Aita-semeak

Oskorriren abestia

Aita-semeak euskal abesti herrikoi ezaguna da. Abestiaren doinurik ezagunena Natxo de Feliperena bada ere, 1802ko Peru Abarka liburuan agertzen da[1] eta Cancionero Manterolaren bigarren zenbakian, adibidez[2]. Abestia kopla handia da, egiturari dagokionez.

Aita-semeak
Oskorriren eta Mikel Laboaren musika-lana
Egilea(k)Oskorri eta Mikel Laboa
Ezaugarriak
Genero artistikoaherri-kanta eta kopla handia
Hizkuntzaeuskara
TonoaFa maior
HitzakMikel Zarate Lejarraga
Bestelako lanak
MusikagileaNatxo de Felipe

Grabatutako bertsioak

aldatu

Oskorriren lau diskotan agertzen dira Aita semeak abestiaren beste hainbat grabazio; hitzak Mikel Zaraterenak dira. 25 kantu-urte zuzeneko diskoan Mikel Laboak kantatzen du Zarateren bertsio hau.

2021ean Bixente Martinezek grabatu zuen beste bertsio bat gitarrarekin «Txoria buruan eta ibili munduan» diskoan (Elkar)[3]

Euskal Herritik kanpo Celtas Cortos taldeak bertsio ederra paratu zuen.[4]

Hitzak

aldatu

Mikel Zarateren aldaera

aldatu

Abestiko hitzetan euskararen Euskal Herrian egoera txarra aipatzen du. Denon errua dela dio, ez du inork ezer egiten "etxeko" egoera tamalgarri hori aldatzeko: "Aita eta semeak tabernan baitaude, eta ama-alabak jokoan". Lau bertsotan deskribatzen da egoera trakets hori, laugarrenean etsituta ere agertzen da: "Geurea dugu erru guztia, ez inori ba errua bota Euskal Herria hiltzean". Baina bosgarren bertsoan esperantzarako zirrikitua irekitzen da, kantariak konpromisoa hartzen du egoera hori iraultzeko, "Ez zaigu hilko Euskal Herria ni bizi naizen artean". Hauek dira Mikel Zaratek idatzi zituen hitzak:[5]

Aita semeak tabernan daude
ama-alabak jokoan
Aita semeak tabernan daude
ama-alabak jokoan.

Berriz ikusi beharko dugu
behi gizena auzoan,
berriro ere ez da faltako
trapu zaharrik kakoan.

Aita semeak tabernan daude
ama-alabak jokoan
Aita semeak tabernan daude
ama-alabak jokoan.

Eta lapurrek ostu dute
guk gendukana etxean,
eta gu gaude erdi biluzik
beti inoren menpean.

Aita semeak tabernan daude
ama-alabak jokoan
Aita semeak tabernan daude
ama-alabak jokoan.

Geurea dugu erru guztia,
geurea dugu osoan,
ez inori ba errua bota
Euskal Herria hiltzean.

Aita semeak tabernan daude
ama-alabak jokoan
Aita semeak tabernan daude
ama-alabak jokoan.

Baina gaztea naiz eta daukat
etorkizuna eskuan,
ez zaigu hilko Euskal Herria
ni bizi naizen artean.

Aita semeak tabernan daude
ama-alabak jokoan
Aita semeak tabernan daude
ama-alabak jokoan.

Joan Antonio Mogelen aldaera

aldatu

Kantu honen bertsiorik zaharrena Joan Antonio Mogelek "Peru Abarka" liburuan 1802an idatzi zuena da; "Guizon ordi batenac" izenburupean agertzen da, bigarren atalaren amaieran. Eskuizkribu horretatik transkribatu zuen Jose Antonio Uriartek 1860 inguruan, "Poesia Bascongada. Dialecto vizcaíno" bilduman, eta testu hori jarriko dugu hemen, jatorrizkotik hurbilagoa delakoan.[6] Izan ere, Peru Abarkaren lehen argitalpena egin zenean (1881[7]) aldaketa nabarmenak egin zitzaizkion Mogelen testu orijinalari, ortografia garaiko arauetara ekarriz eta lexikoa "garbituz".

GUIZON ORDI BATENAC

1
Aita semiac edanda dagoz
Ama alabac jocuan:
Ostera bere izango dira
Erropa zarrac cacuan.
2
Egun batian gaba eguinda
Niñoian neure echera:
Larrapaztada andi bategaz
Jo neban beeco bidera.
3
Jaso ninduben danau mancauta
Bizcar azurra ausiric;
Minaren miñaz catu guztija
Beinguan niri igaroric.
4
Ecarri eusten egun sentijan
Maesu Juan Barberuba:
Gurago neban euqui albuan
Infernuco diabruba.
5
Borreru arec birau ninduban
Albo batetic bestera;
Egon biar dau onec, ciñuan,
Beguira gaur bazterrera.
6
Asi zan guero bere erremientac
Cizcuchutic ateraten:
Otso vijotzaz, barre eguinda
An egozanai esaten:
7
Cangrenatzar bat jaijoco jaco
Ondo espadogu sagetan;
Ez dira onelaco zaurijac
Bedarchubacaz osetan.
8
Jaurtigui neutsan osticadiaz
Ezarri neban lurrera;
Sartu ez cedin Maesu Juane
Nire echian ostera.
9
Maisu Juane juan zanian
Ecarri eusten bertatic
Andrachu on ta erruquior bat
Alboco erri batetic.
10
Azur ta zauri guzti guztijac
Cituzan ondo icusi:
Arpegui sona, baquetsubagaz
Esan eustan ausse niri.
11
Chomin gaissua ordu onian
Bota dozu Barberuba;
Bestela suc gaur emen cenduban
Zuretzaco infernuba.
12
Pasmo bedarrac biarco dira
Eragozteco pasmuba,
Orma bedarrac gozatuteco
Banatu jatsun albua.
13
Egun guichijan zara icusico
Indar galantac arturic,
Ta zure azur banatubetan
Incaren apur bagaric.
14
Esan ta eguin aste barruban
Urten neban neure echetic;
Guerri cerdenaz, maquilla baga,
Jan gosiagaz bestetic.

Doinua

aldatu
 

Erreferentziak

aldatu
  1. «Juan Antonio Mogel: Peru Abarka» klasikoak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2024-07-10).
  2. Elkartea, Xenpelar Dokumentazio Zentroa-Bertsozale. «Aita-semeak tabernan daude I - Doinutegia - BDB. Bertsolaritzaren datu-basea» bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-07).
  3. Martinez, Bixente. (2021). «Txoria buruan eta ibili munduan» www.badok.eus (Elkar) (Noiz kontsultatua: 2023-10-05).
  4. Introversiones, 2010.
  5. «"Aita semeak" abestiaren hitzak (Mikel Zarate)» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-05).
  6. Uriarte, José Antonio de (O F. M. ). (L.G. 1987). Poesía bascongada : dialecto vizcaíno / José Antonio Uriarte ; Jon Kortazar, Miren Billelabeitiak prestatutako edizioa ; testuaren begiralea Joseba A. Lakarra. Bizkaiko Foru Aldundia = Diputación Foral de Bizkaia, ISBN 978-84-7752-000-9. (Noiz kontsultatua: 2024-06-10).
  7. www.bilketa.eus (Noiz kontsultatua: 2024-07-10).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu