Eskuzko kanpai-jotze

Eskuzko kanpai-jotzea» orritik birbideratua)

Eskuzko kanpai-jotzea kanpaiak jotzeko tradizioa da, mundu osoan zehar barreiatua, baina bereziki Iberiar penintsulan hedatua, ohitura erlijioso gisa. UNESCOk Gizateriaren Kultura Ondare Immaterial izendatu zuen 2022ko azaroaren 30ean, eskuz jotako kanpai joaldiak izenarekin[1]. Espainian zein Hego Euskal Herrian tradiziozko usadioa izan da, nekazaritzari lotua. Espainiak babestua du kultura ondasun gisa[2].

Altsasuko errepika, 2019ko maiatzaren 5ean, urte horretako lehenengoa.

Nafarroa Garaian bereziki lotuta egon da herri meteorologiarekin, tentenubloaren kasuan, adibidez. Kanpai jotze hau Erriberan egin ohi zen[3], baina Nafarroako hegoaldean, gaur egun, Los Arcosen baino ez da gordetzen[4]. Altsasun ere mantendu da tradizio hori, Maiatzeko gurutzearen egunetik (maiatzaren 3a) Iraileko gurutzearen egunera (irailaren 14) arte eguerdian ezkilen errepika joz[5].

Areantzako kanpai-eskola

aldatu

Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, aipatzekoa da Areantza auzoko kanpai-eskola, berau Aretxabaletan. Auzotarrek diotenez, Madinabeitia familiako mutil guztiek jotzen zituzten kanpaiak San Bizente ermitan, Areantzan bertan. Tradizioa eten ez zedin, 2007an inguruko zenbait lagunek eskola bat sortu zuten, Arientzako kanpai jole eskola izenarekin.[6]

Areantzako joaldiak

aldatu

Areantzako kanpai-eskolak zerrendatu egin du zeintzuk diren Euskal Herriko kanpai-jotzaileak.[7] Orobat batu eta sailkatu egin ditu denboran barrena auzoko elizetan jo izan diren joaldiak:[8]

  • Agonikoak. Kanpai txikiarekin geldi-geldi jotzen dira. Bat edo bat hilzorian zegoenean jotzen ziren.
  • Aingeru kanpaia. Kanpai txikiarekin, azkar-azkar jotzen da. Umeren bat hildakoan.
  • Argi kanpaia. Kanpai handiarekin jotzen da. Arimen eguneko egunsentian, hil kanpaien aurretik.
  • Auzo kanpaia. Kanpai handiarekin. Auzokoak elizpera erakartzeko balio zuen.
  • Ave Mariatakoa eta Angelusa. Kanpai handiarekin. Ave Mariatakoa, iluntzean; Angelusa, eguerdian.
  • Elizakoak. Kanpai biekin jotako errepikak. Gaixoaren batek txarrera egiten bazuen jotzen ziren.
  • Errepikak. Kanpai biekin. Kanpai joaldirik handiena, indartsuena.
  • Errogatibak. Kanpai biekin jotakoak. Urtean bi egunean: Igokunde aurreko hiru egunetan eta San Markos egunean. Baita auzotarrek eskatuz gero ere.
  • Hil kanpaiak. Kanpai biekin, geldi-geldi, hildakoa gizonezkoa ala emakumezkoa zen bereiztuta.
  • Hirukoa. Kanpai handiarekin. Sarri akolitoak berak jotzen zuen, sokatik tira eginda.
  • Kanpa luzea. Kanpai handiarekin. Elizkizuna egin baino ordu erdi lehanago, 19-20 kanpaikada.
  • Letxuga kanpaia. Kanpai biekin jotakoa, eguerdian. Maiatzaren 3tik irailaren 14ra bitartean.
  • Hodeiarena. Kanpai handiarekin, geldi samar. Hodeia zetorrela ikusten zenean.
  • Su kanpaia. Kanpai txikiarekin. Suteren bat izaten zenean, auzokoei dei egiteko balio zuen.

Zabalkunde lana

aldatu

Sortu zenetik, Areantzako kanpai-eskolak ikus-entzunezko metodo berritzaile bat asmatu du kanpaiak jotzen ikasteko.[9] Eta lan handia egin du ondare hori zabaltzeko: jardunaldiak[10] eta elkarretaratzeak[11] antolatu ditu, baita erakustaldiak ere,[12] bisitak jaso ditu,[13] sariketak eratu[14] eta toki esanguratsuak bisitatu,[15] Euskal Herrikoak eta kanpokoak. Halaber, eskatu du, Europako erakunde askorekin batera, kanpai jotzea Gizateriaren Kultura Ondare Immaterial izenda zedin.[16] Asmo horrekin, Areantzako kanpai-eskolak blog bat sortu du, Kanpai-joleak. Juane, Arientzako kanpai-jole eskolako bloga,[17] eta bertan eskolak egiten dituen lanen berri ematen du.

Erreferentziak

aldatu
  1. (Gaztelaniaz) «UNESCO - El toque manual de campanas» ich.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2022-12-01).
  2. «BOE.es - BOE-A-2019-6064 Real Decreto 296/2019, de 22 de abril, por el que se declara el Toque Manual de Campana como Manifestación Representativa del Patrimonio Cultural Inmaterial.» www.boe.es (Noiz kontsultatua: 2022-12-01).
  3. (Gaztelaniaz) Jimeno Jurio, J. M.. (1976). Ritos mágicos en la merindad de Tudela. Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra.
  4. (Gaztelaniaz) ESTELLA, DN. (2011-09-13). «Aumenta a 9 el número de muertos en un accidente ferroviario en Buenos Aires» diariodenavarra.es (Noiz kontsultatua: 2022-12-01).
  5. «Altsasuko 2019ko lehenengo ezkila errepika - Altsasu» Guaixe.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-01).
  6. «Zer da hau?» Kanpai-joleak 2016-01-03 (Noiz kontsultatua: 2022-12-01).
  7. «Julen Abasolo: "Eskuz jotzen dugun kanpai-joleak zenbat garen eta zeintzuk garen zerrendatu gura da" - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-01).
  8. «Arientzako joaldiak» Kanpai-joleak 2016-01-06 (Noiz kontsultatua: 2022-12-01).
  9. Arregi, Miren. (2007). Kanpaiak jotzen ikasteko materiala sortu dute Areantzako auzotarrek. Goiena, 20 or..
  10. «2011 – Jardunaldiak Aretxabaletan» Kanpai-joleak 2016-03-05 (Noiz kontsultatua: 2022-12-01).
  11. «1992/1993 – Kanpai jole topaketak» Kanpai-joleak 2016-02-13 (Noiz kontsultatua: 2022-12-01).
  12. «2008 – Otala Zelai» Kanpai-joleak 2016-02-25 (Noiz kontsultatua: 2022-12-01).
  13. «'El niño de Elche' Arientzan, kanpai hotsek erakarrita - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-01).
  14. «'Kanpai joleak' argazki lehiaketako sariak banatu dituzte Arkupen - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-01).
  15. «Borges Blanques (Lleida)» Kanpai-joleak 2018-05-29 (Noiz kontsultatua: 2022-12-01).
  16. Beloki, Imanol. (2018). Europako kanpai-jotzera batuko dira Areantzakoak. Goiena, 18 or..
  17. «Kanpai-joleak» Kanpai-joleak (Noiz kontsultatua: 2022-12-01).

Kanpo estekak

aldatu
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Eskuzko kanpai-jotze