Espazioaren esplorazioa

Espazioaren esplorazio» orritik birbideratua)

Espazioaren esplorazioa gizakiak kanpo-espazioa ezagutzeko egindako ikerketa da. Horretarako, astronomia eta espazio-teknologia erabiltzen ditu. Esplorazio fisikoan gizakiek gidatutako espazio ontziak zein automatikoki gidatutako zundak erabiltzen dira.

Aspaldidanik aztertu da zerua eta bertako argizagiak, baina XX. mendearen erdialdera suziriak garatu arte espazio horren zuzeneko azterketarik ezin izan da egin.

Historia

aldatu

Erdi Aroa

aldatu
 
Ptolomeoren sistemaren adibidea non Lurra ardatza den

Kopernikoren aurrerapenak bizkor garatu zuten astronomiaren alorra. Zientzialari poloniarrak Ptolomeoren sistema zalantzan jarri zuen planetak eguzkiaren inguruan mugitzen zirela adieraziz. Horrela, astronomia modernoaren oinarria izango zen teoria heliozentrikoaren sortzaile bihurtu zen. Hala ere, teoria honek zuzenketa nabariak behar izan zituen planeten mugimenduari azalpena eman zezan esferen perfekzioa zela eta. 1609an, Galileok bere lehenengo teleskopioaren sorrerarekin Artizarraren faseak ikustea lortu zuen. Behapen hauek Ptolomeoren astronomia deuseztatu zuten eta Kopernikoren teoriak berrestu zituzten. Halaber, Galileok Esne Bidea izar-multzo gisa eta Jupiterren lau satelite nagusiak aurkitu zituen. Aitzitik, esan ohi da teleskopioaren sortzailea 1608an Hans Lippershey izan zela eta urtera Galileok mekanismoa hobetu zuela organo baten hodi zahar bat erabiliz.

 
Copernicok defendatu zuen sistema heliozentrikoaren islapena

Keplerrek, planeten ageriko posizioari buruzko behaketa zehatzaz baliatuz, planeten mugimenduari buruzko legeak finkatu zituen. Planetek Eguzkiaren inguruan orbita eliptikoak abiadura desberdinean irudikatzen zituztela ondorioztatu zuen. Newtonek planeten erakarpen indarra Lurraren grabitatearekin parekatzea lortu zuen. Zientzialari ingelesak grabitate indarrak gutxiagotu egiten zela distantziaren karratuaren arabera erakutsi zuen eta honek Kepleren planeten mugimenduari buruzko teoriaren jatorria izan zela frogatu zuen. Grabitate unibertsalaren legea ikusgai jarri zuen.

 
Hegan egiteko gailu baten diseinua (1488), Institut de France, Paris

Bitartean, era guztietako aurkikuntza zientifikoak eman ziren, gizakien hegan egiteko gura izan zen horietako bat. Hasieran, txorien hegalen mugimendua imitatuz hegan egiten lortu zitekeela pentsatzen zen, eta XIII. mendean Roger Baconek airea baino astunagoa zen tramankuluak hegan egin zezakeela adierazi zuen. XVI. mendearen hasieran, Leonardo da Vincik, historiako jeniorik garrantzitsuenetarikoak (arkitekto, eskultore, margolari, biologo, musikari, filosofo, idazle eta ingeniaria), gerora bihurgarri izango ziren diseinuak garatu zituen. Airea baino astunagoa izanik hegan egin zezaketen hiru tramankulu asmatu zituen: planeagailua, helikopteroa eta ornikopteroa (txoriek bezala mugi zezakeen makina). Halaber, Galileo ikerketa esperimentalaren aitzindaria izan zen. Historian zehar, hegan egiteko gailuen diseinuak burutu ziren, gehienek porrot egin zuten, baina airea menperatzeko eta hegan egiteko ametsa bete zen, gero eta azkarrago eta urrunago. Aitzitik, gizadia hegan egiteaz ez zen konformatzen eta bere muga zeruaz gaindi ezarri nahi zuen, espazioan alegia.

Astronautikak arazo ugari mahaigaineratu zituen. Lurraren erakarpena gainditzeko zailtasuna zen oztopo nagusia, arazoari aurre egiteko ibilgailuaren abiadurak infinitutik Lurrera jausten den gorpu batek hartzen duen abiadura adina behar zuen. Ihes egiteko abiadura segundoko 11.200 metrokoa da, hots, 40.320 km/h. Jaurtitutako ontzi batek 8.000 m/s-ko abiadura gainditzea lortzen ez badu Lurrera jausiko litzateke. 8.000 m/s-ko abiadura gainditzean ihes egite-abiadura gutxiago bada, ontzia ez litzateke jausiko Lurrera, baina ez luke bere erakarpenetik ihes egingo planetaren indar zentrifugoak bere grabitatearen eragina orekatuko baitzuen, horrenbestez bere orbitan iraungo luke (8.000 m/sg gutxiengo abiadura da satelite bat orbitan jarri ahal izateko).

8.000 m/s baino gehiagoko abiadurarekin orbitak eliptikoak bihurtzen dira. 11.200 m/s-ko abiadurarekin ontziak Lurreko erakarpena gaindituko zuen horretatik erabat aske geratuz. Atmosferatik doazen hegazkinek euren eragile eta hegoei esker maniobratzen dute ibilgailu bera grabitatearen indarrari eutsiz airean. Haatik, espazio ontzi batek ezin du erabili hegorik bere burua eusteko espazioan airerik ez dagoelako. Altueran mantentzeko. orbitan sartu behar da, horretarako hegoen ordez koheteak behar dira ontzia bultzatzeko eta maniobra dezan.

K.a. XVII. mendean Txinan lehenengo suziriak asmatu ziren bolbora erregai solido gisa erabiliz. Ikatza, sulfuro eta gatzaren nahasketa erabiliz banbu-kanaberak betetzen ziren eta jaiegunetan zeremonial suen legez botatzen ziren. 1405ean txinatarrek suziriak eta bolbora erabiltzen zituzten defentsarako armatzat. Esaterako, 1258an mongolek suziriak erabili zituzten Bagdad erasotzeko. Gerora, Luis IX.a Frantziako erregearen armadak erabili zituen. 1300an suziria Europako herrialdeen armategietara hedatu zen, eta edozein gudatan erabiltzen hasi ziren, Orleansen Ehun Urteko Gerran, besteak beste. Horrela, pixkanaka euren irismena eta hegaldiko egonkortasuna hobetzen joan zen.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu