Myanmar

Birmania» orritik birbideratua)

Myanmar edo Birmania[1] (birmanieraz: မြန်မာ), ofizialki Myanmarko Batasunaren Errepublika (birmanieraz: ပြည်ထောင်စု သမ္မတ မြန်မာနိုင်ငံတော်), Hego-ekialdeko Asiako estatu burujabea da. Mugakide ditu Txinako Herri Errepublika iparraldean, Laos ekialdean, Thailandia hego-ekialdean, Indiako ozeanoa hegoaldean, Bangladesh mendebaldean eta India ipar-mendebaldean. 676.578 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 54 milioi biztanle zituen 2019an.[2] Hiriburua Naypyidaw da, eta Yangon hiri handiena.

Myanmarko Batasunaren Errepublika
ပြည်ထောင်စု သမ္မတ မြန်မာနိုင်ငံတော်
Pyidaunzu Thanmăda Myăma Nainngandaw
Ereserkia: Kaba Ma Kyei (en) Itzuli

Myanmarko bandera

State Seal of Myanmar (en) Itzuli
Geografia
HiriburuaNaypyidaw
19°44′51″N 96°6′54″E
Azalera676.577,2 km²
Punturik altuenaHkakabo Razi (en) Itzuli (5.881 m)
Punturik sakonenaIndiako ozeanoa (0 m)
KontinenteaAsia
MugakideakBangladesh, Txinako Herri Errepublika, India, Laos eta Thailandia
Administrazioa
Gobernu-sistemaerrepublika
Myanmargo presidenteaMyint Swe (en) Itzuli
LegebiltzarraAssembly of the Union (en) Itzuli
Harreman diplomatikoak Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria53.370.609
Dentsitatea78,88 bizt/km²
Talde etnikoak
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Ezkontzeko adinagenero guztiak: 20
Emankortasun-tasa2,05 (2021)
Eskolaratu gabeko umeak3.358.383 (2014)
Alfabetizazioa% 89,1 (2019)
Bizi-itxaropena69,62 (2021)
Giniren koefizientea30,7 (2017)
Giza garapen indizea0,585 (2021)
Ekonomia
BPG nominala69.322.122.755,854 $ (2017)
BPG per capita1.256 $ (2017)
BPG erosketa botere paritarioa329.498.234.065 nazioarteko dolar (2017)
BPG per capita EAPn6.173,777 nazioarteko dolar (2017)
BPGaren hazkuntza erreala6,3 % (2016)
Erreserbak5.213.962.530 $ (2017)
Inflazioa8,3 % (2016)
Historia
Sorrera data: 1948ko urtarrilaren 4a
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia 95
ISO 3166-1 alpha-2MM eta BU
ISO 3166-1 alpha-3MMR eta BUR
Ordu eremua
Elektrizitatea230 V. 50 Hz.europar loki, AC power plugs and sockets: British and related types (en) Itzuli, Schuko eta BS 1363 (en) Itzuli
Internet domeinua.mm
myanmar.gov.mm

Myanmar izena birmanierazko bi hitzetatik dator: myan ("azkar") eta ma ("sendo"). Bai Myanmar, bai Birmania, bai Burma, bamar-ekin, herrialdeko etnia nagusiaren deiturarekin, daude loturik. 1989an, Junta Militarrak Myanmarko Batasunaren Errepublika izendatu zuen ofizialki herrialdea. Euskaltzaindiak Myanmar eta Birmania izenak onartzen ditu.[1]

Geografia

aldatu

Hego-ekialdeko Asian dago, ipar latitudeko 9° eta 29° artean, eta ekialdeko longitudeko 92° eta 102° artean. Mendebaldean Bengalako golkoa eta Bangladesh ditu; Txina, iparralde eta ipar-ekialdean; Laos eta Thailandia, ekialdean; eta Indiako ozeanoa (Andamango itsasoa) hegoaldean. Itsasertza 1.930 kilometro luze da.[3]

Erliebea

aldatu

Herrialde menditsua da oso. Iparraldean, Txinako mugan, Hengduan Shan dago; Katxin estatuan kokatutako Hkakabo Razi (5.881 metro) da Myanmarko gailurrik gorena. Gainerako mendilerro nagusiak ipar-hego norabidea dute, Himalaia eta Indiako ozeanoaren artean.[3] Mendebaldetik hegoaldera, hauek dira:

Shan goi-ordokiaren eta Arakan mendikatearen artean erdialdeko ordokia dago. Bertan bizi da jende gehien, batez ere Irawadi haranean.

Hidrografia

aldatu

Sittaung, Irawadi eta Saluen dira ibairik garrantzitsuenak. Iparraldetik hegoalderako norabidea dute, mendilerro nagusiek bereizirik. Irawadi da handiena, 2.170 kilometro luze, Katxinetik Andamango itsasoraino. Mekongek herrialdearen ipar-ekialdeko muga egiten du.

Klima subtropikala da, herrialdearen zatirik handiena Kantzer tropikoaren eta Ekuatorearen artean baitago, Asiako eskualde montzonikoan. Kostaldean urteko prezipitazioak 5.000 mm-tik gorakoak dira, 2.500 mm ingurukoak Irawadiren deltan, eta 1.000 mm-tik beherakoak eskualderik lehorrenetan. Iparraldeko eskualdeak dira freskoenak, 20º C inguruko batez besteko tenperaturarekin; itsasaldean eta Irawadiren deltan askoz beroagoak dira (32º C).[3]

Historia

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Myanmarko historia»

Lehenbiziko erresumak

aldatu
 
Pagango pagodak eta kyaungak.

K.a. II. mendean, pyu herria kokatu zen Irawadi ibaiaren haranean. Pyuek zenbait hiri-estatu sortu zituzten, hala nola Beikthano, Maingmaw, Binnaka, Halin eta Sri Ksetra. Pyu zibilizazioa 830 aldean amaitu zen, tai herriek suntsiturik. IX. mendean, bamarek Pagan sortu zuten Irawadiren ertzean, eta hurrengo 200 urteetan hiriaren indarra handituz joan zen. 1044an tronuratu zen Anawrahtak budismoa hartu zuen estatu erlijiotzat; Mon Erresuma konkistaturik, Pagan Erresuma eratu zuen, Myanmarko lehenbiziko inperio batua. 1287an, Kublai Khanen armadak Pagan konkistatu zuen, eta Narathihapate erregea ihesi joan zen. Horren ondoren erresuma zatitu zen: shan tribuak nagusitu ziren ekialde eta iparraldean, eta mon herriak hegoaldean.[4][5]

XVI. mendearen hasieratik aurrera, Toungoo dinastiak Myanmarko lurraldeak bateratzea erdietsi zuen. Bayinnaungek (1551-1581 bitartean agintean) Shan estatuak, Mong Mao eta Siam (egun Thailandia) konkistatu zituen; garai hartan hego-ekialdeko Asiako inperiorik ahaltsuena zen Myanmar.[6] Bayinnaung hil ondoren bamarren boterea ahulduz joan zen. 1636an, hiriburua iparraldera eraman zuten, Inwara. XVII. mendean, herbehereetar eta britainiar merkatariek, eta baita misiolariek ere, sarraldiak egin zituzten Myanmarren, baina bertan kokatu gabe.

1740an, hegoaldeko mon herriak matxinatu ziren Toungoo dinastiaren aurka. 1752an Inwaz jabetu baziren ere, Alaungpaya buru zuen bamar armadak garaitu zituen 1757an.[5] Alaungpayaren erregealdi labur eta odoltsuaren ondoan, haren seme Hsinbyushinek Ayutthayako Erresuma inbaditu zuen 17651767 bitartean, eta Ayuthaya hiria erraustu zuen; horren ondorioz, siamdarrek Bangkokera lekualdatu behar izan zuten hiriburua. Bodawpayak, Konbaung dinastiako seigarren erregeak, arakandarrak hartu zituen mendean 1784an. Baina britainiarrek interes ekonomikoak zituzten eskualde hartan, eta tirabirak piztu ziren.[5]

Britainiar agintea

aldatu
 
Merkatua Mandalayn, 1886.
 
Britainiar soldaduak Myanmarren Bigarren Mundu Gerran, 1945.

XVIII. mendearen erdialdetik, Bengala britainiarren mende zegoen. Handik abiaturik, 1824-1885 bitartean Myanmar konkistatu zuten, hiru gerren ondoren.[4] Lehenbizikoa 1824an hasi zen, Bagyidaw myanmartar erregearen armada Arakandik Assamera sartu zenean. Maha Bandula jeneralak garaipen batzuk lortu bazituen ere, hura hil ondoren myanmartar armada errenditu zen. 1826ko Yandaboko Hitzarmenaren bitartez, Arakan eta Tenasserim britainiarren esku geratu ziren. Bigarren gerra 18521853 bitartean gertatu zen, eta haren ondoren Myanmarren hegoaldea beretu zuen Erresuma Batuak, Yangon eta Pathein barne. 1853an, desegigoaren ondoren, Mindon Minek ordeztu zuen Pagan Min Myanmarko tronuan. 1885eab, britainiarrek bi aste aski izan zituzten Myanmar Garaia menderatzeko; Thibaw erregea Indiara erbesteratu zen.[5]

1886an, Myanmar britainiar protektoratu bilakatu zen. Hala ere, bamarrak gehiengoa ziren eskualdeetan bakarrik ezarri zen zuzeneko aginte koloniala. Chin, Katxin, Shan, Karen eta Kayah estatuek autonomia atxiki zuten. Britainiar Indiaren zati gisa administratua izan baitzen, indiar etorkin ugari jaso zituen; 1927an, Yangongo biztanle gehienak indiarrak ziren. Txinatarren immigrazioa ere sustatu zen, eta Myanmarko herria are menderatuago eta baztertuago sentitu zen. Arrozaren irabaziei esker, britainiar produktu merke asko sartu ziren herrialdean, bertako negozioen hondamena ekarri zutenak.[5]

Myaamartar nazionalismoa XX. mendearen hasieran loratu zen, maiz monje budisten eskutik. 1920ko jai nazionalaren egunean, Yangongo ikasleek greba egin zuten britainiarrek sortutako unibertsitateetan sartzeko baldintza elitisten aurka protesta egiteko. Ikasleek thakin (“jauna”) deitzen zioten elkarri, Myanmarko jaun legitimoak izatea eskatzen baitzuten. Autogobernu eskaerak eta erregimen kolonialaren aurkako jarrera ikusirik, britainiarrek kontzesio batzuk egin behar izan zituzten. 1937an, Myanmar Indiatik banandu zuten, eta kontseilu legegile bat eratu zen, myanmartar hautetsiak biltzen zituena.[5]

Bigarren Mundu Gerran Myanmarrek sekulako garrantzi estrategikoa izan zuen. Txina japoniarren erasopean zegoen, eta Txina laguntzeko Aliatuek erabili zezaketen bide zuzenena Myanmar zeharkatzea zen, Indiatik abiaturik.[7] 1941ean, Japoniak herrialdea inbaditu zuen. Japoniar tropekin batera, Hogeita Hamar Kamaradak izeneko talde inpendentista sartu zen Myanmarren, Aung San buru. 1942ko erdialderako japoniarrak nagusituak ziren, baina haien jokabideak myanmartarren arbuioa piztu zuen. 1945eko martxoan, Aung San eta Hogeita Hamar Kamaradak Aliatuetara pasatu ziren. Bi hilabete geroago, bataila bortitzen ostean, japoniarrak egotziak izan ziren Myanmartik.[5]

Myanmar burujabea

aldatu
 
U Nu eta Moshe Dayan 1955ean.
an.]]

Gerra ostean, Londresek eta Myanmarko abertzaleek independentzia hitzartu zuten, 1948ko urtarrilaren 4an gauzatuko zena.[8] Alabaina, hilabete batzuk lehenago, 1947ko uztailean, Aung San erahil zuten, haren kabinete osoarekin batera. Garai hartan, hego-ekialdeko Asiako arroz esportatzaile nagusia zen herrialdea, eta bertako hezkuntza sistemak ospe handia zuen;[9] baina Aung Sanen hilketaren ondoren, gerra zibilean murgildu zen. Nolabait, Aung San Myanmarko oreka etnikoaren bermea zen, hainbat etniak konfiantza baitzuten harengan. Hura gabe, oreka etnikoak eztanda egin zuen, eta karen, jingpo eta shan herriek armak hartu zituzten U Nuren gobernuaren kontra.[7] Rakhineko musulmanak ere matxinatu ziren,[5] eta Alderdi Komunistak gerra iraultzaileari ekin zion.[4]

1958an, gatazka armatuari aurre egiteko xedean, U Nu lehen ministroak, Ne Win jeneralaren esku ezarri zuen boterea.[9] U Nuk irabazi zituen 1960eko hauteskundeak, baina 1962ko martxoaren 2an Ne Winek berreskuratu zuen lehen ministro kargua, estatu kolpe baten bitartez.[5] 26 urte iraun zuen agintaldi militarrean ekonomiaren arlo nagusiak estatuaren jabetzapean jarri ziren, eta baimendutako indar politiko bakarra Birmaniako Bide Sozialistaren Alderdia (BSPP) izan zen.[9][10] Ne Winen ereduak Myanmarren gainbehera ekarri zuen: garai bateko aberastasuna galdu eta munduko herrialderik pobreenetako bat bihurtu zen. Horrezaz gainera, giza eskubideen urratzeak etengabeak izan ziren, eta errepresioaren ondorioz hildakoak milaka.[8] 1973ean, konstituzio aldatu eta Myanmar errepublika sozialista bihurtu zen, baina militarrek agintean jarraitu zuten.[4] 1981eko ekainean, Ne Winek dimisioa eman eta San Yu jeneralak hartu zuen lehendakaritza; Ne Winek eutsi zion alderdi bakarreko buruzagitzari.

1988an gobernuaren kontra izan ziren istiluen ondorioz, San Yuk eta Ne Winek dimisioa eman zuten. Junta Militarrak, baina, boterean jarraitu zuen Legea eta Ordena Berrezartzeko Estatu Kontseilua izeneko egitura eratuz.[9] Saw Maung jeneralak hartu zuen agintea 1988ko irailean. 1989an Myanmar izendatu zuten herrialdea. 1990eko presidentetzarako hauteskundeetan oposizioko alderdiak, Demokraziarako Liga Nazionalak, gehiengoa lortu zuen, baina gobernuak uko egin zion boterea uzteari. 1991n Bakearen Nobel saria oposizioko buru Aung San Suu Kyiri eman zioten, 1989. urteaz geroztik preso baitzegoen bere etxe barruan.

Saw Maung gaixotu, eta 1992an Than Shwe jenerala jarri zuten presidente. Hark berrehun bat preso kaleratu eta 31 eskola eta unibertsitate zabaldu zituen; gerra legea kendu zuen, baina Amnesty International erakundeak torturatzen jarraitzen zutela salatu zuen. Demokraziarako Liga Nazionala saiatu zen gobernuarekin konstituzio berri bat idazten, baina gobernuak oposizioko buruzagiak atxilotu besterik ez zuen egin. Dena dela, Estatu Batuak eta Erresuma Batuak gogor egin zioten, eta gobernuak zenbait gauza onartu behar izan zuen: utzi zion Liga Nazionalari bere biltzarra egiten, baina 600 ordezkari baino gehiago ez biltzera derrigortu zituzten.

1997ko azaroan Bakea eta Garapenarentzako Estatu Kontseilua (SPDC) izena hartu zuen aginte militarrak. Drogaren hazkundearen kontra borrokatzen ziren nazioarteko egiturek argi zuten narkodiktadura zela Junta Militarra, herrialdean ekoizten zen opioaren gaineko kontrola osoa baitzuen. Myamarren landatutako opioarekin munduko heroinaren erdia ekoizten zen. Narkotrafikoari esker lortutako dirutza armadaren mesederako zen. Aurrekontuen % 45 armadara bideratzen zen, eta % 1 besterik ez zen zuzentzen hezkuntzara.[9]

Azken urteak

aldatu
 
Gobernuaren aurkako protestak Yangonen, 2007ko iraila.

2007ko udan, Junta Militarrak erregaiak eta oinarrizko zenbait ondasun garestitzea erabaki zuela-eta, herritarrek erabakiaren aurkako manifestazioak hasi zituzten. Erregimenaren aurkako protesta bihurtu ziren manifestazio horiek. Monje budistek parte hartze handia izan zuten protestetan.[11][12] Azafrai Iraultza modu basatian erreprimitu zuten militarrek, baina nazioartearen arreta jaso zuen Myanmarko egoerak.[13] 2008ko maiatzean, 138.000 hildako baino gehiago eragin zituen Nargis zikloiak; kaltetuak 1,5 milioi lagun izan ziren. Junta Militarrak oztopo ugari paratu zizkion nazioarteko giza laguntzari.[14][15]

Demokraziarako Liga Nazionala legez kanporaturik zegoelarik, 2010. urtean berriro hauteskundeak egin zituzten, baina nazioarteak ez zituen onartu, Junta Militarraren aldekoak bakarrik zirelako hautagai. 2011n, Thein Sein jeneral ohia izendatu zuten presidente, Junta Militarra desegitearekin bat; aurreko gobernuko lehen ministroa zen Thein Sein. Presidente berriak irekiera keinu batzuk egin zituen, eta 2012an parlamentuko 664 aulkietatik 44 berritzeko hauteskundeak egin ziren. Aung Sanen alderdiak parte hartu ahal izan zuen, eta, bat izan ezik, beste eserleku guztiak eskuratu zituen.[13]

Bost urteko demokratizazio prozesuaren ondoren, 2015eko azaroaren 8an egin ziren diktaduraren osteko lehenbiziko hauteskunde askeak. Demokraziarako Liga Nazionalak (NLD), Aung Sanen alderdiak, gehiengo osoa lortu zuen.[16] Hala ere, militarrek idatzitako konstituzioa indarrean zegoenez, armadak beretzat gorde zituen aulkien % 25.[17] Parlamentuak Htin Kyaw hautatu zuen presidente.[18] 2017an, borrokaldi odoltsuak izan ziren Katxingo gerrilari independentisten eta Myanmarko armadaren artean.[17] Urte amaieran, 700.000 rohingya errefuxiatu ziren Bangladeshen, haien aurkako jazarpenetik ihesi.[19]

2020ko azaroaren 8an egindako hauteskundeetan Aung Sanen NLD alderdiak garaipen argia erdietsi zuen, 440 eserlekutik 258 eskuratu baitzituen. Militarrek babestutako USDP-k 33 eserleku soilik lortu zituen. Hauteskundeetan "iruzurra" egin zutela argudiaturik, armadak estatu kolpea eman zuen 2021eko otsailaren 1ean, eta herrialdearen kontrola hartu.[20]

Gobernua eta administrazioa

aldatu

Politika

aldatu
 Kachin (estatua)MyitkyinaSagaing (eskualdea)SagaingChin (estatua)HakhaShan (estatua)TaunggyiRakhine (estatua)SittweMagway (eskualdea)MagwayMandalay (eskualdea)MandalayKayahLoikawNaypyidaw (batasuneko lurraldea)Bago (eskualdea)BagoYangon (eskualdea)YangonAyeyarwady (eskualdea)PatheinKaren (estatua)Pa-anMawlamyaingMon (estatua)DaweiTanintharyi (eskualdea)
A clickable map of Burma/Myanmar exhibiting its first-level administrative divisions.

Agintari militarrek idatzi zuten egungo konstituzioa, eta erreferendumez onartua izan zen 2008ko maiatzaren 29an. Presidentea da estutuburua eta gobernuburua. Ganbera biko legebiltzarra (Pyidaungsu) dago. Nazioen Etxeak (Amyotha Hluttaw) 224 kide ditu; 168 kide hauteskundeen bitartez aukeratzen dira eta 56 militarrek izendatzen. Ordezkarien Etxeak (Pyithu Hluttaw), berriz, 440 kide ditu; 330 kide hauteskundeetan aukeratzen dira eta 110 militarrek izendatzen. Legebiltzarrerako hauteskundeak bost urtetik behin egiten dira.[21]

Banaketa administratiboa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Myanmarren banaketa administratiboa»

Myanmar 7 eskualde, 7 estatu eta batasuneko lurralde batean banaturik dago. Eskualdeetan bamarrak dira gehiengoa, eta estatuetan beste etnia batzuk.

Izena Mota Hiriburua ISO Biztanleria (2014)[22] Eremua (km²)[22]
Ayeyarwady Eskualdea Pathein MM-07 6.184.829 35.032
Bago Eskualdea Bago MM-02 4.867.373 39.404
Chin Estatua Hakha MM-14 478.801 36.019
Katxin Estatua Myitkyina MM-11 1.689.441 89.042
Kayah Estatua Loikaw MM-12 286.627 11.732
Karen Estatua Pa-an MM-13 1.574.079 30.383
Magway Eskualdea Magway MM-03 3.917.055 44.821
Mandalay Eskualdea Mandalay MM-04 6.165.723 30.888
Mon Estatua Mawlamyine MM-15 2.054.393 12.297
Rakhine Estatua Sittwe MM-16 3.188.807 36.778
Shan Estatua Taunggyi MM-17 5.824.432 155.801
Sagaing Eskualdea Sagaing MM-01 5.325.347 93.702
Tanintharyi Eskualdea Dawei MM-05 1.408.401 44.345
Yangon Eskualdea Yangon MM-06 7.360.703 10.277
Naypyidaw Batasuneko lurraldea Naypyidaw MM-18 1.160.242 7.057
Myanmar Naypyidaw MMR 51.486.253 676.577

Demografia

aldatu
 
Myanmarko etniak

Biztanleria

aldatu

54.045.420 biztanle zituen 2019an.[2] Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak % 26,5 dira, 15-24 urte bitartekoak % 17,5, 25-54 urte bitartekoak % 42,5, 55-64 urte bitartekoak % 7,7, eta 65 urtetik gorakoak % 5,7. Bizi itxaropena 68,6 urtekoa da; 67 urtekoa gizonezkoena eta 70,3 urtekoa emakumezkoena (2018ko zenbatespenak).[21]

Banaketa etnikoa

aldatu

Biztanle gehienak, % 68, bamar etniakoak dira, baina gobernuak 135 gutxiengo etniko onarturik ditu, hala nola, shan (% 9), karen (% 7), rakhine (% 4), txinatar (% 3), indiar (% 2), mon (% 2), moken, jingpo eta chinak. Rohingyak, batez ere Rakhine estatuan bizi direnak, ez daude gobernuak aitortutako gutxiengoen barruan; askotan jazarriak izan dira,[23] eta 2019ko amaieran ehunka mila Bangladeshen errefuxiaturik zeuden.[24] Beste 100.000 iheslari bizi dira Thailandian, gehienak karen, karenni eta mon etnietakoak.[25][26]

Hizkuntzak

aldatu

Ehun hizkuntza inguru mintzatzen dira. Mintzaira ofiziala birmaniera da, biztanleen bi herenek hitz egiten dutena.

Erlijioa

aldatu

Budistak dira biztanleen % 87,9, kristauak % 6,2, musulmanak % 4,3, animistak % 0,8, eta hinduistak % 0.5 (2014ko zenbatespena).[21]

Hiri nagusiak

aldatu

Ekonomia

aldatu
 
Arroza da Myanmarko uzta nagusia.

Asiako herrialderik pobreenetakoa da. 2017an biztanleko 6.300 dolarreko Barne Produktu Gordina izan zuen (munduko 163. postua). Nekazaritza da ekonomiaren oinarria, eta biztanleen erdiak baino gehiagok arlo horretan lan egiten du (% 70 2001ean).[21] Lurraldearen % (% 15 egokia da nekazaritzarako; hala ere, zati txiki bat besterik ez dago landuta. Myanmar munduko arroz ekoizle nagusietako bat da. Arroz gehiena Irawadi ibaiaren deltan lantzen da. Garrantzizkoak dira, besteak beste, artoa, kotoia, kakahueteak, lekaleak, artatxikia, tabakoa. Teka zura eta kautxua ere garrantzizkoak dira.

Industriarik ez zegoen ia Bigarren Mundu Gerra baino lehen, baina 1960-1970 bitartean izugarri hazi zen. Ekonomia modernizatzea eta aniztea zen gobernuaren helburu nagusietako bat; horren ondorioz, enpresa pribatu asko nazionalizatu egin ziren. Industria indartzeko asmoarekin, gobernuak hainbat enpresa sortu zituen (altzariak, jutea, adreiluak eta teilak). Zerrategiak, petrolio findegiak, azukre findegiak, irin errotak eta kotoi fabrikak ere badaude.

Erreferentziak

aldatu
  1. a b Euskaltzaindia: 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak, euskaltzaindia.eus
  2. a b Myanmar Population. worldometers.info (Noiz kontsultatua: 2019-12-23).
  3. a b c Myanmar. exteriores.gob.es (Noiz kontsultatua: 2019-12-23).
  4. a b c d Birmania. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa, euskadi.net (Noiz kontsultatua: 2019-12-24).
  5. a b c d e f g h i Historia de Myanmar. lonelyplanet.es (Noiz kontsultatua: 2019-12-24).
  6. The Editors of Encyclopaedia Britannica. Bayinnaung. Encyclopædia Britannica, inc., 2016ko urtarrilak 27, britannica.com (Noiz kontsultatua: 2019-12-24).
  7. a b Insausti, Mikel. Birmania, Asiako Perla. Kronika, 2006ko maiatzak 14, kronika.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-28).
  8. a b Eskisabel, Idurre. Sozialista mistikoa. Euskaldunon Egunkaria, 2002ko abenduak 8, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-29).
  9. a b c d e Sokarros, Allande. Herrialde liluragarriaren. Berria egunkaria, 2008ko urtarrilak 5, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-29).
  10. Ne Win jenerala hil da, 26 urteko agintaldi militarra ezarri zuena. Euskaldunon Egunkaria, 2002ko abenduak 6, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-29).
  11. Zubiaurre, Ixiar. Myanmarren 300.000 lagun inguru manifestatu dira Gobernuaren aurka. Berria egunkaria, 2007ko irailak 25, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-29).
  12. NBEren ordezkari berezia Myanmarren da. Berria egunkaria, 2007ko irailak 29, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-29).
  13. a b Makazaga, Xabin. Thailandian suak hartu du karen etniako iheslarien kanpaleku bat. Berria egunkaria, 2013ko martxoak 24, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-29).
  14. Elizegi, Arantxa. NBE etsita agertu da Myanmarrek giza laguntzari jarritako oztopoekin. Berria egunkaria, 2008ko maiatzak 9, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-29).
  15. Natural catastrophes and man-made disasters in 2008: North America and Asia suffer heavy losses. Swiss Reinsurance Company Ltd, preventionweb.net (Noiz kontsultatua: 2019-12-29).
  16. Suu Kyiren alderdiak gehiengoa lortu du Myanmarren, eta presidentea izendatuko du. Berria egunkaria, 2015eko azaroak 13, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-29).
  17. a b Aldama, Zigor. Demokraziaren ilusioa ihartzen ari da Myanmarren. Berria egunkaria, 2017ko ekainak 9, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-1-1).
  18. Htin Kyaw da Myanmarko presidente berria. Berria egunkaria, 2016ko martxoak 16, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-29).
  19. Perez Zala, Ander. Etxerako bidea, nahia eta ezina. Berria egunkaria, 2018ko abuztuak 26, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-20).
  20. Imaz, Andoni. Myanmarko armadak estatu kolpea eman du, eta agintea bereganatu. Berria egunkaria, 2021eko otsailak 2, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-1-2).
  21. a b c d Burma. The World Factbook, cia.gov (Noiz kontsultatua: 2019-12-31).
  22. a b c Myanmar: Regions, States, Major Cities & Towns - Population. citypopulation.de (Noiz kontsultatua: 2019-12-30).
  23. Berasain, Kristina. Rohingya herriaren drama. Berria egunkaria, 2017ko irailak 8, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-31).
  24. Myanmarko rohingya etniakoek bigarren aldiz egin diote uko aberriratzeari. Berria egunkaria, 2019ko abuztuak 23, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-31).
  25. Karen and Shan face continued persecution in Burma. culturalsurvival.org (Noiz kontsultatua: 2019-12-31).
  26. Harrison, Jennifer. After decades in Thailand, Myanmar refugees head home. United Nations High Commissioner for Refugees, 2019ko uztailak 29,unhcr.org (Noiz kontsultatua: 2019-12-31).

Kanpo estekak

aldatu