Antzinako Erroma
Historiografian, Antzinako Erroma esaten zaio K.a. VIII. mendean Erroma hiria fundatu zenetik K. o. V. mendean Mendebaldeko Erromatar Inperioa erori zen arte existitu zen erromatar zibilizazioari; Monarkia, Errepublika eta Inperio garaiak biltzen ditu.[1] K.a. VIII. mendean Italiar penintsulan eman zen asentamendu batekin hasi zen guztia; hori Erromako hirian bilakatu zen eta honek eman zion izena ondoren sortu zen inperio osoari eta bertako zibilizazioari. Erromako inperioa izugarri zabaldu zen, antzinako inperiorik handienetarikoa bilakatzera iritsiz; hiritik gobernatua izaten jarraitzen zuen eta 50 eta 90 milioi biztanle artean zituen (munduko biztanleria osoaren % 20, gutxi gorabehera).[2]
Iraun zuen mendeetan zehar Erromako estatuak forma ezberdinak ezagutu zituen: monarkiatik hasi, Errepublika Klasikotik igaro eta inperio autokratikoa izateraino. Konkista eta asimilazioen bidez lur eremu zabala kontrolatzera iritsi zen, Mediterraneoa, Mendebaldeko Europa, Asia Txikia, Iparraldeko Afrika eta Iparralde eta Ekialdeko Europa zatiak. Askotan Antzinako Greziarekin elkartu ohi da Antzinate Klasikoa osatuz, bien gizarte eta kulturak antzekotasun ugari zituzten eta greko-erromatar moduan ezagutzen da.
Antzinako Erromako zibilizazioak ekarpen asko egin dizkie gaur egungo gobernu, lege, politika, ingeniaritza, arte, literatura, arkitektura, teknologia, gerra, erlijio, hizkuntza eta gizarteari.[3] Erromak bere indar militarrak profesionalizatu eta zabaldu zituen eta res publica izeneko gobernu sistema asmatu zuen, gaur egungo errepublika modernoen oinarri izan dena. Lorpen eta garapen izugarriak egin zituzten teknologia eta arkitekturan, besteak beste ura banatzeko akueduktu sistema osoa eta errepide sarea eraiki zuten eta baita monumentu, jauregi eta erabilera publikoko zerbitzu asko ere.[4]
Errepublika aroaren amaierarako Erromak Mediterraneo eta hurrunagoko lurrak konkistatu zituen: Atlantikotik Arabiaraino eta Rhinetik Iparraldeko Afrikaraino zabaltzen zen. Errepublikaren amaiera eta Zesar Augustoren diktadurarekin Erromatar Inperioa jaio zen. K.a. 92. urtean Erromatar-Pertsiar gerrak jasi ziren Partiar Inperioaen aurkako lehen gerrarekin. 721 urtez luzatu zen gerra garaia, eta inoizko gatazkarik luzeena bilakatu zen, bi aldeentzako ondorio iraunkor eta nabarmenak eraginez. Trajanoren agindupean inperioak bere hedadura handiena lortu zuen. Inperioaren aroan ohitura eta tradizio errepublikarren gainbehera hasi zen eta gerra zibilak enperadore berri baten altsamenduaren ohiko aurrekari bilakatu ziren.[5][6][7]
V. mendean, barne estabilitate faltagatik eta migrazio mugimendu indartsuen ondorioz, Mendebaldeko Erromatar Inperioa zatitu egin zen, barbaroen esku geratuz. Inperioaren ekialdeko beste erdiak beste 1000 urte inguruz iraun zuen, 1453 urtera arte. Garai hartan bertako biztanleentzat inolako aldaketarik suposatu ez zuen arren, historialari modernoek Bizantziar Inperioa bezala izendatzen dute garai honetako inperioa, lehenago izan zenarekin ezberdinduz.[8]
Historia
aldatuFundazioaren mitoa
aldatuKondairaren arabera, Erroma K.a. 753ko apirilaren 21ean fundatu zuen Romulok. Romulo Eneas printze troiarraren ondorengoa zen. Ika-mika baten ondorioz Remo anaia hildutakoan, Romulo Erromako lehenengo erregea bilakatu zen. Emakumerik gabe, sabinarrei emakumeak bahitu zizkieten erromatarrek, latindarrak eta sabindarrak batuz.[9]
Monarkia
aldatuTiber ibaiko ibi baten ondoan sortu zen. Horren trafiko eta merkataritzarengatik hazi zen hiria.[10] Arkeologiak erakusten duenaren arabera, K.a. IX. mendean sortu zen Erroma, Palatino, Kapitolino eta Kirinal muinoetan hain zuzen ere. Lehenengo biztanleak latinoak eta sabinoak omen ziren.[11]
Etruriarrek K.a. VII. mendean Erroma haren menpe eduki zuten, aristokrazia eta monarkia osatuz. Eskualde horretan boterea galdu zuten K.a. VI. menderako. Erromatarrek gobernu-sistema berritu zuten, errepublika sortuz. Sistema berrian, gobernatzaileek borondatea gauzatzerakoan eragozpenak aurkitzen zituzten, monarkia ekiditeko nahian.[12]
Errepublika
aldatuK.a. 509an sortu zen errepublika Erroman, Tito Liviok zioenez, Tarkinio Superbo erregea bota zutenean. Junio Brutok, azken erregearen kontrako matxino nagusiak, urtero hautatzekoak ziren magistraturetan oinarritu zuen Errepublika.[11] Magistratu garrantzitsuenak bi kontsulak ziren, zeinek armadaren gaineko boterea zeukaten. Hala ere, legeak eta politika orokorra Senatuarekin adostu behar izaten zituzten kontsulek. Hasiera batean, nobleziak edo patrizioek baino ezin zuten boterea izan, baina pixkana plebeioei edo jende arruntari kargu publikoen ateak zabaldu zitzaizkien.[13]
Italiako penintsulako gainerako herriak menderatu zituen Erromak poliki poliki. Kolonien bidez, erromatarrek konkistak babesten eta aseguratzen zituzten. III. mendeko bigarren erdian, Kartagoren kontra borrokatu behar izan zuen Erromak, Lehenengo eta Bigarren Gerra Punikoan. Horren ondorioz, Sizilia Erromaren menpe geratu zen baita Hispaniako ekialdeko eta hegoaldeko kostaldea ere.[14] Mazedonia eta Seleuziako inperioak garaitu ondoren, K.a. II. mendean, Mediterraneo itsasoko jabeak bilakatu ziren erromatarrak.[15]
Garaipenek eta horien aberastasunek aldaketa sakonak eragin zituzten Erromako gizartean barnan. Noblezia aberastu zen probintzien lepotik. Soldadu xumeek, ordea, urte asko eman behar izaten zuten etxetik kanpoko borroketan. Etxaldeak aurrera eraman ezinik, aberatsei gero eta mailegu gehiago eskatzen zieten. Honela, latifundioak eta esklabotza bultzatu zen.[16]
Gerrek, merkatu berriek eta zerga bilketek behe mailako batzuk ere aberastu zituzten. Hauek equites izeneko klasea osatu zuten. Haren dirutza gorabehera, ez zeukaten inolako ahalmen politikorik, plebeioak ziren eta.[17]
Nahigabea, beraz, nagusitu zen Erromako hainbat gizarte-klasetan barnan. Senatuak, halere, ez zuen inolako erreformarik onartu. K.a. II. mendearen bukaeran, egoera politikoa jasanezina bihurtu zen. Tiberio eta Gaio Grako anaiak patrizioen lursoro erraldoiak txiroen artean banatzen saiatu ziren, baina biak erail zituzten.[18] Aldakuntza horiek bi talde sortu zituzten, aldekoa (Populares) eta kontrakoa (Optimates). Bi talde horiek, Mario eta Sila haien buruan, K.a. I. mendearen hasieran aurrez aurre borrokatu zuten. Silaren diktadura sortu zen honela.
K.a. I. mendearen erdialdean, Julio Zesarrek, Ponpeiok eta Krasok hitzarmen sekretua, Lehen Triunbiratoa, osatu zuten, Errepublika haien menpe gera zedin.[19] Nolanahi ere, jelosiak sortu ziren haien artean, eta borrokatzeari eman zioten berriz erromatarrek. Zesar, garaile aterata, diktadore bilakatu zen. Hala ere, K.a. 44an, bere laguntzaile batzuek, Brutok eta Kasiok besteak beste, Zesar hil zuten, Zesarrek monarkia berreskuratu nahi zuelakoan. Hiltzaileen kontra egiteko, Bigarren Triunbiratoa osatu zuten zesartar garrantzitsuenek: Oktaviok, Lepidok eta Marko Antoniok. Berriro, nagusitasuna bilatu nahian, haien artean mendeko hirugarren gerra zibila piztu zen. K.a. 31n, Actium batailaren ostean, Oktavio Erromako buru bakarra bihurtu zen.
Inperioa
aldatuArerio guztiak garaituta, Augustok botere osoa bereganatu zuen, Errepublikako ohiturei eta erei eutsi bazien ere.[20] Ondorengoa, Tiberio, hautatu zuen, Julio-Klaudiar leinua sortuz.[21] Erromaren menpeko lurraldea zabaldu zen, eta barneko segurtasunak jarraitu zuen, enperadoreen ustelkeriak ustelkeria.
Flaviar leinuak lekukoa haru zuen.[22] [23]Hurrengoa Antoniar leinua izan zen, zeinekin Inperioak zenit politiko, ekonomiko eta kulturala lortu zuen. Traianok, Dazia konkistatzerakoan, hango urre-meatzeak bereganatzeaz gain, Inperioko zabalkuntza handiena lortu zuen.
180 eta 235 bitartean, Severar leinuan zehar, armadak gero eta botere gehiago eskuratu zuen. Ondorengotza armada edo Pretoriar Goardiaren esku geratu zen. Beste kausa batzuekin batera, horrek III. mendeko krisialdia eragin zuen.
Krisialdia Dioklezianok Tetrarkia osatu zuenean bukatu zen. Inperio lau zatitan banatu zuen, errazago goberna zezaten. Hala ere, aldi bereko enperadoreek haien kontra borrokatu zuten gailentasunaren bila. Teodosioren heriotzarekin, betiko erdibitu zen Inperioa. Mendebaldeko erdia, barbaroen etengabeko erasopean 476ko irailaren 4an desagertu zen, Odoakro germaniarrak azken enperadorea, Romulo Augustulo boteretik bota zuenean. Ekialdeko erdiak zorte handiagoa izan zuen. Bizantzioko Inperioa bihurtuta (hiriburua Bizantzion edo Konstantinoplan baitzegoen) 1.000 urte gehiago iraun zuen.
Gizartea
aldatuGobernua
aldatuHastapenean, Erroma erregeek gobernatu zuten.[11] Botere haren sorrera eta izaera ez daude argi. Baliteke botere osoa edukitzea, edo baliteke Senatu eta Herriaren buru betearazlea baino ez izatea. Gerrari dagokionez bederen, erregearen autoritatea (imperium zeritzona) absolutua zen. Erregea hiriko erlijio ofizialaren burua ere bazen.
Horretaz gain, hiru biltzar administratibo ere bazeuden: Senatua, erregeari aholkuak ematen zizkiona; Comitia Curiata, erregeak proposatutako legeak onartzen zituena; eta Comitia Calata, jai-egunak ezartzen zituen apaiz-asanblada.
Erromako Errepublikan, botere-borrokak ohiz kanpoko demokrazia eta oligarkiaren nahasketa etorri zen. Legeak indarrean jar zitezen, Herri Asanbladak (Comitia Tributa) onartu behar izan zituen. Era berean, kargu publikoa beteko zuten pertsonak herriak hautatzen zituen. Nolanahi ere, Senatua, aholku-gorputza, oligarkiaren instituzioa zen. Errepublika garaian, Senatuak ospe (auctoritas) handia zuen, baina benetako botererik ez. Hala ere, senatariek influentzia handia zeukaten. Senatari berriak patrizio arrakastatsuen artean aukeratzen zuten zentsoreek, zeinek senatariak postutik kentzeko ahalmena ere bazuten, ustelkeria frogatuz gero.
Inolako herritar batek botere gehiegi lor ez zezan, urtero hautatzen ziren postuak, eta boterea bi pertsonatan banatzen zen. Egoera arruntetan, botere nagusia bi kontsulek partekatzen zuten. Larrialdietan, behin-behineko diktadore bakarrak zeukan. Errepublika garaian zehar, administrazio-sistema hau behin baino gehiagotan aldatu zen, egoera berriei aurre egiteko. Baina azkenean, huts eginda, Inperioa ezarri zuen Augustok.
Inperioko lehen garaian, berriz, Errepublikako gobernu era gordetzen zela mantendu zen. Enperadoreak zeraman titulua princeps edo lehen herritarra zen, eta Senatuak legea egiterakoan boterea lortu zuen, aurrean herri-asanbladek izandakoa. Nolanahi ere, denborak aurrera egin ahala, enperadoreen boterea autokratikoago bilakatu zen, eta Senatua enperadoreak izendatutako aholku-gorputza bihurtu zen. Senatua izan ezik, Errepublikan administrazio-instituzio finkorik ez zegoenez, enperadoreek laguntzaileak eta aholkulariak izendatu zituzten.
Lurraldea probintzietan banandu zen. Denborarekin barrutien kopurua ugaldu zen, lurralde berriak bereganatu zirelako eta probintziak unitate txikiagotan bereizi zirelako. Honela, tokian tokiko buruzagi boteretsuen matxinadak ekiditen ziren. Inperioaren estreinako urteetan, bi probintzia mota zeuden: enperadoreenak eta senatuarenak, gobernaria nork aukeratzen zuen arabera. Tetrarkian, 12 diozesitan banandu ziren probintziak. Afera militar eta zibilak bereizi ziren, eta dux (duke) zegoen lehendabizikoen gainean eta gobernaria bigarrenetan.
Hiriei zegokienez, bi mota ere bazeuden. Colonia izenekoetan, soldadu ohiak edo erromatarrak bizi ziren. Municipia delakoetan, probintzietakoak zeuden. Maila ezberdina izan arren (lehenengoetan hiritartasuna zeukaten), Erromako konstituzioaren ereduari segi zitzaion: duviri eta aedili ziren magistratuak, eta tokian tokiko curia izenekoak Senatuaren papera betetzen zuen.
Legea
aldatuErromako legegintzaren garapenak mila urte baino gehiago iraun zuen. Izan ere, K.a. 449an Hamabi Taulak idatzi ziren, eta K. o. 530 inguruan, Justinianus I.ak Corpus Juris Civilis izeneko arautegia plazaratu zuen. Kode horretan, Erromako legea gorde zen Bizantziar Inperiorako ez ezik, Europan sortzekoak ziren estatuetarako ere.
XVIII. mendera arte, Europako herrialde gehienetan Antzinako Erromako lege-sistema zaharra zen indarrean zegoena. Hainbat tokitan, Alemanian kasu, Erromako legearen erabilpenak are luzeago iraun zuen. Hori dela eta, Europan eta Europatik kanpo ere, egungo legedi modernoek erromatar legeen eragin handia daukate, batik bat zuzenbide pribatuari dagokionez. Eragin hori zuzenbide-terminologian dago ageri: stare decisis, culpa in contrahendo edo pacta sunt servanda, esate baterako. Herrialde batzuetan, Hegoafrikan eta San Marinon, lege-sistema Ius Commune kode zaharrean oinarrituta daude gaur egun ere.
Lege-kode batek ere ez zuen Antzinako Erromako lege-ohitura erabat baztertu. Horren beharrean, erromatar araudiak sistema koherenteagoan sailkatu ziren, estatuetako hizkuntzetara itzulita. Horrenbestez, Erromako legea ezagutzea ezinbestekoa da egungo lege-sistema ulertu ahal izan dadin.
Europar Batasunako estatuetako zuzenbide pribatu desberdinak bat egiteko, Ius Commune kode zaharra eredutzat hartu da, zeren edozein tokitan oinarrizko legeak izateaz gain tokian tokiko aldaerak onartzen baititu.
Ekonomia
aldatuAntzinako Erromako ekonomiaren oinarria, garaiko gainerakoak bezalatsu, nekazaritzan eta merkataritzan oinarritzen zen. Bere aginpean lurralde zabala edukita, salerosketak areagotu ziren. Nekazal ondasun salerosketak Italiako lur-egitura aldatu zuen. K.a. I. menderako, azalera handiko olibadiek eta mahastiek nekazari txikiko etxaldeak ordezkatu zituzten. Izan ere, Egipto, Sizilia eta Tunisiatik zetozen gari-horniketa etengabea zela eta, Italiako nekazari txikiek ezin izan zuten lehiari eutsi. Trukean, ardoa eta oliba olioa Italiako exportazio nagusiak ziren.
Industria eta eskulangintza txikiagoak ziren. Hargintza eta meatzak sektore honetako arlo inportanteenak ziren, batez ere eraikuntza publikoa erpinean egon zen garaian. Eskulangintzan, ekoizpena maila txikikoa izan zen. Eskuarki, langile gutxiko tailer izaten ziren, nahiz eta zenbait adreilu lantegietan ehunka langilek jardun.
Aurreko Errepublika garaiko ekonomiak etxalde txikiak eta ordaindutako langileak zituen oinarri. Hala ere, gerra-garaipenek eta konkistek esklabotza gero eta ugariago eta merkeago bilakatu zuten. Erromatar Errepublika beranterako, trebetasuna eskatzen zuten lanak zein trebetasunik gabekoak esklaboen esku zeuden nagusiki. Esklaboen populazioa Erromatar Inperioko eta Erroma hiriko @ zela estimatu da. Soilik konkistak amaitu zirenean gora egin zuen esklaboen prezioak. Orduan, kontratatutako langileak esklaboak baino ekonomikoagoak izan ziren.
Zaldiak garestiak izateaz gain, errepideetan oinarritutako garraioa motela zen oso, nahiz eta Erromako errepide-sarea guztiz garatua izan.[24] Nolanahi ere, errepideek gune militarrak komertzialak baino lotzen zituzten. Ondorioz, Erroma eta eskualdeen arteko ondasun-salerosketa txikia izan zen itsas-garraioa garatu arte K.a. II. mendean. Mediterraneo osoa zeharkatzeak (Gadestik Alexandriaraino esaterako) hilabetea baino ez zuen ematen. Merkeagoa ere izanda, garraio mota nagusia izan zen Antzinaroan.[25]
Klase banaketa
aldatuErromako gizarteak hierarkia garbia zeukan. Esklabuak (servii) maila baxuenean zeuden. Haien gainean, libertoak (liberti), askatasuna lortu zuten esklabuak edo haien ondorengoak.
Klase libreak ere banandurik zeuden. Nabarmenena patrizio eta plebeioen artekoa zen. Patrizioen arbasoak hiriko 100 fundatzaileetako bat zen. Zatiketa honek Erromatar Errepublika berantean garrantzia handia hartu zuen, familia plebeio batzuk aberastu baitziren eta equites taldea osatu baitzuten. Patrizio batzuk pobretuta ere, plebeio aberats horiek baino ahalmen eta eskubide politiko gehiago zituzten. Hala ere, patrizioen artean bazeuden mailak. Nobleenek (nobiles) Senatuko eserleku gehienak betetzen zituzten. Talde horretan sartzeko, arbaso batek kontsula izan behar izan zuen. Mario edo Zizeron kontsula izatera iritsi ziren familiako lehenak ziren. Horretarako "novus homo" (gizon berriak) deitzen zioten.
Hasiera batean, Erromako bertako klase librekoek baino ez zuten hiritartasuna. Italiako aliatuek ez zeukaten. Horren ordea, latindar eskubidea ematen zitzaien, zeinekin hiritarren eskubide batzuk onartzen ziren. Aliatu batzuei hiritartasun osoa eman zieten Gerra Sozialaren ostean. Karakalak, 212an, esklabuak ez ziren guztiek zabaldu zien hiritartasuna.[26]
Familia
aldatuFamiliak ziren egitura sozialaren oinarria.[27] Aita zen familiako buru. Normalean, semeak nahiago zituzten, horregatik, batzuetan neska jaioberriak bakarrik uzten zituzten, hiltzen ziren arte. 13 urtetik aurrera emakumeak heldutzat hartzen ziren. Askotan, 15 urtekin ezkontzen ziren; nahiko normala izaten zen 30 urterekin amona izatea.[28]
Heziketa
aldatuAurreko Errepublika garaian, ez zegoen eskola publikorik. Hortaz, mutikoei idazten eta irakurtzen gurasoek edo hezitako esklaboek, paedagogi izenekoek, irakasten zieten.[29] Heziketaren xede nagusia nekazaritza, gerragintza, erromatar usadio eta kontu publikoetan trebatzea zen.[30] Bizitza publikoaren gainean mutikoek aitarekin erlijio eta politika ekitaldietara joanez ikasten zuten. Nobleen semeak Senatura ere joaten ziren. Nobleziako gazteak politikari nabarmen baten ondoan 16 urte zituztenerako hurbiltzen ziren, eta 17 urterekin, armadarekin ibiliak ziren. Ohitura honek bizirik iraun zuen garai inperialaren erdira arte.[31]
Heziketaren gaineko praktikak, K.a. III. mendean, erresuma greziarren konkistarekin batera, aldatu ziren. Erromatar eta greziar heziketek desberdin izaten jarraitu bazuten ere, greziarren eragina nabarmena izan zen erromatarraren gainean. Gurasoak ordaintzeko gai izatera, mutikoak eta neskato batzuk ere 7 urterekin etxetik kanpoko eskola pribatuetara igortzen zituzten. Hor, irakasleak (litterator edo magister ludi izenekoek) irakurtzen, idazten, aritmetika eta, batzuetan greziera ere, irakasten zieten 11 urte bete arte. Hamabi urterekin, irakasleak (grammaticus izenekoak oraingo horretan) grezierazko eta latinezko literatura irakasten zien. Hamasei urterekin, ikasle batzuk erretorika eskolara joaten ziren, non ia ia guztietan greziarra zen irakasleak (rhetor izenekoak) Erromako legedia irakasten zien. Maila honetako heziketak ibilbide politikoaren hasiera markatzen zuen.
Kultura
aldatuLatina
aldatuErromatarren jatorrizko hizkuntza latina zen.[32] Euren alfabetoa ere garatu zuten, etruskoenean oinarritua; eta etruskoena, berriz, greziarrenean oinarritu zen.[33] Guregana ailegatu zaigun literatura gehiena latin klasikoan dago idatzia, hau da, K.a. I. mendeko latin altu eta garbitua. Jende arruntak latin arruntean hitz egiten zuen. Denboraren poderioz bi latin motak banandu ziren, eta hiztegia, gramatika zein ahoskera ezberdinak garatu zituzen. Inperioko hedapenak latina ere zabaldu eta sakabanatu zuen. Denborak aurrera egin ahala hizkuntza garatu eta zatitu zen.[34]
Grekoa, halere, goi-mailakoen hizkuntza bilakatu zen, erromatarrek ikasten zuten literatura gehiena hizkuntza horretan idatzirik baitzegoen. Ekialdeko erdian, Bizantziar Inperioa izatekoa zen eremuan, grekoak latina idazterakoan eta ahozkoan ere ordezkatu zuen.
Latina hizkuntza hila bada ere, bere hiztunak baditu. Eliza Katolikoak mezetarako erabili ohi zuen, eta Vatikano Hiriko hizkuntza ofiziala izaten segitzen du. Erabilpen arruntatik desagertu arren, mende askotan zehar Europako nazioarteko hizkuntza izan zen, unibertsitatean eta diplomazian mintzatua. XIX. mendean frantsesak bere lekua hartu zuen, eta XX.ean, ingelesak. Hala ere, latinak pisu handia dauka gaur egun ere erlijio, lege zein zientzia-hiztegietan.
Artea, literatura eta musika
aldatuAntzinako Erromako latinezko idazle batzuk |
---|
Livio Androniko (K.a 240-207) |
Erromako margolaritzak greziar eragina izan zuen. Guregana iritsi diren adibide bakarrak etxe aberatsetako horma eta sabaietako freskoak izan dira, nahiz eta garaiko idazkietan zur, boli eta beste material batzuk erabiltzen zirela ere aipatu. Erromako pinturako zenbait adibide Pompeian aurkitu dira, eta, horien arabera, arte historialariek Erromako margolaritza lau epetan banantzen dute.[35]
Lehendabiziko Estiloan, K.a. II. mendetik K.a. I. mendeko erdialdera arte, marmol eta adreiluen imitazioak burutu nahi izan ziren, tartean mitologiako pertsonaiak ere irudikatu arren. Bigarren Estiloan (K.a. I. mendean hasita), hiru dimentsiotako arkitekturak eta paisaiak irudikatzen zen. Augustoren agintaldiko Hirugarren Estiloan, Bigarren Estiloko errealismoari muzin egin zitzaion, apaindura xumeagoaren alde: arkitektura txikia, paisaia edo diseinu abstraktua kokatzen zen erdian, hondoa kolore bakarrekoa zela. Laugarren Estiloan, K. o. I. mendean, mitologiako eszenak marrazten ziren, arkitekturetako ñabardurak eta eredu abstraktuak gordeta.
Erretratuen eskulturak proportzio klasikoak erabili zituen, eta, geroago, idealismoa eta errealismoa nahastutako estiloa garatu zuen. Antoniar eta Severar enperadoreen garaietan (K. o. II. mendean) ile eta bizar apainduagoak nagusitu ziren. Erliebeko eskulturan ere garapenak burutu ziren, gehienbat erromatarren garaipen militarrak omentzeko.
Latinezko literaturak, hasiera-hasieratik, greziar egileen eragin handia jaso zuen. Guregana iritsi diren lanen artean, zaharrenetakoak Plauto eta Terentzioren antzezlanak dira. Latinezko Urrezko Garaian, K.a. I. mendetik K. o. I. mendera arte, Zizeron, Virgilio, Katulo, Horazio eta Ovidio dira idazle aipagarrienak. Pizkundean, autore horien lanak goraipatuenak eta imitatuenak izan ziren. Hurrengo epea, Zilarrezko Garaia deritzona, II. mendera arte iristen da. Horren ondoko idazleek ez daukate adinako osperik.
Erromatar musika greziarrenean oinarritzen zen hein handi batean.[36] Paper garrantzitsua jokatu zuen erromatarren ekitaldi frankotan, armadan esaterako. Arlo horretan, aginduak emateko edo zeremonietan erabiltzen zen batik bat. Ekitaldi erlijiosoek ere musika zuten lagun errituak burutzerakoan. Hainbat historialarien ustetan, musika ekitaldi publiko gehienetan agertzen zen.
Erlijioa
aldatuLehen Erromako erlijioa, jainkoei zegozkien atalak behintzat, idatzizko istorioek baino gizakien eta jainkoen arteko hartu-eman konplexuen sareek osatzen zuten. Greziar mitologian ez bezala, jainkoek ez zuten pertsonen irudia hartzen, definizio lausoko izpirituak ziren baizik, numina izenekoak. Pertsona, leku edo gauza bakoitzak bere izpiritua edo arima zuela ere sinesten zuten erromatarrek.
Erromatar Errepublikan, senatari maila zuten gizonezkoek gidatutako ekitaldi-sistema zorrotzaren azpian antolatu zen erlijio praktika. Pontifizeen Kolegioa hierarkia honetan maila gorena zen, eta horren burua, Pontifex Maximus izenekoa, estatu-erlijioko lehena. Flamen deituriko apaizak jainkoen gurketez arduratzen ziren, eta augur zeritzenek jainkoen borondatea igartzen zuten. Erromatar Inperioan, hainbat enperadore jainkotzat jo ziren.
Greziarekiko harremana areagotu ahala, antzinako jainko erromatarrak greziar jainkoekin batzen joan ziren erromatarrak. Honela, Jupiter Zeus zen sinesmena nagusitu zen emeki emeki. Erromatar jainkoek greziarren mitoak, gizatasun ezaugarriak eta atributuak ere hartu zituzten. Gainera, greziar filosofia hezibide oneko erromatarren artean nagusitu zen. Horrek guztiak erritu zaharren gainbehera ekarri zuen K.a. I. mendean. Apaiz postuen garrantzia erlijiosoak behera egin zuen, nahiz eta bere paper zibikoak zein garrantzia politikoak bere horretan jarraitu zuten.
Augusto, lehen enperadorea, antzinako erlijioa eta etika berreskuratzen saiatu zen, baina Inperio garaian denborak aurrera egin ahala, enperadoreen garrantzia erlijiosoa areagotu zen. Heriotzaren ondoren, hainbat enperadore jainko izendatu zituzten. Halaber, menpeko herrialdeetako mitologiak bereganatu zituzten erromatarrek Inperioan. Ohikoa zen Italiako jainko tradizionalen tenpluak eta apaizak jainko kanpotarrenen ondo-ondoan egotea. Horietako kultu atzerritar batzuek ospea irabazi zuten denborarekin, Egiptoko Isis edo Persiako Mitras jainkoek esaterako. II. mendetik aurrera, kristautasuna Inperioan zehar hedatu zen nabarmenki, jazarpenak jazarpen. Enperadoreen arabera, kristautasunarekiko jarrera aldatzen zen. Batzuetan kristau izateak berak heriotza ekar zezakeen. Diokleziano enperadorearekin kristauen jazarpena bere erpinera iritsi zen. Nolanahi ere, handik gutxira, Konstantinoren agintaldian estatuak babestutako erlijioa bihurtu zen, eta areago hedatu zen. Juliano Apostata erlijio paganoa berreskuratzen saiatu arren, kristautasuna Inperioko erlijio nagusia bilakatu zen, eta, 391n, Teodosio enperadoreak kristautasuna ez beste erlijioak debekatu zituen.
Teknologia
aldatuInjenieritza eta arkitektura
aldatuBere historiaren lehen mendeetan zehar, Toskanako eta Umbriako lurraldeetan bizi zen etruriar herri indoeuroparrak menperatu zuen Erroma politikan eta kulturan. Grezia Handia konkistatu ondoren, zuzeneko harremanak izan zituzten erromatarrek Greziako kulturarekin, orduz gero gehiago baloratu zutelarik arte adierazpen oro. Greziarren eskutik ikasi zuten arkitektura-ordenen erabilera, ordena hauek egituran baino dekorazioan bideratu bazituzten ere.
Inperioa Ekialderantz hedatzean ezagutu zituzten erromatarrek neurrigabetasuna eta aberastasuna. Halatan, berezko zituzten elementu tradizionalak greziarrengandik eta Ekialdeko herriengandik jasotakoekin batu eta Erromaren boterearen eta menpeko herrien aurrean zuen nagusitasunaren adierazpide izan zen Inperioko arkitektura. Ez zen, ordea, meritu hura horretara mugatu; pragmatismoa eta edertasuna batzen zituen joerak bultzaturik, eraikuntza moderno aurreratuenen moldeko obrak eraiki zituzten erromatarrek, eta artearen eta ingeniaritzaren eredu dira egun ere obra horiek.
Armada
aldatuErromako estreinako armada, garaiko hiri-estatu gainerakoko armada bezalakoa, greziar falangean oinarritzen zen. Soldaduek bere armak eraman behar izaten zituzten. Bizitza zibilera zerbitzua bukatutakoan bueltatzen ziren.[37][38]
Lursoro txikien jabeak ziren armadaren zutabe nagusia, baian K.a. II. mendeko bukaerako, horrelako baserritarrak desagertzear zeuden, latifundioa zabaltzen ari delako. Arazo honi begira, Gaio Mariok boluntarioen armada bihurtu zuen. Gainera, behe-mailetakoak ere onartu zituen, armak bere poltsikotik ordainduz.
Azken aldaketa garrantzitsua Konstantinok egin zuen, armada bitan zatitu zuen eta. Alde batetik, mugan zehar indar estatikoa uzti zuen. Bestetik, indar mugikor bat sortu zuen, zein behar zen lekuetara joanen zen.
Ikus, gainera
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ (Ingelesez) «ancient Rome | Facts, Maps, & History» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
- ↑ «Roman Empire Population | UNRV.com» www.unrv.com (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
- ↑ «Antzinako Erroma | Infogunea» info.ikasgune.com (Noiz kontsultatua: 2019-01-08).
- ↑ «Antzinako Erroma: egitura politikoa | Infogunea» info.ikasgune.com (Noiz kontsultatua: 2019-01-08).
- ↑ (Ingelesez) Ferrero, Guglielmo. (1909). The Greatness and Decline of Rome. G.P. Putnam's Sons (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
- ↑ (Ingelesez) Hadfield, Andrew; Hadfield, Professor of English Andrew. (2005-07-21). Shakespeare and Republicanism. Cambridge University Press ISBN 9780521816076. (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
- ↑ (Ingelesez) Gray, Christopher B.. (1999). The Philosophy of Law: An Encyclopedia. Taylor & Francis ISBN 9780815313441. (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
- ↑ «Byzantine Empire» Ancient History Encyclopedia (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
- ↑ (PDF) The History of Ancient Rome. (Noiz kontsultatua: 1999).
- ↑ Durant, Will; Durant, Ariel (1944). The Story of Civilization – Volume III: Caesar and Christ. United States: Simon and Schuster, Inc. pp. 12–14. ISBN 978-1567310238.
- ↑ a b c Philip., Matyszak,. (2003). Chronicle of the Roman Republic : the rulers of Ancient Rome from Romulus to Augustus. Thames & Hudson ISBN 0500051216. PMC 52432670. (Noiz kontsultatua: 2019-01-08).
- ↑ 1959-, Kerrigan, Michael,. Ancient Rome and the Roman Empire. (First U.S. edition. argitaraldia) ISBN 0789481537. PMC 48120642. (Noiz kontsultatua: 2019-01-08).
- ↑ Hooker, Richard. «Rome: The Republic» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2019-01-08).
- ↑ «Cassius Dio — Fragments of Book 11» penelope.uchicago.edu (Noiz kontsultatua: 2019-01-08).
- ↑ «LacusCurtius • J. B. Bury's History of the Later Roman Empire» penelope.uchicago.edu (Noiz kontsultatua: 2019-01-08).
- ↑ «H102_25 Fall of the Roman Republic, 133-27 BC» web.ics.purdue.edu (Noiz kontsultatua: 2019-01-08).
- ↑ Lesley., Adkins,. (1998, ©1994). Handbook to life in ancient Rome. Oxford University Press ISBN 0195123328. PMC 38043034. (Noiz kontsultatua: 2019-01-09).
- ↑ (Ingelesez) Tuma, Elias H.. (1965). Twenty-six Centuries of Agrarian Reform: A Comparative Analysis. University of California Press (Noiz kontsultatua: 2019-01-09).
- ↑ 1903-1983., Scullard, H. H. (Howard Hayes),. (1988). From the Gracchi to Nero : a history of Rome from 133 B.C. to A.D. 68. (5th ed. argitaraldia) Routledge ISBN 0415025273. PMC 17874084. (Noiz kontsultatua: 2019-01-09).
- ↑ (Ingelesez) «BBC - History - Augustus» www.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2019-01-09).
- ↑ The Julio-Claudian Dynasty (27 B.C.–68 A.D.). .
- ↑ L., O'Connell, Robert. (1989). Of arms and men : a history of war, weapons, and aggression. Oxford University Press ISBN 0195053591. PMC 18105408. (Noiz kontsultatua: 2019-01-09).
- ↑ «Lecture 12: Augustus Caesar and the Pax Romana» www.historyguide.org (Noiz kontsultatua: 2019-01-09).
- ↑ (Ingelesez) Sabin, Philip; Wees, Hans van; Whitby, Michael; Whitby, Michael Jeffrey. (2007-12-06). The Cambridge History of Greek and Roman Warfare. Cambridge University Press ISBN 9780521782746. (Noiz kontsultatua: 2019-01-09).
- ↑ (Ingelesez) Franchot, Jenny. (1994-01-01). Roads to Rome: The Antebellum Protestant Encounter with Catholicism. University of California Press ISBN 9780520078185. (Noiz kontsultatua: 2019-01-09).
- ↑ Abbott, Frank Frost. (1909). Society and politics in ancient Rome; essays and sketches. New York, C. Scribner's Sons (Noiz kontsultatua: 2019-01-10).
- ↑ 1932-, Duiker, William J.,. (2001). World history. (3rd ed. argitaraldia) Wadsworth/Thomson Learning ISBN 0534571689. PMC 44133008. (Noiz kontsultatua: 2019-01-10).
- ↑ (Ingelesez) Rawson, Beryl. (1987). The Family in Ancient Rome: New Perspectives. Cornell University Press ISBN 9780801494604. (Noiz kontsultatua: 2019-01-10).
- ↑ Lesley., Adkins,. (1998, ©1994). Handbook to life in ancient Rome. Oxford University Press ISBN 0195123328. PMC 38043034. (Noiz kontsultatua: 2019-01-10).
- ↑ «Lecture 13: A Brief Social History of the Roman Empire» www.historyguide.org (Noiz kontsultatua: 2019-01-10).
- ↑ «ExCET Culture Review: Roman Education» web.archive.org 2007-12-25 (Noiz kontsultatua: 2019-01-11).
- ↑ «Introduction to Latin» lrc.la.utexas.edu (Noiz kontsultatua: 2019-01-11).
- ↑ «The Latin Alphabet» web.archive.org 2007-04-03 (Noiz kontsultatua: 2019-01-11).
- ↑ Classical Latin Supplement. .
- ↑ Roman Painting. .
- ↑ (Ingelesez) Grout, Donald Jay; Palisca, Claude V.. (1988). A History of Western Music. Norton (Noiz kontsultatua: 2019-01-11).
- ↑ 1934-2012,, Keegan, John,. A history of warfare. ISBN 0394588010. PMC 27727131. (Noiz kontsultatua: 2019-01-11).
- ↑ The Cambridge Companion to the Roman Republic. Cambridge University Press 2004 ISBN 0521807948. PMC 52071758. (Noiz kontsultatua: 2019-01-11).
Kanpo estekak
aldatu- (Ingelesez): Notre-Dameko Unibertsitatearen artxiboak.
- (Ingelesez): Antzinako Erromako arte galeria.
- (Frantsesez): Antzinako Erromako historia.
- (Frantsesez): Les Nocturnes, bioen bilduma Youtuben.
- Klasikoak bilduma. EHU. Erromatar garaiko hainbat idazleren testuak euskaraz itzulita eta jaitsi daitezkeenak, hala nola, Vitrubio, Seneka, Tazito eta Herodoto.
- (Ingelesez)(Gaztelaniaz) RomeAndArt
- García Soto, Itziar. (2010). Antzinako Erroma. Eima Katalogoa.