Apis (generoa)
Apis Apidae familiako intsektu himenopteroen genero bat da. Haren barnean sartzen dira benetako erle eztigileak. Aipatzekoa da eztenik gabeko erleak ere (Meliponini leinukoak) eztigileak direla, baina ez direla Apis generokoak. 20.000 erle-espezie inguru daude, baina Apis generokoak zazpi espezie baino ez dira (historikoki, sei eta hamaika espezie artean sartu izan dira generoan), eta 44 subespezie.
Apis (generoa) | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Arthropoda |
Klasea | Insecta |
Ordena | Hymenoptera |
Familia | Apidae |
Subfamilia | Apinae |
Generoa | Apis Linnaeus, 1758 |
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | ezti eta Apitoxina |
Apis generoko espezieak
aldatuHabia-motaren arabera, bi taldetan sailkatzen dira:
- Habia zuloetan egiten dituztenak eta, beraz, gizakiak erabil ditzakeenak erlauntzetan eta hazkuntzarako balio dutenak (Apis subgenerokoak): Apis mellifera, Apis cerana, Apis nigrocincta eta Apis koschevnikovi. Lehenengo biak erlezaintza tradizionalean erabiltzen dira.
- Abaraska kanpoan egiten dutenak, landareen adarrei atxikiak gehienetan: Megapis subgenerokoa (Apis dorsata) eta Micrapis subgenerokoak (Apis florea eta Apis andreniformis).
Hauek dira espezieak:
- Apis mellifera Linnaeus, 1758, erle europarra.
- Apis cerana Fabricius, 1793, erle asiarra.
- Apis florea Fabricius, 1787, erle asiar txikia.
- Apis dorsata Fabricius, 1798, erle asiar handia.
- Apis nigrocincta Smith, 1861, erle filipinarra.
- Apis koschevnikovi Buttel-Reepen, 1906, Koschevnikov erlea, Borneo, Malaysia eta Indonesiakoa.
- Apis andreniformis Smith, 1858, erle asiar txiki iluna.
Espezietzat hartu izan dira, halaber, bi hauek:
- Apis nuluensis Tingek, Koeniger and Koeniger 1996.
- Apis laboriosa Smith, 1871.
Baina subespezietzat hartzen dira sailkapen berrietan: Apis cerana nuluensis, Borneokoa, eta Apis dorsata laboriosa, Himalaiakoa.