Edukira joan

1983ko uholdeak

Wikipedia, Entziklopedia askea
1983ko uholdeak
Map
Motauholde
Denbora-tarte1983ko abuztuaren 25a - 1983ko abuztuaren 27a
KokalekuEuskal Herria
HerrialdeaEspainia eta Frantzia
Pertsona hilak39
Pertsona desagertuak8

1983an uholdeak gertatu ziren Euskal Herrian.[1] Lekurik kaltetuenak Bilbo eta Ibaizabal ibarra izan ziren Bizkaian, eta Laudio eta Aiarako harana Araban. Guztira 39 hildako eta 8 desagertu egon ziren, eta kalte ekonomikoak 200 000 milioi pezetara (1200 milioi euro) iritsi ziren.[2]

1983ko abuztua orokorrean hilabete euritsua izan zen, egun askotan egin zuen euria. Baina hilaren bukaerako euriteek meteorologo guztien iragarpenak gainditu zituzten. Abuztuaren 25ean, Gipuzkoatik heldu zen ekaitza, eta bertan eurite handiak izan baziren ere, ondorengo orduetan Bizkaian are indar handiagoarekin bota zuen euria. Ipar Euskal Herrian, bestetik ere, kalte handiak izan ziren.[3][4]

Bilboko itsasadarra Arriaga parean

Uholdeak gertatu zirenean Bilbo jaietan zegoen, artean Bilboko Aste Nagusia sortu berria zegoen (1978an) eta Arriaga antzokiaren ondoan betiko moduan txosnak zeuden. Horrez gain, Bizkai osotik jaiez gozatzera ehunka pertsona etorriak ziren, eta hirian jende asko batua zen. Abuztuaren 25etik hasita euriak Bilboko itsasadarraren kolorea horitu zuten, horrez gain, Ibaizabal ibaiak zuhaitz enbor eta bestelakoak zeramatzan.[5]

Euriteek indarra hartzen zihoazen heinean, Bilbotarrak kezkatzen hasiak ziren. Okerrena abuztuaren 26ko gauean gertatu zen, itsasadarra bere bidetik irten zen Zazpikaleetan, hiriko gunerik baxuenean alegia. Uraren mailak lau eta bost metroko altuera hartu zuen Alde Zaharreko gune batzuetan. Done Jakue plazan esaterako, itsasadarraren maila berberean egoteagatik, kotxe ugari pilatu ziren eta ura lehenengo solairuetara iritsi zen.

Bilboko itsasadarra, Atxuri parean

Alde zaharrarekin batera kalte handiak izan ziren hiriko eraikin garrantzitsuetan, Arriaga antzokian, Erriberako merkatuan, Done Jakue katedralean, San Anton elizan... Horrez gain, gizabanako bat hil zen, Alde Zaharreko etxe abandonatu batean bizi zen eskale bat. Zorionez, hilak ez ziren gehiago izan hirian, nahiz eta botatako euria izugarria izan zen. Espainiako Meteorologia Institutuak (INM), 503mm neurtu zituen egun hartan Larraskituko behatokian. Sondikako aireportuan neurtu zenaren bikoitza alegia.

Peñascal auzoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iturrigorri edo Peñascal auzoa Errekaldeberri ondoan dago. Auzo horretan kaltea handiak eragin zituena ez zen itsasadarraren gorakada izan, ordea, itsas mailatik 100 metro gorago baitago: buztina eta harriak izan ziren hondamendia ekarri zutena. Peñascal auzoak badu ondoan harrobi bat, harrobi horrek eman zion izena auzoari 1950eko hamarkadan eraikitzen hasi zirenean.

1983ko uholdeak gertatu zirenean, harrobia aspaldi abandonaturik zegoen. Harrobia itxi zenetik pilatutako harri eta landaredia ezberdinak, tapoiaren efektua egin zuen euria jausten hasi zenean. Ondoko mendietatik zetorren euri eskerga pilatuz joan zen harrobian, eta gehiegizko mailara iritsi zenean lehertu, auzoan zehar maldan behera abiatuz.

Harri, buztin, enbor eta bestelakoek auzoko etxeak birrindu zituzten. Buztinak etxebizitzen lehenengo solairuetara ailegatu zen, pertsona askoren biziak arriskuan jarriz. Pertsona askoren etxeak erabat deseginda geratu ziren, eta etxeetako asko behera bota behar izan zituzten.

Ibaizabal ibaia Basauri parean

Uholdearen eraginak okerragoak izan ziren Bizkaiko beste udalerrietan, Etxebarri eta Galdakaon esaterako. Uholdeek hildako gizabanakorik gehienak bi udalerriotan izan ziren. Galdakaon, Ibaizabal ibaiaren ondoko etxe bat eraman zuen urak, bertako sei pertsonekin batera.

Industriak ere kalte handiak nozitu zituen. Erliebe zaila dela eta fabrika eta enpresa gehienak ibaien ondoan kokaturik egoten dira. Horrek eragin bikoitza izan zuen ibaien mailak gora egitean. Batetik kalte ekonomiko handiak izan zirela, eta bestetik gai toxiko eta arriskutsu asko garraiatu zituztela ibaiek. Hondartzetan, zegoen kutsadura itzela zela eta, bainatzea debekatu egin zen.

Bizkaiko kostaldeko herri asko inkomunikaturik geratu ziren, Bakio eta Bermeo esaterako. Bakiora Espainiako Armadak janaria eta edaria eraman behar izan zuen. Bermeoko kasinoa erabat birrinduta geratu zen, eta kotxe asko porturaino eraman zituen urak.

Nerbioi ibaiaren hazteak kalte handiak sortu zituen Laudion. Hiriko kaleak urez bete ziren, eta bost gizabanako hil ziren.[6] 21 urteko neska bat uretatik erreskatatzera sartu ziren guardia zibilen taldea urak eraman zuen: lau guardia zibilak eta neska hura ere hil ziren.

Gipuzkoako dozenaka udalerrik izan zuten eragina. Lurraldeko industria-egiturak bakarrik izan zituen galerak, eta orduan indarrean zegoen monetaren 17.500 milioitan ebaluatu ziren, gaur egun 105 milioi euro inguru izango lirateke. Gipuzkoa izan zen hildakorik izan ez zen lurralde bakarra. Uraldiak aparteko erregistroak utzi zituen 25etik 27ra bitartean: 199 litro Errenterian, 231 Elduainen, 177 Hernanin, 244 Legazpin, 234 Azkoitian, 259 Arantzazun edo 219 Bergaran. Gipuzkoan, Oiartzun, Urumea, Oria, Urola eta Deba ibaien arroak izan ziren zigortuenak, baita Bidasoaren goiko zatia ere.[7]

Azpiegiturei eginiko kalteak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Industriak ez ezik, trenbide eta autobideek kalte handiak jasan zituzten. AP-8 autobidea moztu behar izan zuten bi egunetan, Malmasingo tunelak urez bete zirelako. Euskal Herritik igaro behar izan zuten kamioilari eta turista asko aurrera egin ezinik geratu ziren horrela.

Horrez gain, urak, zubiak aurretik eraman zituen, Erandioko Lutxana auzoan esaterako. Consulado de Bilbao itsasontzia Uribitarten lotua, kaiaren kontra hondoratu zuen urak. EuskoTreneko trenak txikitu zituen Bilboko Atxuri auzoan, eta bertako tren geltokia erabat txikiturik geratu zen.

Artean krisialdi ekonomikoan sarturik zegoen Bilbo Handiko eskualdeak kalte handiak jasan zituen, garai hartako 200.000 milioi pezeta (1.200 milioi euro). Espainiako gobernuak eremu katastrofiko izendatu zituen Bizkaia eta Arabako iparraldea.

Hondamendiaren datuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • 39 hil eta 8 desagertu
28 hil eta 4 desagertu Bizkaian
6 hil Laudion, Araban
5 hil eta 4 desagertu Lapurdin

Uholdeen eragina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uholdeen ondoren elkartasuna zabaldu zen Bizkaia osoan zehar. Jendeak elkarri lagundu zion eta diru-laguntza berehalakoa izan zen. Etxerik gabe geratutako pertsonei laguntzeko kanpamendu bat antolatu zen Bilboko Garellanoko koarteletan. Hilabete batzuk geroago San Mamesen futbol partidu bat antolatu zen uholdeen biktimentzako dirua biltzeko.

Uholdeak erantzun bat sorrarazi zuen Bilbotarrengan. Berreraikitzeko eta berritzeko gogoa, zulotik ateratzeko gogoa nagusitu ziren. Horrela, esan liteke 1983ko uholdeak izan zirela Bilbok gaur egun bizi duen berritzearen abiapuntua. Esaterako, uholdeen ostean zehaztu zen Alde Zaharra berriztu eta peatonalizatzeko plangintza.

Zorrotzaurreko penintsularen hirigintza-garapenean ere ondorioak izan zituen, uharte bilakatuko baitzuten, balizko etorkizuneko uholdeei ganoraz erantzuteko.[8]

1983ko uholdeak zineman

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1985ean, Pedro Oleak Bihotzez film laburra plazaratu zuen. Film dokumentala da non uholdeak eta Bilboko Alde Zaharraren errekuperazioa erakusten den. Dokumentalak Espainiako film labur onenari eskainitako Jinete Ibérico saria eskuratu zuen, 1985ean “Ciudad de Huesca” Film Laburren Nazioarteko Jaialdian.[5]

1983ko uholdeak literaturan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2022an, Dolores Redondo Esperando al diluvio (Bartzelona: Destino, 2022. ISBN 9788423362479 ) eleberria plazaratu zuen, thriller bat Bilboko uholdeen egoeran egokituta.[9]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) «La mayor catástrofe de Euskadi, las inundaciones de 1983, cumple 30 años - El Día - Hemeroteca 26-08-2013» eldia.es (El Día) (Noiz kontsultatua: 2021-08-06).
  2. «1983ko uholdeek dozenaka hildako eragin zituzten Euskal Herrian» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-08-26).
  3. (Gaztelaniaz) Barbería, José Luis. (1983-08-27). «La provincia de Guipúzcoa permaneció ayer aislada, y con la incertidumbre de nuevos aguaceros» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2023-08-26).
  4. ««1983ko uholdeak izugarriak izan ziren Senperen»» Kazeta.eus 2021-12-15 (Noiz kontsultatua: 2023-08-26).
  5. a b Olea, Pedro. (1985). «Bihotzez (Pedro Olea, 1985)» filmoteka.eus: 1'20-3'20. (Noiz kontsultatua: 2023-01-02).
  6. «1983ko uholdeak, Laudion» GAUR8 (Herritar Berri SLU) 2019-08-08 (Noiz kontsultatua: 2023-08-26).
  7. (Gaztelaniaz) Peñalba, Javier. (2018-08-26). «El verano en el que Gipuzkoa quedó cubierta de agua y lodo» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2023-08-26).
  8. (Gaztelaniaz) «Zorrozaurre se protegerá de inundaciones con un muro y tres tanques de tormenta» El Correo 2016-07-27 (Noiz kontsultatua: 2023-08-26).
  9. (Gaztelaniaz) Redondo, Dolores. «Esperando al diluvio - Dolores Redondo» Planetadelibros (Noiz kontsultatua: 2023-08-26).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]