Alfontso XIII.a Borboikoa (Espainia)
Alfontso XIII.a[1] (izen osoa gaztelaniaz: Alfonso León Fernando María Jaime Isidro Pascual Antonio de Borbón y Habsburgo-Lorena; Madril, 1886ko maiatzaren 17a - Erroma, Italiako Erresuma, 1941eko otsailaren 28a) jaio zenetik 1931 arte Espainiako erregea izan zen. Hamasei urte zituela eskuratu zuen boterea, 1902ko maiatzaren 17an.
Biografia
aldatuAlfontso XII.aren hilondoko semea, erregetu bitartean haren ama Maria Kristina Habsburgo-Lorrenakoa izan zen erregeorde. Adin txikia bitartean, 1898an Espainiak Kuba, Puerto Rico, Filipinak eta Guam galdu zituen, AEBen esku-hartzeak erabaki zituen askatasun gerren ondorioz. Espainiaren Inperioa bukatua zen. Bi urte geroago, aldiz, Mendebaldeko Afrikako zati bat hartu zuen Espainiak (Muni), Marokora hedatuko zen kolonizazioari ekinez.
1902. urtean koroatu zen eta 1906an ezkondu zen Viktoria Eugenia Battenbergekoa ingeles aristokratarekin. Atentatu bat izan zuen erregearen jarraigoak egun hartan (erregeak izan zuen bigarrena, bietatik zauririk gabe irten zen). 1912ko frantses-espainiar itunak Marokoko egoera argitu bazuen ere, ahalegin militar eta ekonomiko bereziak eskatu zizkion Espainiako estatuari, egokitu zitzaien alderdiko erresistentzia askoz ere indartsuagoa izan baitzen. Lehen Mundu Gerran Espainia neutral izan zelarik, ekonomia espainiarra arras bizkortu zen, gerran zeuden herrien merkatu berriak zabaldu egin baitzitzaizkion. Sistema politikoak, alabaina, porrot egin zuen: burgesiaren alderdi dinastikoak ahuldu, ezkerreko alderdi sozialista eta sindikatuak (CNT eta UGT) hazi eta gorpuztu eta Euskal Herriko nahiz Kataluniako higikunde abertzaleak sendotu ziren.
1923ko irailaren 13an, Alfontso XIII.aren onespenarekin —eta patronaleko zati handi baten, Eliza Katolikoaren, Armadaren eta kontserbadore gehienen laguntzarekin—, Miguel Primo de Riverak Estatu kolpea jo eta diktadura ezarri zuen. 1927an bukatu zen Marokoko gerra eta, 1930. urtean, Primo de Rivera erretiratu eta alderdi guztiak berriz ere plazaraturik, Alfontso XIII.a bakar samar geratu zen nagusi ziren errepublikaren aldeko indarren aurrean. 1931ko apirilaren 12ko Udal Hauteskundeek egoera hau berretsi baizik ez zuten egin; 1931ko apirilaren 14an, Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu zen, eta erregek ihes egin zuen Espainiatik. Hau idatzi zuenː
« | Igandeko hauteskundeek argi erakutsi didate ez dudala nire herriaren maitasuna. Nire kontzientziak esaten dit desbideratze hori ez dela behin betikoa izango, Espainiaren zerbitzura jarduten saiatu bainaiz beti, interes publikoa soilik aintzat hartuta, baita koiuntura larrienetan ere. Errege batek huts egin dezake, eta, zalantzarik gabe, nik ere noizbait huts egingo nuen; baina ondo dakit gure aberria eskuzabala izan dela beti maleziarik gabeko errukiekiko.
|
» |
Don Alfontso Borboikoaren manifestua, 1931ko apirilaren 14a. |
Azaroaren 26an, lege baten bidez, Parlamentuak goi saldukeriaren errudun jo zuen errege, eta erregetzako eskubideak kendu zizkien hari eta haren ondorengo guztiei:
« | A todos los que la presente vieren y entendieren, sabed: Que las Cortes Constituyentes, en funciones de Soberanía Nacional, han aprobado el acta acusatoria contra don Alfonso de Borbón y Habsburgo-Lorena, dictando lo siguiente:
|
» |
1931ko azaroaren 26ko Legea[2] |
Lege hura, ordea, Francisco Franco generalisimoak indargabetu zuen, 1938ko abenduaren 15ean onartutako legearen bitartez. Hala ere, ez zion erregetza eman Alfontso XIII.ari, nahiz eta hark altxamenduaren hasieratik lagundu zion —«lehen orduko falangista» zela zioen Alfontso XIII.ak[3]— eta milioi bat pezeta eman zituen 1937an frankisten alde.
Erroman hil zen, 1941eko otsailaren 28an.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014-10-21 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. (PDF) 186. arauaː Atzerriko pertsona-izenak. Grafia-irizpideak. Erregeerreginen eta kidekoen kasua. .
- ↑ Condena al rey Alfonso XIII y a sus descendientes.
- ↑ José María Zavala: «Entregados a Franco. Los Borbones ante la Guerra Civil», La Aventura de la Historia, 97. zenbakia (2006ko azaroa), 48-53. orrialdeak. ISSN: 1579-427X.
Bibliografia
aldatu- Shlomo Ben-Ami (1984): La Dictadura de Primo de Rivera. 1923-1930. Editorial Planeta. ISBN 84-320-4328-1.
- Morgan C. Hall (2005): Alfonso XIII y el ocaso de la monarquía liberal, 1902–1923. Madril, Alianza Editorial. ISBN 84-206-4790-X.
- Javier Moreno Luzón (editorea) (2003): Alfonso XIII, un político en el trono. Madril, Marcial Pons. ISBN 84-95379-59-7.
- Ramón Tamames eta Xavier Casals (2004): Miguel Primo de Rivera. Bartzelona, Ediciones B.
Kanpo estekak
aldatu