Casablanca (filma)
Casablanca 1942ko estatubatuar drama film bat da, Michael Curtizek zuzendua eta Humphrey Bogart Rick Blaine paperean eta Ingrid Bergman Ilsa Lund paperean dituela. 1943an film onenaren Oscar saria erdietsi zuen.
Bigarren Mundu Gerran Vichyko Frantziak kontrolatutako Casablanca hirian kokatuta, filmak Ricken barneko gatazka kontatzen du. Izan ere, pertsonai baten hitzetan, maitasuna ala bertutearen artean erabaki behar du Rickek: Ilsarekiko maitasuna ala bera eta bere senarra, erresistentziako burua, Casablancatik alde egiten nazien kontrako borrokan jarraitu ahal izaten laguntzearen artean alegia.
Maila goreneko aktoreak eta idazleak izan arren, inork ez zuen espero filma apartekoa izango zela. Nahiz eta plazaratzean arrakasta epela lortu, denborak aurrera egin ahala ospe handiagoa irabazten joan da. Egun, eskuarki, kritikak film handienetako zerrendetan goiko postuetan kokatzen du. Bogart eta Bergmanen lanak, bien arteko kimika, pertsonaien sakontasuna, zuzendariaren zein gidoilarien lana, eta filmaren eragin orokorra goraipatzen dira oro har.
Bitxikeri gisa, film honetako talde-teknikoa eta aktore-multzoa osatu zuten askok ondorengo 1944ko Passage to Marseille filmean ere parte hartu zuten.
Argumentua
aldatuBigarren Mundu Gerra (1939-1945), Marokoko Casablanca hiria Europan nagusi zen nazismotik ihesi zihoan jende ugariren helmuga zen: hara iristea erraza zen, ateratzea ezinezkoa, bereziki norberaren izena Gestaporen zerrendan ipinia bazegoen. Honako honetan, alemaniar polizia sekretuaren helburua txekiar erresistentziako Victor Laszlo (Paul Henreid) ekintzailea atzematea da. Laszlok ihes egiteko duen itxaropen bakarra Rick Blaine (Humphrey Bogart) estatubatuarra da, Rick’s Café kafetegiko izaera zinikoa duen jabea eta Laszloren emaztea Ilsaren (Ingrid Bergman) antzinako mutil-laguna dena. Laszlok herrialdea uzteko pasaportearen truk Ilsak Casablancan gelditzeko eskaintza egitean, Rickek bere zorion pertsonalaren eta antzinako bere bizitzako ardatz nagusia zen idealismoaren artean hautatu beharko du.
Aktoreak
aldatu- Humphrey Bogart: Rick Blaine
- Ingrid Bergman: Ilsa Lund
- Paul Henreid: Victor Laszlo
- Claude Rains: Louis Renault kapitaina
- Conrad Veidt: Heinrich Strasser
- Sydney Greenstreet: Ferrari jauna
- Peter Lorre: Ugarte jauna
- Dooley Wilson: Sam
- Madeleine LeBeau: Yvonne
Musika
aldatuFilmaren soinu banda Max Steiner musikagileak konposatu zuen. Bestalde, 1931an Herman Hupfeld musikagileak antzerki-lan baterako konposatu zuen eta film honen ikur bilakatu zen As Time Goes By ("Denbora doan bitartean") abestiak bi protagonisten arteko maitasuna nahiz denboraren igarotze geldiezina ongi adierazten ditu. Bestalde kafetegiko eszena batean Marseillesa ("Marseillarra") frantziar ereserkia eta Horst Wessel Lied ("Horst Wessel-en Abestia"" alemaniar abestia ere entzun daitezke.
Filmean Sam piano-joleak abesten duen As Time Goes By zatirik ezagunenak honela dio:
« | You must remember this A kiss is just a kiss, a sigh is just a sigh. The fundamental things apply As time goes by. Honako hau oroitu behar dun(k) muxu bat muxu bat bakarrik dela, hasperena-hasperen Denbora doan bitartean Funtsezko gauzak gertatzen direla. |
» |
Sariak
aldatuFilm honek zortzi Oscar Sarietarako izendapena jaso zuen, azkenean hiru irabaziz: Film onenaren Oscar Saria, Zuzendari onenaren Oscar Saria (Michael Curtiz) eta Egokitutako gidoi onenaren Oscar Saria (Julius J. Epstein, Philip G. Epstein eta Howard Koch).
Iruditegia
aldatu-
Casablanca filmaren hasierako kredituak
Ikus gainera
aldatu- Passage to Marseille (1944)
Kanpo estekak
aldatu- Casablanca filmaren IMDBko fitxa irakurgai (Ingelesez)