Bakaiku

Nafarroa Garaiko udalerria

Bakaiku[4] ([bakaiku]) Nafarroa Garaiko ipar-mendebaldeko udalerri bat da, Sakanako eskualdekoa, Burunda haranekoa. Iruñetik 45 kilometrora dago, itsas mailatik 519 metro gorago, eta 1.117 hektareako azalera hartzen du. Mugakide ditu iparraldean Ataun, ekialdean Etxarri Aranatz, mendebaldean Iturmendi eta hegoaldean Urbasa ditu mugak. 336 biztanle zituen 2014. urteko erroldaren arabera.

Bakaiku
 Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Bakaikuko kale bat.
Bakaikuko bandera
Bandera

Bakaikuko armarria
Armarria


Map
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Lurraldea Nafarroa Garaia
Merindadea Iruñea
EskualdeaBurunda, Sakana
Administrazioa
Estatua Espainia
Erkidegoa Nafarroa
Izen ofiziala Bakaiku
AlkateaEgoitz Urritza Lazkoz (EH Bildu)
Posta kodea31810
INE kodea31044
Herritarrabakaikuar
Geografia
Koordenatuak42°53′26″N 2°06′08″W / 42.8906°N 2.1021°W / 42.8906; -2.1021
Azalera11,7 km²
Garaiera531 metro
Distantzia42 km (Iruñetik)
Demografia
Biztanleria343 (2023:  −12)
alt_left 174 (P,7)(2019) (T,8) 188 alt_right
Dentsitatea2,93 bizt/km²
Zahartzea[1]% 60,53
Ugalkortasuna[1]‰ 105,26
Ekonomia
Jarduera[1]% 76,92 (2011)
Desberdintasuna[1]% 0 (2011)
Langabezia[1]% 9,04 (2013)
Euskara
Euskaldunak[2][3]% 49,50 (2018:  %-1,09)

Bakaiku Iruñetik Altsasura doan autobideak eta trenbideak zeharkatzen dute, eta herriaren erdigunetik pasatzen den N-240 errepideak. Burunda ibaiak (Arakil ibaia) ere zeharkatzen du herria.

Bakaikuk bi auzo nagusi ditu: errepideak zatitzen dituen Angoia eta Anbehea auzoak, hain zuzen. Errepidearen bazterretan daude dendak eta udaletxea. Herriaren iparraldean, ibaiaren bestaldean, industrigunea dago, eta hainbat baserri edo etxe solte ditu inguruan.

Geografia

aldatu

Ingurune naturala eta kokalekua

aldatu
 
Bakaiku, Santa Marinatik ikusia.

Burundako beste herriek bezala, hiru zati nagusitan banatu daiteke: iparraldean, Urbasako mendilerroa, 1.180 metrotan, Paleozenoko kareharrizko haitzekin; iparralderantz beherako malda egiten du Arakilgo ibai arroraino; eta Arakil ibaitik iparraldera, tupa-harearrizko mendigunea egiten du, Irumugeta dermioraino; han muga egiten dute Gipuzkoak (Ataun), Etxarri-Aranatzek eta Bakaikuk.

Horrela, baso zati gehiena, pagoz eta haritzez osatua dago, baita elorriz eta gaztainondoz ere. Ibaian, berriz, makalak, haltzak, lizarrak eta zumarrak hazten dira.

Bakaikuko klima azpiatlantiko motakoa da, eta nahiz eta udak lehor puntu bat izan, urteko batez besteko prezipitazioak 1.400-1.600 mm bitartekoak dira. Neguak hotzak eta udak epelak izaten dira, batez besteko tenperatura 10 eta 12 gradu artekoa izanik. Urteroko egun euritsuak 120-140 inguru izaten dira, eta 10-12 egunetan elur egiten du.

Ekonomia

aldatu

Ekonomia tradizionalki abeltzaintzan eta nekazaritzan oinarritu da. Nekazaritzan, famili ustiapen estentsiboak nagusitu dira, eta soro txikiz osatutako azalera nagusitu da, XX. mendeko lur-zatien kontzentraziora arte. Abeltzaintzan ere, estentsiboki familiaka lan eginda, azpiegiturak sortu zituzten, adibidez, artzain bordak Burunda gainean Urbasan sartuta, edo andretxe izenekoak, neguan abereak babesteko sortutako harri eta egurrezko eraikuntzak.

Bi lanbide nagusi hauetaz gain, betidanik artisautzak ere garrantzia izan du herrian, gaur egun oraindik altzariak egin eta hauen tailan aritzeko artisau familia badago, zeinetik Jose Ramon Anda eskultoreak bere oinarriak hartu zituen. Baita ilarrontziak edo ilarrezko erratzak egiten dituen Agustin Larraza artisaua.

Bakaikuk tren geltokia du, azken urteetan erabilerarik eman ez bazaio ere

Gaur egun, herriko ekonomia jarduera garrantzitsuena industria sektorekoa da, 1970eko hamarkadan ezarri zen garabi fabrikarekin (GH Guema SA). Hortxe lan egiten dute Bakaikuko eta inguruetako 60 langilek.

Zerbitzuei dagokienez, herrian badira bi taberna, denda txiki bat (estankoa), botika, bi landetxe eta euskara barnetegia.

Historia

aldatu
 
Bakaikuko irudi historikoa

Herriko aztarna zaharrenak Irumugeta inguruan aurkitu ziren trikuharri eta tumuluak dira, bai eta Aizkozar inguruan aurkitutako Neolitikoko aizkora ere.

Kalkolitoko tamaina handiko aizkora landu bat aurkitu da.[5] [6]

2018an, Juan Mari Martínez Txoperenak Burdin Aroko herri harresitua izan daitekenaren aurkikuntzaren albistea eman zuen[7]. Herriak forma obalatua izango luke eta bi harresi, eta horien artean, lubakia. Barruko harresian geratzen den eremuak 2 ha-tako zabalera izan dezake.

Herriaren lehen aztarna idatziak XII. mendekoak dira. Hala ere, jasota dago Erdi Aroraino beste herri bat izan zela, Iturrun, San Benito inguruan. Herriko armarria, Antso Indartsuak emandako foruen denborakoa da.

1858an Santiago Noblea altsasuarrak, bertan txarola lantzeko fabrika zuenak, larrua lantzeko fabrika ireki zuen Bakaikun[8].

2006an Bakaikun egin zen Europako Ikasle Foroaren lehenengo bilera. Han onartu zen Bakaikuko adierazpena izeneko testua.

Arkitektura

aldatu

Herriaren erdialdean San Juan Bautistaren eliza dago, XVI. mendean kokatzen dela, bobedaz estalitako nabe batez osatzen da, kanpoan kontrafuerte sendoz inguraturik dago. San Juani dedikatutako erretaula handi bat du barruan, rokoko estilokoa. Horrez gain, Sakristiako konketa, ondoko erretaulak, aldareko frontala, kalizeak eta nebeta azpimarratu beharrekoak dira.

Herriaren erdialdetik aldendu gabe, XIX. mendeko baseliza bat dago, Done Jakueri eskainia, garai horretako ezaugarriak dituena.

Herritik kilometro batera, San Benitoko baseliza dago, Urbasaren azpian, XVII. mendekoa, estilo barrokoko erretaulatxo bat duena.

Urbasaren gainean dagoen Santa Marina baseliza dago azkenik, oinarri erromanikokoa, monumentu megalitikoz inguratutako aldean kokaturik, Iturmendirekin konpartitzen duen baseliza da, XVIII. mendean zaharberritua, bolborategi karlista izandakoa (lehertu egin zen).

Erlijiosoa ez den arkitekturari dagokionez, herria batez ere etxe handiz osatua dago, harlanduaren erabilera dutela, eta normalean, puntu erdiko arku batek etxearen sarrera adierazten du. Elizaren ondoan, etxe batean, XVII. mendeko arku hirukoitz batez inguratutako dintela dago, eta, barroko garaiko ezkutu handi bat du gainean. Herriko hainbat etxek ere badituzte harriz landutako ezkutuak.

Demografia

aldatu
Bakaikuko biztanleria

2008ko erroldaren arabera, Espainiaz kanpoko hiru etorkin bizi ziren herrian, biztanleen % 0,89 (Nafarroako Foru Erkidegoko batezbestekoaren azpitik).

Politika

aldatu

Udal hauteskundeak

aldatu

2007an Nafarroa Bai alderdiko Eduardo Urrestarazu atera zen alkate. Udaleko zazpi zinegotziak lortu zituen, ezker abertzalearen zerrenda Espainiako Auzitegi Nazionalak legez kanpo utzi eta gero. Baliogabeko botoak 102 izan ziren (emandako guztien @,80a) eta zurizko 12 boto izan ziren (botoen %8,11a). Abstentzioa ,68koa izan zen.

Bakaikuko Udala (2007)
Alderdia Botoak Zinegotziak
Nafarroa Bai 136 7

2011n Bildu izan zen aurkeztutako zerrenda bakarra; 124 boto, 7 zinegotziak eta alkatetza (Ion Tabar) erdietsi zituen.

Udaletxea

aldatu

Udaletxea 1986. urtean eraberritu zen, batez ere fatxadak eta sarrera. Udal bulegoak eta udalbatza beheko solairuan daude eta lehen solairuan, medikua, albaitaria eta herriko langile batentzat etxebizitza bat.

Udaletxea alkateak eta sei zinegotzik osatzen dute eta bertako idazkaria Iturmendiko idazkari ere bada.

  • HELBIDEA: Santio Plaza, 1

Bakaikuko alkateen zerrenda

aldatu
Legegintzaldia Alkatea Alderdi politikoa
1979-1983 José Miguel Ondarra AIB (indep.)
1983-1987 José Manuel Etxeberria Solís Bakaikuko Herria
1987-1991 José Manuel Etxeberria Solís Herri Batasuna
1991-1995 Francisco Javier Aiestaran Erdozia Herri Batasuna
1995-1999 Nicanor Ansó Eusko Alkartasuna
1999-2003 José Manuel Etxeberria Solís Euskal Herritarrok
2003-2007 Javier Angel Anda Landa Txunkai
2007-2011 Eduardo Urrestarazu Fernández Nafarroa Bai
2011-2015 Ion Tabar Cayuela Bildu
2015-2019 Egoitz Urritza Lazkoz EH Bildu

Kultura

aldatu

Euskara

aldatu

Tokiko euskara

aldatu

Bakaikuko euskalkia Burundakoa da. Mendeen joanean, gipuzkeraren, nafarreraren eta Arabako lautadan hitz egiten zen euskara zaharraren eraginak jaso dituenez, nafarreraren, gipuzkeraren eta bizkaieraren tarteko hizkera da.[9]

Gerra Zibilaren ondorenean galdu da, eta errepresioa eta zigorra izan dira gainbeheraren arrazoia. Hala erakusten du Frantzisko Ondarra bakaikuar fraide kaputxino eta euskaltzainaren lekukotasunak. 1925ean jaioa, Bakaikun bizi izan zen 1937ko abuztu arte, eta orduko ume guztiak euskaldunak zirela zioen. 1964an, berriz, Txilen izan eta gero herrira itzuli zenean, egoera hauxe aurkitu omen zuen:[9][10]

« Eskolan debekaturik, elizan irakasten zenean kristau ikasbidea, euskarazko eta erdarazko taldeak antolatu ziren. [...] Elizkizunak euskaraz egiten ziren. Kalean erdal giro handia zegoen. »

Eliza zen, beraz, euskarari eusten zion erakunde bakarra; baztertuta eta debekatuta zegoen bestela. Ondarrak biziki gogoan zuen Bakaikuko tren geltokiko itxarongelan zintzilikatuta zegoen oharra: «Se prohibe hablar el vasco en esta oficina».[9]

Egungo egoera

aldatu

Tokiko euskara gero eta jende gutxiagok daki, batez ere bertan jaiotako 60 urtez gorako bakaikuarrek; galtzera kondenatuta dauden euskalkietako bat da. Hainbat lan argitaratu dira; esanguratsuenak, aita Patxi Ondarra bakaikuar euskaltzainarena eta Jose Luis Erdozia Mauleon etxarriar filologo eta euskaltzain urgazlearenak. Gaur egun, 1980tik aurrerako gazte guztiek dakite euskara (euskara batua), eta erabilera, oso gutxinaka bada ere, indarberritzen ari da.

Jaiak eta ospakizunak

aldatu
Bakaikuko Maiatza altxatzen, Urbasan.
  • Inauteriek garrantzia eta ospea irabazi dute, azken urteetan Bakaikuko Gazte Asanbladaren eskutik berreskuratu zirenetik, Kamarro da pertsonaia protagonista. Bazkari baten ostean, jantzi eta herriari buelta ematen diote kamarroek.
  • Maiatzaren 1ean, Urbasara igo, eta ia Sakana osotik ikus daitekeen pago enbor luze eta handia haitz baten puntan jartzean datza. Lan guztia eskuz egiten da, eta teknikoki oso zaila da.
  • Donibane egunean ere, herrian beste maiatz bat jartzen dute herritarrek, baina hori azken urteetan garabiaz jartzen da, arriskua saihestearren, nahiz eta berriro eskuz jartzeko saiakerak egin diren.
  • Uztailaren 24a: Herriko jaiak Santiago egunez ospatzen dira. Uztaila bukaeran, 5 jai egun hartzen dute herriko jaiek.
  • Ekainaren 25a: San Juan eguna, herriko beste jai eguna da, herriaren Patroia.
  • Santa Marina: Ekainaren lehen asteburuan, herrian ospatzen diren jaietatik esanguratsuena, erromeria soil bat iruditu arren, Urbasako txoko horretara igota; Bakaiku eta Iturmendi herrien arteko jaia da, eta urtero, bi herriotako batek antolatzen du, goiz eta eguerdian Trinitate baselizaren inguruan ibili ondoren, arratsaldean herrietako batera jaisten dira festarekin jarraitzeko.
  • Udazkenean: Gaztaina Moztea. Aspaldi, basoan, gaztainak herritarren mantenuan zuen egundoko garrantzia zela kausa, Gaztaina Moztea egiten zuten; hots, famili bakoitzak zaintzen zituen gaztainondoak eta aleak onduak zeudenean, aguazilak baimena ematen zuen basora gaztainak biltzera (moztera) joateko. Egun ohitura hura gogoratzeko Gaztaina Mozte eguna ospatzen dute Urria-Azaroan.

Azpiegiturak

aldatu

Bakaiku Etxarri Aranazko Zerbitzuen Mankomunitateko kide da.

La Burundesa autobus konpainiaren Gasteiz-Iruñea lineak Sakanako herriak elkartzen ditu, eta geltokia du herrian. Guztira hiru zerbitzu izaten dira noranzko bakoitzean. Ibilbide hau du:

Bakaikuar ospetsuak

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
  2. Euskara ezagutza tasa. (2010) Euskal Herriari Begira (Udalbiltza), Eustat, INE, NASTAT eta Euskal Herriko Hizkuntza Adierazle Sistema (EAS).
  3. Nafarroako Gobernua. (2018). Nafarroako Datu Soziolinguistikoak. Euskarabidea, 48-53 or..
  4. Euskaltzaindia. 155. araua: Nafarroako udal izendegia. .
  5. «Gran Enciclopedia de Navarra | BAKAIKU» www.enciclopedianavarra.com (Noiz kontsultatua: 2018-08-27).
  6. Nafarroako museoa. «"Historiaurreko aretoan erakusgarri dauden piezak"» eskuorria (Iruña) (Noiz kontsultatua: 2018-08-27).
  7. .
  8. Carasatorre, Rafael. (2013-07-23). «Textos Históricos Navarros: Alsasua: 1842 - 1881 Charolería de Santiago Noblea, y Sorozarreta» Textos Históricos Navarros (Noiz kontsultatua: 2021-05-17).
  9. a b c Koldo Zuazo (2010): Sakanako euskara: Burundako hizkera, Nafarroako Gobernua eta Euskaltzaindia, 2010.
  10. Frantzisko ONDARRA: «Bakaikuko euskal hitzak, esaerak etab.», Fontes linguae vasconum: Studia et documenta, ISSN 0046-435X, 37. urtea, 100. zenbakia, 2005, 481-524 orrialdeak.

Kanpo estekak

aldatu
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Nafarroa