1953ko Gipuzkoako uholdeak

1953ko uholdeak Euskal Herrian eta bereziki Gipuzkoan izandako uholdeak izan ziren. Euriteek kalte material handiak eta 27 hildako eragin zituzten.

Uholdea

aldatu

Aurrekariak

aldatu

1953. urtea, oso nahasia izan zen meteorologikoki, urtearen hasieran esaterako, milaka pertsona hil ziren Ipar Itsasoaren inguruko herrietan, europako haize ekaitz batek sortutako uholdea zela eta. Iraila eta Urriaren hasieran nahiko euri gutxi jausi zen Euskal Herrian, dena den urriaren 11n euria egiten hasi zen.

Egun askotan Europa gainean egondako antizikloi baten babespean egon ondorean, antizikloia ekialderantz aldendu zen eta Afrika iparretik etorritako aire beroa Iberiar penintsulan zabaldu zen. Aldi berean, Britainia Handiaren iparraldean zegoen behe presio gune bat, hegoalderantz abiatu eta aire hotz masa bat heldu zen Iberiar penintsulara. Urriaren 13an, ezegonkortasun atmosferikoa areagotu eta behe presio gune bat sortu zen Bizkaiko golkoan.

Uholdea

aldatu
Prezipitazioa urriaren 14tik urriaren 15era
Euria mmtan Herria

313mm Arditurri
237mm Legazpi
221mm Villabona-Amasa
204mm Errenteria
190mm Irun
190mm Eibar
173mm Bilbo (Sondika)

Behe presio guneak, hegoaldetik zetorren aire beroa eta iparreko aire hotza nahasten zituen, eta nahaste horren ondorioz, fronte bat eta garapen azkarreko prezipitazioak sortu ziren. Prezipitazioak izugarriak izan ziren ordu gutxitan, eta Urola, Deba, Oria eta Urumea ibaien urek Azpeitia, Azkoitia, Zestoa, Arrasate, Bergara, eta beste hainbat herriak urez bete zituzten.

Egun hartan, 300 litro baino gehiago jausi ziren Gipuzkoako hainbat tokitan, eta 200 litrotik gora Igeldo edo Errenteriako estazio meteorologikoetan. Euritearen indarraren adibide urriaren 14ean Igeldon gaueko hamaiketan bost minututan jasotako 11,2 litroak. Ibaiek bi eta hiru metroko maila gainditu zuten eta Tolosan esaterako denda gehienak urez bete ziren.

Gipuzkoaz gain uholdearen eragina Bizkaian ere nabaritu zen, Bilboko Errekaldeberri eta Abusu auzoetan esaterako, eta kostaldeko beste hainbat herritan (batez ere ekialdekoetan Gipuzkoako mugatik gertu).

Eragina azpiegituretan

aldatu

Euren trenbide, zubi eta tuneletan jasotako kalte handien ondorioz, jada krisiak jota zeuden Plazaolako trena eta Bidasoko trena behin betiko itxi behar izan zituzten handik urte gutxira, konponketa gastuei aurre egin ezin zietela.

"La Guipuzcoana" autobusaren istripua

aldatu

Uholde haietako gertakaririk larriena La Guipuzcoana autobus konpainiaren autobus batek izandako istripua izan zen. Autobusa urriaren 14eko arratsaldeko seietan atera zen Donostiatik. Zestoako Iraeta auzoaren parean, autobusa ez atzera ez aurrera geratu zen, motorrean ura sartu zelako. Autobusa handik ateratzeko zerbaiten bila joan bitartean, ura gorantz joan zen, eta minutu gutxitan metro eta erdikoa zen uraren altuera.

Autobusaren barruan hogeitabost pertsona inguru zeuden, eta batzuk barrutik ateratzea lortu zuten arren, barruan hamasei pertsona geratu ziren, kanpora ateratzera ausartu ezinik. Autobusa soka batekin eusten saiatu ziren, baina azkenik gaueko ordu bietan, soka apurtu eta autobusa urak eraman zuen barruko hamasei pertsonak hil zirelarik.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu