Leize-hartz
Leize-hartz | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Carnivora |
Familia | Ursidae |
Generoa | Ursus |
Espeziea | Ursus spelaeus Rosenmüller, 1794
|
Datu orokorrak | |
Altuera | 3,5 m |
Masa | 1.000 kg |
Leize-hartza (Ursus spelaeus) Europan Pleistozenoan bizi eta duela 27.500 urte inguruko Azken Izotz Gehienezkoan iraungi zen hartz-espeziea izan zen. Leize-hartza izen arrunta eta spelaeus izen zientifikoa espezie honetako fosilak leizeetan aurkituak izatearen ondorioak dira.[1] Europako haitzulo batzuetan, milaka hezurrez osaturiko pilaketak aurkitu dira; izan ere haitzuloetan sartzen zien negua bertan lo emateko, eta maiz gosez eta indar faltagatik hiltzen ziren handik atera gabe.
Leize-hartzen eta hartz arreen jatorria lotuta dago: orain dela 1,2 milioi urte sortu ziren biak. Leize-hartzaren arbaso berriena Deninger hartza (Ursus deningeri) da; Deninger hartza antzekoa da, baina txikiagoa eta ez hain indartsua. Bizkaian, aurkitu dira U. deningeri hartzaren aztarna osoak, Raneroko Santa Isabel kobazuloan (Karrantzan).
Hartz hauek Europako kuaternarioko megafaunaren ordezkari nagusietako bat dira. Erdi Pleistozenoaren amaieran eta Goi Pleistozenoan bizi izan zen eta orain dela 24-26 mila urte, Goi Pleistozenoaren bukaeran, desagertu zen betiko, hotz handi-handiko aldi batean. Espeziearen iraungipenaren arrazoia oraindik ere eztabaidagai da, baina gaur egun gehien onartzen diren hipotesiek bi kausa nagusi aipatzen dute: alde batetik, landaredia nabarmen murriztea klima hoztearen ondorioz; eta bestetik, gizakien presioa, ehizagatik eta animalien gordelekuen okupazioagatik.
Ugaztun haragijaleak izanik ere, haien dieta gehienbat belarjaleena zen (fruituak, belarrak, sustraiak, baiak eta abar), eta, dirudienez, hildako beste leize-hartz batzuen haragi ustelaz ere elikatzen ziren. Ziurrenik ez ziren gaur egungo hartzak bezain orojaleak, baina belarjale hutsak ere ez.
Espeziea duela 250 000 urte agertu eta duela 24 000 urte inguru desagertu zen, eta ia soilik Europan bizi izan ziren, eta beren lurraldea glaziazioak mugatu zuen. Denbora horretan eremu menditsuetan bizi izan zen, bereziki kareharrizko kobazulo ugari zeuden tokietan eta basoetan, ordoki eta larre-lautadetatik aparte. Populazio handienak Iberiar penintsulako iparraldean, Frantzian, Ingalaterrako hegoaldean eta Alemanian, Italiako iparraldean, Balkanetan, Krimean eta Kaukasoan, iparraldeko haizeetatik babestutako eremuetan. Maximo glaziarretan baso eremu horiek gutxitzen joan zirenez, leize-hartzen populazioak bakarturik eta odolkidetasunaren menpe gelditu ziren. Luzaroan desagertzeko zorian egon ziren, sekula ugari izan gabe.
Aztertu diren aztarnategien arabera, Iberiar penintsulan populazio bereiziak aurkitu dira: kantaurialdekoa, ipar-mendebaldekoa, pirinioaldekoa, mediterraneoa eta zentrala. Kobazuloetan hibernatzeko ohitura berankorra izan zela dirudi, Erdi Pleistozenoko aro hotzek horretara behartuta. Kantaurialdekoan sartzen dira Euskal Herriko kobazuloetan topatu direnak: Ekain, Izturitze, Amutxate, Troskaeta, Arrikrutz, Lezetxiki, Muniziaga, Askondo, Astigarragako kobea, Koskobilo… Milaka urtetan bizitoki izan zituzten kobazuloetan ongi gorde dira haien aztarnak, bertako giro bereziak babestuta.
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Izan diren hartz handienetako bat da, 130 cm-ko altuera baitzuen soingurutzean, egungo Kodiak hartzen (Ursus arctos middendorffi) eta hartz zurien (Ursus maritimus) pare. Batez besteko pisua, arrena, 350-600 kilogramokoa zen, eta emeena, berriz, 225- 250 kilogramokoa. Banaketa eremuan tamaina desberdineko arraza geografikoak ere sortu ziren.
Leize-hartzek buru-hezur zabala eta gangatua zuen, eta kopeta irten samarra. Gorputz sendoa, izter luzeak, bernazaki handiak eta oin birakariak, hartz arrearen antzera, beraz, hezurduraren egiturari dagokionez. Espezie hau eta beste hartz-espezie garaikide batzuk bereizten dituzten ezaugarri nagusiak hauek dira: muturra ez hain luzea, kopeta zanpatua eta konkortua, hagin handiak, batez ere belarjaleak baitziren, eta aurreko hankak atzekoak baino luzeagoak eta sendoagoak, bizkarrari arku itxura ematen diotenak. Leize-hartzek ez zuten aurreko haginik, beste ursido espezie batzuek ez bezala, eta, hori konpentsatzeko, azken hagina oso luzea zen eta gailur gehiago zituen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Torres Pérez-Hidalgo, Trinidad José (eta beste batzuk). La Historia del Oso de las Cavernas, vida y muerte de un animal desaparecido. Nuevas aportaciones de la excavación de la cueva de Amutxate (Aralar, Navarra)[Betiko hautsitako esteka]. (2013).