- Carlos Garaikoetxea. Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia (1980-1985), EAJkoa zelarik. Gerora Eusko Alkartasuna sortu zuen, eta alderdi horretako presidente izan zen.
- Jose Antonio Ardanza. Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, EAJkoa.
- Juan José Ibarretxe. Eusko Jaurlaritzako egungo lehendakaria (1998az geroztik), EAJkoa.
- Joseba Arregi. Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburu ohia, EAJkoa zelarik. Geroago, alderdi hori utzi zuen.
- Jose Angel Cuerda. Gasteizko alkate ohia, EAJkoa.
- Begoña Errazti. Eusko Alkartasunako egungo presidentea.
- Jean Grenet. Baionako alkatea (frantsesez mintzo da).
- Patxi Zabaleta. Aralarko idazkari nagusia.
- Julen Madariaga. ETAren fundatzaileetako bat. Aralarko kidea.
- Txomin Ziluaga. Politika Zientzietako irakaslea. Herri Batasunaren eta HASIren fundatzaileetako bat.
- Arnaldo Otegi. Batasuneko idazkari nagusia.
- Txema Montero. Ezker abertzaleko abokatu ohia. Sabino Arana Fundazioko kidea.
- Carmen Galdeano. 1985ean GALek hildako Xabier Galdeanoren alaba. Etxerateko presidentea.
- Anika Gil. ETAri ustezko laguntza emateagatik Guardia Zibilak atxilotua 2002ko otsailean, Iruñean. Bost egun polizia etxean eman ostean kargurik gabe aske utzia, torturak salatu zituen (euskaraz mintzo da).
- Eva Suarez. Espainiako Amnesty Internationaleko presidentea.
- Teo Santos. Ertzaina. ErNE sindikatuko kidea.
- Cristina Sagarzazu. ETAk hildako Ramon Doral ertzainaren alarguna.
- Hur Gorostiaga. Le Journal du Pays Basque egunkariaren sortzaileetakoa (euskaraz mintzo da).
- Antoni Batista. Musikako kritikaria. La Vanguardia egunkariko kazetaria.
- Iñaki Ezkerra. ETAk mehatxatutako kazetaria eta idazlea.
- Mariano Ferrer. Kazetaria.
- Antonio Álvarez Solís. Kazetaria.
- Iñaki Gabilondo. Kazetaria.
- Javier Angulo. Kazetaria.
- Xabier Euzkitze. Bertsolaria eta kazetaria (euskaraz mintzo da).
- Javier Ortiz. El Mundo egunkariaren kazetaria eta idazlea.
- Jesus Altuna. Historialaria eta antropologoa.
- Tomas Urzainki. Historialaria eta idazlea.
- Juan Pablo Fusi. Historialaria.
- Jean-Louis Davant. Idazlea eta euskaltzaina (euskaraz mintzo da).
- Jose Maria Satrustegi. Idazlea, etnografoa eta euskaltzaina.
- Jean Haritxelhar. Euskaltzainburua (euskaraz mintzo da).
- Ander Manterola. Ikertzaile etnografikoa.
- Paco Etxeberria. Medikua.
- Ramón Zallo. Informazio Zientzietako doktorea.
- Jose Maria Garmendia. Historia Garaikideko katedraduna.
- Fernando Reinares. Politika Zientzietako katedraduna. Nazio Batuen Erakundeko Terrorism Prevention Branch arloko kidea.
- Antonio Elorza. ETAk mehatxatutako Politika Zientzietako katedraduna.
- Ramon Altzate. Psikosoziologoa.
- Imanol Zubero. Soziologian doktorea. Gesto por la Paz elkarteko kidea.
- Jose Ignacio Ruiz de Olabuenaga. Soziologiako eta Politika Zientzietako doktorea.
- Javier Elzo. ETAk mehatxatutako soziologoa. Bizkartzaina bizkarrez ageri da elkarrizketaren zati batean.
- Ramon Saizarbitoria. Soziologoa eta idazlea.
- Bernardo Atxaga. Idazlea.
- Kirmen Uribe. Idazlea (euskaraz mintzo da).
- Javier Sádaba. Filosofoa.
- Antxon Lafont. Baionako enpresaburua.
- Txentxo Bengoetxea. Musikaria.
- Fermin Muguruza. Musikaria (euskaraz mintzo da).
- Sabino Aiestaran. Frantziskotarra, katedraduna.
- Iñaki Villota. Apaiza.
- Alec Reid. Ipar Irlandako apaiza (ingelesez mintzo da).
- Harry Barnes. Carter Foundationeko kidea (ingelesez mintzo da).
- Jonan Fernandez. Elkarri elkarteko sortzaileetakoa.
- ETAko presoen hainbat senide, Huelvako espetxera bisitan zihoazela.
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b «Euskal pilota: Larrua harriaren kontra» Zinema Uneak (Noiz kontsultatua: 2019-02-25).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ «Euskal pilota, larrua harriaren kontra» Auñamendi Eusko Entziklopedia (Noiz kontsultatua: 2019-02-25).