Aljeriako historia
Aljeriako historia Magrebeko historiaren parte da. Neolitotik berbere herria bizi da Aljerian, nahiz eta egun gehiengoak arabieraz hitz egin. Baina kartagotarrek, erromatarrek, bizantziarrek, arabiarrek, otomandarrek eta frantziarrek konkistatu zuten lurralde hau, eta bakoitzak bere eragina utzi zuen.
Antzinako Aljeria
aldatuAntzinako hainbat bizilekuk adierazten dutenez (Ternifin, Machta al-Arbi), antzinatik izan zen Aljerian zibilizazio berbere bat. Lehen datu historikoak, ordea, K. a. 1000 inguruan bertako kostaldean egokitu ziren feniziarrengandik datoz. Hiri horiek Kartagoren mende gelditu ziren K. a. VI. mendean. Barnealdea, ordea, berbere edo numidiarren esku egon zen beti nahiz, elkarren arteko harremanen ondorioz, feniziarren eragina izan zuten erlijioan eta zibilizazioan.
Erromatarrek konkistatu ondoan (K. a. I. mendea), kostaldea berehala erromatartu bazen ere, berbereek erasoari eutsi zioten, eta erromatartzea galarazi zuten. Ipar Afrikako kostalde guztiaren antzera, II. mendearen bukaeratik aurrera, erromatartzea eta kristautzea batera joan ziren. Erromatar Inperioaren azkenetan (IV. mendea), Eliza Katolikoa izan zen, egoerari aurre eginez, egitura eta batasuna gorde ahal izan zuen erakunde bakarra. 429tik 533ra bitartean, kostaldea bandaloen esku egon bazen ere, barrualdeko eskualde berbere burujabeak indartu ziren. 533. urtean, bandaloei nagusitu arren, bizantziarrek ezin izan zuten menderatu Aljeriako ekialdea.
Arabiarren konkista eta dinastia berbereak
aldatu647an Egiptotik abiatu eta 711n konkistatu zuten Berberia (Ipar Afrika) arabiarrek, jazarri zitzaizkien Kusayla eta Kahina buruzagi berbereak menderatu ondoan. Berehala islamera bihurtu ziren berbereak (VIII. mendearen hasieran) eta Ipar Afrika herrialde omeiatar bihurtu zen. 742. urtean, ordea, Aljeriako mendebaldeko erreinu berbere asko musulmanen arteko berdintasun osoa predikatzen zuen kharijismo aldera lerratu zen, islamaren barnean, arabiarrek zuten lehentasunari aurre eginez. Aljeriako ekialdea, ordea, Ekialdeko Kaliferria eta islamaren ortodoxia aldezten zuten aglabtar gobernarien esku geratu zen, Kairouan hiriburu. Ekialdeko berbereen, hots, kabiliarren aginpidearen laguntzaz, fatimitarren dinastia arabiar xiiak aglabtarrak egotzi eta aginpidea eskuratu zuen.
Ziridar dinastia berberearen ondoan, hamaditek, berbereak hauek ere, aginpidea hartu eta islamaren ortodoxia ezarri zuten. Mendeku gisa, fatimitarrek Banu-Hilal, Banu-Sulaym eta Banu-Maqtil buruzagi arabiarren tribuak ekarrarazi zituzten eta, egin zituzten sarraskien ondoren, Aljeriaren arabiartzeari ekin zioten: XI. mendean, arabiera ordokietako hizkuntza nagusia zen. XI. mendearen erdialdean, Maroko hegoaldetik zetozen almorabide ortodoxoek Aljerreraino sartu eta zibilizazio hispano-moriskoaren mendean ezarri zuten Aljeriako mendebaldea. Haien ondoren nagusitu ziren almohadeek aginpide bakarra bermatu zuten Aljeria osoan, XIII. mendean hiru dinastia berbereren artean banatu zen arte.
Turkiarren konkista
aldatuAndaluziako errekonkistaren ondoren, Aljeriako kostaldeko hainbat porturen jabe egin ziren espainiarrak XVI. mendearen hasieran (Oran eta Aljer tarteko). Abdalwadiarrek nagusitasun hura onartu bazuten ere, biztanleria musulmanak otomandarrei laguntza eskatu zien eta, Bizargorri anaiak buru, espainiarrak egotzi zituzten. Karlos V.aren setioari eutsi eta abdalwadiar dinastia eraitsi ondoan, Aljeria Otomandar Inperioaren mende geratu zen 1554an. Turkiako eta Aljeriako itsaslapurrei esker, Aljer hiria izugarri aberastu zen XVII. mendean, baina XVIII. mendean nabarmen ahuldu zen. Otomandar Inperioko sultan nagusiaren agindupean betiere, gudaroste buruzagiek hautaturiko dey batek gobernatzen zuen Aljeriako Erregeorderria. Hiru herrialdetan banatua zegoen, herrialde bakoitza dey baten kargu zegoela. Herri eta hirietako gobernua kaiden esku zegoen. Turkiarren batasuna, ostera, ez zen benetakoa, dey-aren kontrolpean zegoen aldea, lurralde hartako zati bat baizik ez baitzen.
Frantsesen konkista eta kolonizazioa (1830-1962)
aldatuKonkista
aldatuXIX. mendearen hasieran, armada ingelesak itsaslapur turkiarrei eraso zien eta Aljer hainbat alditan bonbardatu eta hartu zuen. 1827. urtean, egoera hura normaltzeko prestatu zen bilera batean, Hussayn dey-ak Deval kontsul frantsesari eginiko laidoen aitzakian, itsas armada frantsesa Aljer hirian sartu zen, Karlos X.ak hala aginduta, 1830eko ekainaren 14an, eta 300 urtez han nagusi egondako turkiarrak egotzi zituen. Karlos X.a 1830eko uztailaren 29an erregetzatik eraitsi baino lehen, Oran eta Bône eskualdeak hartu zituzten frantsesek. Erresistentzia, ordea, berehala bildu zen Abdelkader El Djezairi buruzagiaren inguruan. Abdelkader-ek gerra santua deklaratu zuen frantsesen aurka, eta 1843 arte eutsi zien konkistatzaileen osteei.
Abdelkader-ek Maroko aldera jo behar izan zuen, eta Aljeriara itzultzeko egindako saioa hutsean gelditu zen, gudaroste frantsesa Marokoko sultanaren tropei nagusitu baitzitzaien (Isly, 1844). 1845. urtean, ordea, Aljeriako mahdi batzuek bultzaturiko altxamenduez baliatuta, Abdelkader itzuli egin zen, eta frantses gudarosteari nagusitu zitzaion, Sidi Brahimeko Guduan, baina ez zuen kabiliarrak bere ingurura biltzea lortu. Marokoko sultanak bertan behera utzita, Abdelkader errenditu egin zen 1847an. 1857an bukatu zen frantsesen Aljeriako konkista, hegoaldeko oasi-aldea eta Kabilia mendean hartu ondoren. 1871. urtean, altxamendu berri bat piztu zen Kabilian, baina berehalako zapalkuntzak moztu zituen indar abertzaleen bide guztiak. XIX. mendearen bukaerako espedizio militarrek bermatu zuten Sahara barneko okupazio frantsesa.
Kolonizazioa
aldatuLehen frantsesak heldu zirenean, bi miloi aljeriar inguru ziren; 1872. urtean, 2.125.000 aljeriarrek eta 245.000 europarrek osatzen zuten Aljeriako biztanleria. 1954. urtean, Aljeriak 9.530.000 biztanle zituen, 8.450.000 musulman eta 1.080.000 ez-musulman. Konkista hasi zenetik, hazkunde nabarmena izan zen etorkinen kopuruan: 1840an 35.000 europar ziren, eta 1936an milioia ingurura iristen ziren (frantsesak P, espainiarrak 0). Hasiera batean esku pribatuen kontua izan bazen ere, 1841etik aurrera administrazio frantsesak bultzatu zuen Aljeriako kolonizazioa, laborantza lurrak eskainiz Frantziako biztanleei. Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da Frantziako Bigarren Errepublikak Aljeria “frantziar lurralde” bihurtu eta hiru departamendutan banatu zuen.
1871ko altxamenduen ondorioz, Frantziako Hirugarren Errepublikak Kabilia eta Aljeria osoan lurralde handiak beretzat hartu eta frantsesen artean banatu zituen; frantses iraun nahi zuten alsaziar eta lorrenatarrei 100.000 hektarea egokitu zitzaizkien. XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran, mahats-zorrien herdoilak Frantzia hegoaldeko mahatsondoak guztiz jo zituelarik, Aljeria aldera eraman zuten mahatsa, eta bertan landatu zuten. Ardo ekoizpenari begira, kolonoak eramaten hasi ziren berriro agintari frantsesak eta 50 urteren buruan lortu zen produkzioa guztiz altua izan zen (21 milioi hektolitro, 402.000 hektareatan, 1938an).
1900eko abenduaren 9ko lege batek nolabaiteko autonomia ekonomikoaz hornitu bazuen ere (Délégations financières izeneko biltzarra), eremu politikoan Aljeriak ez zuen inolako aginpiderik (15 diputatu eta 8 senatari, 1946ko urriaren 5eko legearen ondoan), eta erabaki guztiak metropoliko gobernuari zegozkion. 1930. urtean, kolonizazio mende baten ondoren, 2.400.000 hektarea laborantza-lur zegoen europarren eskuetan, horietako 1.700.000 erakunde ofizialek kudeatuak. Hurrengo urteetan lur gehiago eskuratu zituzten europarrek: 1954. urtean, 2.720.000 hektarea zeuden europarren eskuetan eta 7.612.000 musulmanenetan, eta landu zitezkeenak 6.500.000 hektarea ziren guztira. Zerealek uzta urriak eskaintzen zituztela eta, europarrek ardogintzara jo zuten, metropolikoa baino ugariagoa izaki (ardogintzak, langile ugari behar izatez gainera, kanpoko salmenten Q ekarri zuen 1938. urtean, esaterako). Aljeria nekazari herria zen batez ere, eta kolonia interesak horretara moldatu ziren. Burdin hobi eta fosfato meatzeei esker eginiko aurrerapenekin ere, industria urria zen. 1959-1962 urteetan, petrolio gordina bertako aberastasun handiena bihurtu zen arte, ez zen benetako abiada ekonomikorik izan Aljerian.
Nazionalismoaren sorrera
aldatuEstatu batu gisa, Aljeria gisa, burujabetasuna inoiz izan ez zuen lurralde honetan, mendetan zehar bertako berbereen eta VII. mendetik aurrera kanpotik etorri ziren arabiarren arteko borrokek amairik ezagutu ez zuten herrialdean, ez zirudien nazio ideiak benetako errorik finka zezakeenik aljeriarren artean. Musulmanei frantses herritartasuna ukatzen zitzaielarik, 1936. urtera arte, elite musulmanaren nahikunde bakarra europarren estatus berbera izatea zen. 1936an, Léon Blum lehendakari frantsesak 20 000-25 000 musulmani frantses herritartasuna eskainiz aurkeztu zuen asimilazio egitarauak Aljeriako kolono eta parlamentuaren beraren gaitzespena jaso zuen, elite musulmanak eta ulemek onartu ondoren. Horren ondorioz, Frantziatik banatzearen aldeko garra piztu zen aljeriarren artean.
1942an tropa aliatuak Ipar Afrikan lehorreratu ondoren, burujabetasunaren ideia gorpuztuz joan zen eta 1943. urtean, Ferhat Abbas buruzagi abertzaleak eman zuen argitara bere Aljeriar Herriaren Agiria. 1945eko maiatzean, agintaritza frantsesak nolabaiteko berrikuntzak agindu bazituen ere, kalera irten zen aljeriar herria bere eskubideak aldarrikatzera. Frantziako gobernuaren zapalkuntza latzaren ondoren, higikunde abertzale guztiak galarazi ziren. 1946. urteko amnistia eta gero, Ferhat Abbasek Union Democratique du Manifeste Algérien delakoa eratu zuen eta Messali Hadjik Mouvement pour le Triomphe des Libertés Democratiques higikundea. Parisek, bitartean, estatutu berezi bat eman zion Aljeriari, eta bertako biltzarra eratu zuen 1947an. Biltzarkideak hautatzeko, bakoitzak P hartzen zuten bi talde osatu ziren: musulmanak batean, eta � europar eta % 12 musulman bestean. Politika federalista baten oinarriak finkatu nahi izan baziren ere, errealitatea guztiz bestelakoa zen, benetako aginpide politikoa metropoliko erakundeen (Gobernua eta Armada) esku baitzen. MTLDko burkide batzuek (Hocine Aït Ahmed, Ahmed Ben Bella eta Mohamed Khider, haien artean) Iraultzarako Batzordea osatu zuten 1954an, eta altxamendua urte bereko azaroaren 1ean hasi zen.
Aljeriako Gerra (1954-1962)
aldatu
Higikunde nazionalistak Kairon eratu zen Nazio Askapenerako Frontera (FLN) bildu ziren gehienbat. Bitartean, Pierre Mendès France lehen ministroaren gobernuak gupida gabeko zapalkuntza agindu zuen. Jacques Soustelle gobernadore nagusiak musulmanak herritartasun osoaren jabe izango zirela adierazi zuen 1955ean, eta Robert Lacostek, kargu horretan ordezkatu zuen gobernadore berriak, su-etena erdiesteko agindua jaso zuen 1956an, negoziazioei ekingo zietelako agindupean. Bake irtenbidea inoiz baino hurbilago zegoenean, ordea, Frantziako Aireko Armadak Marokotik Tunisiara zihoan hegazkin bat bidean intertzeptatu eta Aljerren lur hartzera behartu zuen 1956ko urrian. Hegazkinean zihoazen bost buruzagi nazionalista, Ben Bella tarteko, detenitu zituzten frantsesek.
1957. urtean, Jacques Massu jeneralaren paraxutistek izugarrizko sarraskia egin zuten Aljerren, Aljerreko Gudua izena eman zitzaion operazio batean. Nazioartean guztiz kondenatu zen Tunisiako Saqiet sidi Yusuf herriaren bonbardaketak eta militarren portaerak banatu egin zuten Frantziako herri iritzia, gerraren aurka zeudenak eta militarrei eusten zienak elkarren aurka jarriz De Gaullek. Aginpidera iritsi zenean, 1958ko abenduan, Aljeria frantsesen esku mantentzeko borondatea agertu bazuen ere, 1959ko irailean aljeriarren autodeterminaziorako eskubidea aldarrikatu zuen eta Aljeriako Errepublikako behin-behineko gobernuarekin lehen negoziaketak hasi ziren. 1960ko ekainean, lehen su-etena egitea erabaki zen.
1961eko apirilean, Maurice Challe, Edmond Jouhaud, André Zeller eta Raoul Salan jeneralen putsch-ak ez zuen arrakastarik izan eta handik aurrera, Salan jeneralaren Organisation Armée Secrète (OAS) erakunde terroristak aljeriarren kontrako borrokari ekin zion, gobernu frantsesak eta Aljeriako behin-behineko gobernuak Eviango Hitzarmenak eta betiko su-etena ekarri zituzten negoziaketetan ziharduten bitartean (1962ko martxoa). Frantsesek, musulmanek parte hartzerik izan ez zuten erreferendumaren bitartez, Eviango akordioak berretsi eta gero (1962ko apirila), milioitik gora frantses eta europarrek (pied-noirs direlakoek) utzi zuten Aljeria.
Aljeria burujabea
aldatuErreferendum bidez, Aljeria estatu independente bihurtu zen 1962ko uztailaren 1ean. Askatasuna iritsi bezain laster hasi ziren, ordea, behin-behineko gobernuaren eta Ahmed Ben Bellaren inguruko bulego politikoaren arteko gatazkak. Arian-arian, Ben Bellaren ikuspuntuak nagusitu ziren: 1962ko irailaren 20an lehen Biltzar Konstituziogilea osatu ondoan, gobernu buru izendatu zuten Ben Bella, eta urtebete geroago, 1963ko irailaren 15ean, errepublikako presidente. Elkarren arteko barne gatazkak bazter utzita, bat egin zuten politiko aljeriarrek, mugak zirela eta, Marokorekin zituzten ezinkonponduei aurre egiteko.
Alderdi bakarra egin zuten FLNren I. batzarrean, 1964ko apirilean, barne joerak onartu baziren ere, 1965eko ekainaren 19an Houari Boumedienek zuzenduriko estatu kolpeaz, alderdiko ezker muturreko kideak egotzi eta lehendakariaren ahalmenak handiagotu zituzten. Boumedienen agintepean, 1966. urtean nazionalizazio programari hasiera eman (petrolioa eta gas naturala, 1968an) eta Frantziarekiko elkarkidetza hitzarmenak sinatu ziren. 1976. urtean, Mendebaldeko Saharako Polisarioren alde agertuz, Marokorekiko auzia larriagotu zen, eta Saharako mugetan gatazkak ere izan ziren. 1977-1978 urteetan, Saharako arazo honek eta Frantzian zeuden langile etorkin aljeriarren egoerak zaildu egin zituen Aljeriaren Frantziarekiko kanpo harremanak.
Chadli Bendjediden agintaldia (1979-1988)
aldatuBoumedienen heriotzaren ondoren, Chadli Bendjedid koronela izendatu zuten FLNko idazkari nagusi, lehenbizi, eta Aljeriako presidente, gero, 1979ko otsailaren 7an. Bendjediden politika, hamaika urtean zehar, bere aurrekoak egindako guztia pixkanaka eta zuhurki aldatzen saiatzea izan zen. Zailtasunez jositako aroa izan zen; agintaldiaren hasiera aldera Aljeriaren geroa baldintzatuko zuten bi gertakizun jazo ziren: berbereen kultura arloko eskaeren plazaratzea (1980), eta erakunde islamisten jaiotza (1981). Ekonomia liberalizatu nahian, enpresa publikoak “berregituratzeari” ekin zion, eta bide hori, azkenean, pribatizazioan amaituko zen. Nekazaritza legeak ere aldatu zituzten, eta lurrak, herritar askoren borondatearen kontra izanik ere, antzinako lurjabeei itzuli zitzaizkien. Kanpo harremanei dagokienez, Aljeria Frantziara hurbildu zen eta hitzarmen garrantzitsuak sinatu zituzten bi herrialdeek, gas hornikuntza eta hornikuntza orokorren kontratuak tartean zirela. Magrebeko auzoekiko harremanak ere hobetu ziren: anaitasun hitzarmenak sinatu zituen Tunisiarekin eta Mauritaniarekin eta, 1983an, Marokorekiko harremanak normaldu zituzten.
1984an berriro presidente hautatu zuten Bendjedid eta, 1986an, konstituzio berria ezarrarazi zion legebiltzarrari, non haren aldiko politika berresten baitzen: ekimen pribatua indartzea, eta arabiartze eta islamiartze politika, familia jokamolde jakin batzuetan islatzen zena. Berehala egin zioten aurka feministek eta modernotasunaren zaleek. 1985-1986tik aurrera, petrolioaren eta dolarraren jaitsierek gizarte arazoak larriagotu egin zituzten. Greba eta manifestazio asko egin ziren: bizitza garestitzearen aurka, etxe faltaren eta miseriaren aurka, lurrak pribatizatzearen aurka eta abar, eta, horiekin batera, gogortu egin ziren berbereen politika eskaerak eta, batez ere, islamistenak. Aldi horren faserik gogorrena 1988ko urrian izan zen. Sei egunez iraun zuten kale istiluek eta matxinadek bai Aljerren eta bai lurralde guztian, eta gudarostearen zapalkuntzak, ehunka hildako ez ezik, traumatismo handia eragin zuen herritarren artean, gazteengan, batez ere.
Islamismoaren leherketa (1988-1992)
aldatu1988an, beste bost urterako lehendakari hautatua izan ondoren, Chadli Bendjedidek konstituzioa aldatzea proposatu zuen, eta erreferendumean onartu zen 1989ko otsailean. Irekitze neurri kontrolatu batzuk aurreikusten ziren erreforma horretan: sozialismoaren aipamenak bertan behera utzi ziren eta alderdi aniztasuna onartu zen. Atzerrian zeuden liderrak itzuli ziren –Hocine Aït Ahmed eta Ahmed Ben Bella, esate baterako–, eta 60 alderditik gora eratu ziren. Orobat, emakume eta kultura elkarte asko ezkututik irten zen, eta hedabideek askatasun osoz adierazten hasi ziren haien ideiak. Mugimendu islamistak Salbaziorako Islamiar Frontea (FIS) izenekoaren baitara bildu ziren. Atentatuak ugaldu ziren eta borroka gero eta ageriagoa egin zen islamisten eta modernotasunaren zaleen artean.
1990eko ekainean, FISek udal hauteskundeak irabazi zituen eta eskuratu zituen udaletan (udalen erdi inguru) xaria edo islamiar legea aplikatzen hasi zen eta, ondorioz, emakumeen aurkako erasoak eta liskarrak ugaldu egin ziren. 1991ko maiatzean, FISek, hauteskunde legearen deuseztapena lortzeko asmotan, greba orokor bat eta matxinadak antolatu zituen. Gudarosteak esku hartu zuen, setio egoera ezarri eta buruzagi islamistak atxilotu egin zituzten. 1991ko azaroan, militarren postu baten aurka islamistek egindako erasoarekin hasi zen hauteskunde kanpaina; abenduan, legebiltzarrerako hauteskundeak, lehen itzulian, FISek garbi irabazi zituen, 323 eserlekuetatik 188 irabaziz. Gudarosteak, demokrata batzuen sostenguarekin, prozesua geldiaraztea eta hauteskundeen bigarren itzulia baliogabetzea erabaki zuen. 1992ko urtarrilean, Bendjedid dimititzera behartu ondoren, Estatuko Goi Batzordeak Mohamed Boudiaf jarri zuen estatuko buru, 27 urte haietan Marokon atzerriratua bizi izan zen iraultza garaiko buruzagi historikoa. Larrialdi egoera ezarri zen, FIS deuseztatu zuten, eta 12.000 militante islamista Saharako espeetxetan sartu zituzten. Boudiaf saiatu zen ordenari eusten eta ekonomia indartzen, baina 1992ko ekainaren 29an bere zaintza pertsonaleko kide batek hil zuen.
Gerra zibila
aldatuBoudiafen hilketaren ondoren, lehenik Ali Kafi, eta 1994ko urtarriletik aurrera Liamine Zeroual izan ziren Aljeriako estatuburuak. Pixkanaka-pixkanaka, indarkeria egoera etengabea benetako gerra zibil bilakatu zen. Sei urtez, 100.000 hildako inguru izan ziren, nazioarteko erakundeek kalkulatzen dutenez (26.000 ofizialki onartuak), militarrak eta islamistak zenbatu gabe; hildako militarren kopurua sekretua da eta, Barne Ministerioaren arabera, 20.000 islamista inguru izan ziren hilak. Atentatuen helburuak aldatzen joan ziren denbora igaro ahala. Hasieran, armadako kideak hiltzen zituzten, gero imamak eta FISeko hautatuen ordezkoak, gero intelektualak, kazetariak, politikariak, epaileak eta ehun bat atzerritar, fraideak eta Orango artzapezpikua barne. Estatuaren sinboloak sistemaz erasotzen ziren: Aljerreko aireportua, kasernak, bankuak, ikastetxeak, etab.
1995etik aurrera, bonba-autoak, polizia-kontrol faltsuak eta gudarostearen aurkako segadak ugaldu ziren, eta 1996ko azkenaldeaz geroztik sarraski sistematikoak egin zituzten herrixka eta auzoetan, nazioarteko iritzi publikoan sekulako eragina eta zirrara sortu zutenak. Gainera, 1995etik aurrera, talde islamista armatuak beren kabuz antolatzen hasi ziren eta bi korronte nagusi eratu ziren, elkarren aurka ere borrokatzen zirenak. Alde batetik, Salbamenerako Armada Islamista (AIS) zegoen, FISetik sortua, eta bestetik Islamiar Talde Armatua (GIA). Agintariek autobabeseko talde edo milizien antolakuntza bultzatu zuten eta 200.000 gizon armatu zituzten, eta hori, kasu askotan, indarkeria areagotu zuen faktore bat izan zen.
Egoera horretan, aljeriar gobernuak ekonomia politika zorrotzari eutsi zion, Nazioarteko Diru Funtsaren, Munduko Bankuaren, Europar Batasunaren eta inbertsioak egin nahi zituzten askoren diru laguntzak jasotzen zituen bitartean, nahiz eta gizarte kostu guztiz gogorra ordaindu: enpresa asko itxi egin ziren –publikoak, batez ere–, langabeziak eta prezioek gora egin zuten, diruak balioa galdu zuen... Bi negoziazio ahalegin izan ziren, indar politikoen artean, krisialditik nolabait ateratzearren: bata 1994an, Erroman, eta bestea 1996an, baina biek porrot egin zuten.Demokraziaren aldekoak, bestalde, elkarren aurkako bi joeretan biltzen ziren. Alde batetik, erradikalak, antzinako komunistak eta berbereen eskarietatik sortutako RCD taldekoak, eta bestetik, elkarrizketazaleak: Hocine Aït Ahmeden FFS (Indar Sozialisten Frontea) eta Ahmed Ben Bellaren MDA (Aljeriako Demokraziarako Mugimendua).
1995eko azaroan, berriro Liamine Zeroual lehendakari hautatu ondoren, aljeriar politikaren berregituraketa bizkortu egin zen: konstituzioa berriro erreformatu zen, 1996ko azaroaren 28an, eta 1997ko urtarrilean RND (Batzar Nazional Demokratikoa) alderdia sortu zen, Zeroual bera buru zuela. Alderdi berri horrek urte hartako ekaineko legebiltzarreko hauteskundeak eta urriko udal hauteskundeak irabazi zituen. Islamista moderatuei ateak ireki zitzaizkien, eta islamiartze eta arabiartze politikari ekin zioten (1998ko uztaileko legea), nahiz eta lege horrek arazoak sortu zituen Kabilian.
Azken urteak
aldatu1997ko urrian AISek, GIAren jokabide odoltsuarekin ikaratuta, baldintzarik gabeko su-etena aldarrikatu zuen. Testuinguru horretan, Zeroual presidentearen agintaldia laburtzeko erabakiak (1998ko irailaren 11n iragarri zuen) erabat ezustean harrapatu zituen, bai begiraleak, bai Aljeriako alderdi politikoetako liderrak. Hauteskunde kanpaina nahiko askea izan ondoren, bazirudien Aljeriako bizitza politikoa aldatzeko aukera izango zela. Baina boto zenbaketaren bezperan, hauteskundeetara aurkeztutako zazpi hautagaietatik sei erretiratu egin ziren, Abdelaziz Bouteflikaren aldeko “iruzur masiboak” izan zirela salatuz, Bouteflika jotzen baitzuten agintearen hautagai. Emaitza ofizialen arabera –oposizioak onartu ez bazituen ere– geratu zen hautagai bakarrak botoen s,8 lortu zituen, eta parte-hartzea `koa izan zen. 2002rako gerrilla talde gehienak desagertuta edo suntsituta zeuden (amnistia programa bati esker, asko), gune batzuetan gatazkan jarraitzen zuten arren.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2018-9-11 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.