Antoon van Dyck (Anberes, Espainiar Herbehereak, 1599ko martxoaren 22aLondres, 1641eko abenduaren 9a) flandriar margolari eta grabatzaile barrokoa izan zen, bereziki erretratuen ekoizpenari eskainitakoa. Nazioartean ospe handia lortu zuenez, bere izena hizkuntza ezberdinetara egokitu zen: ingelesez, Sir Anthony van Dyck; euskaraz, berriz, Antoon van Dyck. Ingalaterrako gortearen pintore nagusi bilakatu zen, Italian egonaldi luze bat egin ondoren. Oso ezaguna da Genovako nobleziaren eta Karlos I.a, Ingalaterrako eta Eskoziako erregearen, bere familiakoen eta bere gortearen erretratuengatik. Dotorezia lasaiko margotze metodoarekin, haren lanak eragin handia izan zuen XVIII. mendeko frantziar margolariengan eta, batez ere, mende horretako ingeles eskolako erretratugileengan, Peter Lely-n adibidez. Erretratuez gain, oso estimatuak izan baitziren, gai bibliko eta mitologikoak ere landu zituen berrikuntza piktoriko nabarmen batzuk sartuz.

Antoon van Dyck

ganberako margolari

1632 -
Peter Paul Rubens
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakAnthonio
JaiotzaAnberes1599ko martxoaren 22a
HerrialdeaEspainiar Herbehereak
Talde etnikoaFlandriarra
HeriotzaLondres1641eko abenduaren 9a (42 urte)
Hobiratze lekuaSan Paulo katedrala
Familia
AitaFranchois Van Dyck
AmaMaria Cuypers
Ezkontidea(k)Mary Ruthven  (1640ko otsailaren 27a -
Bikotekidea(k)
Hezkuntza
Hizkuntzaknederlandera
Irakaslea(k)Peter Paul Rubens
Jarduerak
Jarduerakmargolaria, akuafortista, dramagilea, antzerki zuzendaria, itzultzailea, antzerkigilea, ganberako margolaria, marrazkilaria, arkitektura proiektuen marrazkilaria eta artista bisuala
Lantokia(k)Blackfriars
Paris
Anberes
Londres
Brusela
Haarlem
Haga
Genova
Palermo
Mantua
Erroma
Venezia
Bolonia
Florentzia
Zaventem
Aix-en-Provence
Marseilla eta Napoli
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
InfluentziakPeter Paul Rubens
KidetzaAnberesko San Lukas artista elkartea
MugimenduaBarrokoko margolaritza
Genero artistikoaerretratua
margolaritza erlijiosoa
margolaritza mitologikoa
allegory (en) Itzuli
margolaritza historikoa
erretratua
animal painting (en) Itzuli

Musicbrainz: f164fec0-2e40-4c88-8420-d9a5b6d4501d Discogs: 2481639 Find a Grave: 11805 Edit the value on Wikidata
« Flandriarentzat handia izan zen Pedro Pablo Rubens-en ospea, Anberesen, bere eskolan, ohiturak hain eskuzabaltasun nobleak eta pinturan hain espiritu ederrak gidatutako gazte bat sortu zenean, non ondo erakusten baitzuen hura ilustratzeko eta haren distira handitzeko zantzuak. »
Giovanni Pietro Bellori[1]

Anberesen, Hendrick van Balenen dizipulua izan zen, eta harekin egon zen 1609 eta 1610 artean. Geroago, Rubensen ikasle eta laguntzaile ere izan zen, eta harengandik bereganatu zuen teknika eta, neurri batean, estiloa ere, eta, 1618an, San Lukasen Kofradiako irakasle gisa onartu zuten.

Bere gaztaroa Anberesen igaro ondoren, Italiara joan zen eta han Flandriako margolari handi guztien ezaugarri den erritual prestakuntza bidaia egin zuen. Bertan, Errenazimentuko lan handi batzuk ikusteko eta kopiatzeko aukera izan zuen, batez ere bere margolari gogokoena, Tizianorenak. Italiatik bueltan, Ingalaterrara joan zen, Karlos I.aren gortera, non ia erretratuez soilik bizituko zuen. Londresen hil zen 42 urte zituela, eta San Paulo katedralean lurperatu zuten.

Bizitza

aldatu

Antoon van Dyck Anberesen jaio zen 1599an. 1609an hasi zituen pintura ikasketak Hendrick van Balen margolariaren lantegian. 1618an, 19 urte zituela, Anberesko margolarien bazkunak edo gildak maisuari zegokion maila aitortu zion. Garai hartan hasi zen Rubensen laguntzaile gisa, eta lankidetza hark eragin handia izan zuen van Dyckengan. Bere hasierako margolanetan nabarmena da Caravaggioren estetika errealistaren eragina, eta baita berarekin batera Rubensen lantegian ziharduen Jacob Jordaens margolariarekiko kidetasuna ere.

 
Elena Grimaldi markesa, 1623, Washingtongo Arte Galeria Nazionala

Rubensen lantegian egiten zituen lanez gainera, Van Dyckek beraren bidea urratu zuen -San Sebastianen martirioa (1616-1617, Louvre, Paris)-, eta bereziki erretratugintza landu zuen: bere Familia erretratua (1621, Hermitage, San Petersburgo) lanean argi ikusten zen flandriar tradizioaren aztarna giza irudien antolamenduan, eta oihalen eta lepokoen egikeran. 1618tik 1620ra ondo finkatuak zituen bere estiloa eta bere ezaugarriak. Garai hartakoa da Cornelis van der Geest-en erretratua (1620 aldean, National Gallery, Londres),

Ingalaterran hilabete batzuetako egonaldia egin ondoren, 1621ean Italiara joan zen eta, Genovan egoitza harturik, han bizi izan zen 1627 arte. Arteleku nagusiak ezagutu zituen, eta hala indartu ziren lerroen harmoniarako zuen sena eta kolore-emaile gisa zuen dohaina. Aristokrateen erretratugile bihurtu zen eta eliza askotan egin zituen margolanak. Erretratugile gisa ere aldaketak izan zituen bere estiloan; errealismotik itzuri nahirik, giza irudien buruen proporzioak txikitu zituen, eta haien siluetak luzatu: Elena Grimaldi markesaren erretratua (1623 aldean, Washingtongo Arte Galeria Nazionala), Guido Bentivoglio kardinalaren erretratua (1625 aldean, Pitti jauregia, Florentzia).

 
Autoerretratua ekilorearekin, 1633 ondoan, Trinity College, Cambridge

1627an Anberesera itzuli zen eta han hartu zuen bizilekua bost urtez. Bete-betean jarraitu zuen erretratugintzan, zertxobait aldendurik Italian jorratutako bidetik eta atzera gehixeago hurbildurik flandiar tradiziora: Anna Wake (1628, Mauritshuis, Haga), Marten Pepijn (Arte Eder museoa, Anberes)... Bestalde, arrakasta handia izan zuen Europan Van Dycken laurogei gizon-emakume ospetsuren erretratuak biltzen zituen grabatu bilduma batek. 1628tik aurrera erlijiozko pinturak indar handia hartu zuen Van Dycken lanean: Sanson eta Dalila (1630, Kunsthistorisches Museum, Viena), Egiptoko ihesa (1630, Alte Pinakothek, Munich), Ama Birjina eta umea Katalina Alexandriakoarekin (1630 aldean, Metropolitan Museum of Art, New York). Bere koadroetan pertsonaien dotorezia eta duintasuna, xehetasunen eta giroaren zehaztasuna nabarmentzen zituen, baina betiere pertsonaia bakoitzaren berezitasunak ondo azpimarratuz. Teknika Rubensenaren antzekoa bazuen ere, orekatuagoa zen, bai koloreetan, bai formetan.

 
Karlos I.a ehizan, 1635 aldean, Louvre, Paris

1632. urtean Karlos I.a erregeak Ingalaterrara gonbidatu zuen; han gorteko margolari bilakatu zen, eta oso lan ugaria egin zuen; bere lantegiaren laguntzaz 400 margolanetik gora pintatu baitzituen, tartean bere erretraturik bikainenak: Karlos I.a ehizan (1635 aldean, Louvre, Paris), George Digby eta William Russell (1637, Althorp jauregia, Ingalaterra), Karlos I.aren hiru ume zaharrenak (1634, Galleria Sabauda, Turin), James Stuart, Richmond eta Lennoxko dukea (1634–1635, Metropolitan Museum of Art, New York)[2]... 1635ean, Anberesa itzulita, bere maisu lanetako bat ondu zuen, Deitorea (Arte Eder museoa, Anberes). Ondoren, Ingalaterran jarraitu zuen lanean, erregearengandik gertu, eta haren eta aitonen semeen erretratu asko eginez. Han hil zen, 42 urterekin, oso obra zabala utzita: 500 erretratu baino gehiago, mitologia eta erlijio lanak, eta grabatu asko.

Van Dycken eragina

aldatu

Van Dycken eragina handia eta iraunkorra izan zen: flandestar margolari gazteek gehiago zor diote berari Rubensi baino; Londresen ziharduten herbeherear eta alemaniar erretratugileek haren ereduari jarraitu zioten, eta baita ingelesek ere. XVIII. mendeko erretratuen tradizio ingeles handiak Van Dycken eragin sakona du, eta orobat espainiar margolariek; hauek sarritan kopiatzen omen zituzten haren erlijiozko lanak. Ospea, batez ere, azken garaiko erretratuek eman badiote ere, XX. mendeko adituek nahiago izan dituzte, beren freskotasuna dela eta, gaztaroko eta Genovako garaiko obrak.

Irudi galeria

aldatu
  Irudi bat handitzeko, klika ezazu gainean.

Erreferentziak

aldatu
  1. Bellori, Vite, p. 271.
  2. James Stuart, Duke of Richmond and Lennox. in: Heilbrunn Timeline of Art History. New York. The Metropolitan Museum of Art, metmuseum.org (Noiz kontsultatua: 2015-10-18).

Kanpo estekak

aldatu